argia.eus
INPRIMATU
Parpaila atergabe
Edu Zelaieta Anta 2014ko otsailaren 26a

Diruaren balada entzun nion kaleko trobadoreari gitarra eskuan: “Kanta dezaket eta esan / ez nabilela diru truke hemen / nahiz eta txanpon batzuk eskatzen ditudan / kalean abesten jarraitzearren”. Aldarrika ikusi nuen ondotik, txapela pasatu bidenabar: “Diru truke egiten ditudan gauzak / aitortzeko modukoak dira, zorionez. / Sosak ditugu munduan agintari nagusi / agintari nagusiek bestelakorik badiote ere”.

Eta bai: maizkara aritzen gara ekonomiaren gainean, gauzei balio jakin bat (eta bakarra) eman nahian. Brechtek Merkatariaren kantuan adierazi bezala: “Nik ez dakit zer den arroza / haren prezioa besterik ez dakit”. Halarik ere, batzuetan diru kontuak baino ez jakinagatik ere, nekez aitortzen dugu zenbateko soldata jasotzen dugun. Botoa bezain librea da soldata, librea bezain tabua. Norbaitek esaten digunean zenbat irabazten duen sandiak edo berendiak, informazio pribilegiaturen jabe sentiarazten gaitu konfidentzialtasunak. Ahogozoa egiten zaigu. Belarrigozoa.

Trobadoreak arrazoi: “Diru truke izan nahiz ez, parpaila / ari du atergabe, bai eta guardasolpean ere”.