PSN eta BILDU

BILDU-K izan dezake arrazoirik pozik egoteko Nafarroan, PSN eraikitzen ari den eskeman –ez dugu haiekin hitz egingo, baina botoak onartu bai– jarraitzen du aldaketaren giltza izaten eta. Nork esango zion halakorik Batasunari duela urte batzuk. Madrilen eta boteretsuen begietara, gainera, jarraitzen du izaten arriskutsua eta, beraz, Espainian manipulagarria. Batetik, PPri ondo datorkio beti mamu bat izatea, baina bestetik ez zaio samurra bere publikoari azaltzea ETA guztiz gainditua dagoela eta porrot egin duela (haien “dena da ETA” ikuspegitik begiratuta, jakina) eta gero, adibidez, Bildu gobernu bat kanporatzeko giltza gisa aurkeztea. Azkenean, Nafarroako hauteskundeak aurreratuko balira, bere aurkako mezuarekin Bildu mesedetu besterik ez luke egingo PPk.

Bildu, gainera, dagoeneko ez da Bildu bakarrik eta datozen hauteskundeetan EH Bildu izango da Nafarroan ere. Hau da, gaur egun, Nafarroako Legebiltzarrean Bilduk eta Aralar-Nabaik 13 parlamentari dituzte –PSNk 9– eta hori izango da, hain zuzen, datu ikusgarrienetako bat hurrengo hauteskundeetan ea EH Bilduk Nafarroako bigarren indar politikoa izatea lortzen duen. Samurra ez du izango, besteak beste Geroa Bairen indarra bere egungo bi parlamentarien kopuruak adierazten duena baino askoz handiagoa izango delako. Denak adierazten du lehia handia izango dela EH Bilduren, Geroa Bairen eta PSNren artean, azken honek bere kartak ondo jokatzen baditu behintzat, nahiz eta oraingoz ezin esan horretan asmatzen ari denik.

Nafarroan aldaketa nahi duenak ezin du Madrilen eta Nafarroan aldi berean berdin egon, hori UPNk eta PPk egin dezakete, baina ez PSNk. Eta horretan ari dira Jimenezen alderdikoak legealdiaren hasieratik.

Bere interesei begira Madrilek erdigunean Bildu jartzen badu ere, PSN da egiazki aldaketaren erdigunean dagoena. Geroa Bai, Aralar-Nabai, Bildu eta Ezkerra aspaldi daude ados UPNren gobernuari amaiera ematearekin, baina PSNren botoak ezinbestekoak dira, eta hauek ostegunera arte ez dute erabakiko zentsura mozioarekin bat egiten duten ala ez. Eta ez da erraza ulertzea PSNren jokaldia. Otsailaren 12an esan zuten Idoia Nievesek esandakoak egia zirela frogatuz gero, Barcinaren dimisioa eskatuko zutela eta honek dimititu ezean, zentsura mozioa izango zela. Bada, oraingoz huts egin dute berriz. Nafarroako Legebiltzarreko ikerketa batzordeak frogatutzat eman du hori, baina PSNk atzera egin du eta orain Yolanda Barcina arbuiatu du, zentsura mozioaren erabakia bere lurralde batzordearen esku utziz.

Baliteke guztia zentsura mozioa hobeto borobiltzeko jokaldia izatea, horrela Ferrazek atzera bota nahi izatekotan ez luke egin beharko bakarrik zuzendaritzaren aurka, PSN osoaren aurka baizik. Eta teorian, PSOEk PPren erasoari aurre egiteko argudio bat ere eraiki du –“ez dugu Bildurekin hitz egingo”–, nahiz eta denok jakin hori bost axola zaiela PPri eta brunete mediatikoari eta ez dagoela eraso hori saihesterik. Badirudi batzuetan antzerkia egitea ezinbestekoa dela, arazoa da, PSNrekin nekez asma daitekeela noiz den antzerkia eta noiz ez. Hilaren 6an bere lurralde batzordea bildu arte, beraz, ate guztiak irekita dira, baita zentsura mozioa ez aurkeztearena ere, nahiz eta honek PSN oso egoera larrian jar dezakeen.

Antzerkiarena askotan gertatzen da alderdien esparruan eta ez da praktika ona, besteak beste herritarrak nahasten direlako, baina antza denez saihestezina da egungo politika ereduan. Egia esan, PSN eta PSOE bultzatzen ari direna –Bildurekin ez hitz egitea– errealitatean gezurra izateaz gain, ez da batera pedagogikoa gizarteari begira, herritarrei elkarrizketaren balioa saldu beharrean, bazterketarena saltzen baitzaie. Bildurekin ere hitz egitea litzateke logikoena eta, ondoren, nahi den erabakia hartzea. Zorionez, alabaina, saltzen den jarrera ez da egiazkoa, PSNk eta PSEk Bildurekin normaltasunez hitz egiten dutelako ia instituzio guztietan eta askotan adostasunetara ere iristen direlako, Bildurekin urteko aurrekontuak adosteraino (2013koak Gipuzkoako Diputazioan eta Donostiako Udalean). ETA jardunean ari zenean ere ez zen eraikitzailea –ezta egia ere– elkarrizketa ezaren mezua, baina bere jardun armatua utzi eta bere armak desegiten ari denean are gutxiago.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude