"Dena ezin da aldebakartasunez egin"


2014ko martxoaren 02an

EH Bilduk esan du ETAren pausoak balio politikoa duela. Zertan arrazoituko zenuke?

Esango nuke mugarri bat jarri duela. Egiaztatze talde hau lanean hasi zen ETAk su etena iragarri zuenean, hori egiaztatzeko. Aldiz, orain beste egiteko bat hartu dute, ETAk erakutsi du borondatea baduela armategiak zigilatzeko eta hori egikaritzeko lana bere gain hartu dezala eskatu dio talde horri, ikusita Parisko eta bereziki Madrilgo gobernuak duten jarrera. Horregatik du garrantzia, ETAk oztopo guztien gainetik urratsak ematen segitzeko borondatea adierazten duelako, eta ez arrisku gutxi hartuta, egiaztatzaileek adierazi duten moduan.

Batzordeko kideek onartu dute hemendik aurrera oso zaila izango dutela desarmea egiaztatzea gobernuen inplikaziorik gabe.

Honek ageriago uzten du gobernuaren jarrerak ez duela zentzurik eta oztopoak jartzen ari den bakarra bera dela. Bere itsukeria justifikatu nahian argumentuak aldatzen joan da. Lehenengo zen ETAk utzi behar zuela, gero zen desarmatu egin behar zela... Ba hemen dago desarmerako borondatearen benetako erakusle bat. Egiaztatzaileek esandako datu bat adierazgarria da: munduan ez da inoiz horrelakorik gertatu aldebakartasunez. Horrek dituen abantailak dira baldintzarik gabe ari zarela eta konbentzimenduz ari zarela adierazten duela.

Batzuk hor ari dira urratsa handia edo txikia izan ote den, niretzako ez da tamaina kontua, kualitatiboa da gehiago. Gizartearen gehiengo batek oso garbi zeukan duela bi urte ETAk zer esan zuen, eta orduan esan zuena da garrantzitsuena, baina urratsez urrats oraindik ageriagoan geratzen ari da bake eta konponbiderako benetako aukera baten aurrean gaudela eta ezin dela pasatzen utzi. Baina Madrilgo gobernuaren parte hartzea beharrezkoa da, dena ezin da aldebakartasunetik egin.

Ikusmin eta itxaropen handia sortu du agerraldiak. Zer diozu horretaz?

Uste dut itxaropenarena ez dela protagonista izan direnen ardura, baizik eta besteena. Denok autokritika egin behar dugu gure ardurez, komunikabideek ere bai. Sentsazioa dut itxaropen handiak sortu nahi izan direla, edozer zetorrela ere, indarrak kendu aldera. Ez dut uste urrats txikia denik, egiaztatzaileek esan dute beharrezkoa zen urratsa izan dela, hori gabe ezin dela desarmerako prozesua hasi.

Hainbeste urratsekin ez al dago jendartea nazkatzeko arriskurik?

Prozesu bat da, ez gertakari bat, eta prozesu batek eskatzen du urratsak ematea. Noski, nahiago genuke urrats gutxiago eta horiek denbora laburragoan ematea; hori jendarteak, eragileok eta ausartuko nintzateke esatea bai egiaztatzaileek eta baita ETAk berak ere nahiko luketela. Seguruenera, jendarteak, uste duena baino giltza garrantzitsuagoa dauka hori posible izateko: Estatua mugituko bada, neurri handi batean jendeak hori eskatu diolako izango da. Beraz, jakina arrisku hori badagoela, baina Ram Manikkalingamek esan zituen bi hitzekin geratuko nintzateke: prozesua sinesgarria eta esanguratsua dela.

Nola ikusten duzu Iñigo Urkullu lehendakariaren papera?

Pausoa bera kokatzerakoan esan zuen, aldebakarrekoa, baldintzarik gabea, fidagarria eta ziurra dela. Termino horiek inportanteak dira. Egiaztatzaileak presio eta irain askoren pean ari dira lan egiten, eta bai haiek eta baita prozesuak berak ere babes instituzionala behar du. Gainera Urkulluk esan zuen batzordearen lanari babesa ematen jarraituko duela. Askotan esan dugu Urkulluk baduela lidergo paper bat hemen, ez soilik begiralearena. Espero dut hitz horien atzean konpromisorako ahalegin bat egotea, alde positibo horri egin nahiko nioke azpimarra.

Babes instituzionaletik harago, zure ustez laguntza teknikoa eman al dezake Eusko Jaurlaritzak?

Uste dut egiaztatzaileak ez direla ausartzen esaten hori egin daitekeenik hemengo mailan, Madrilgo gobernuak parte hartu gabe. Baina ni ez naiz aditua horretan. Seguru Urkulluk asko duela egiteko, hori garbi daukat. Euskaldunon izenean Madrili presio egitea oso inportantea litzateke, ez bakarrik desarmearen prozesuan. Hemen badago beste esparru bat premiazkoa, gatazkaren ondorioena; beste karril horretan ere urratsak eman behar dira. Denoi tokatzen zaigu gauzak egitea eta mugitzea, baina bakoitzak daukan tokia eta pisua dauka eta berak ere badu bere zeregina.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETAren desarmatzea
Urtebeteko eta bi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu prokuradoreak Molle eta Etcheverry bakegileentzat

Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute... [+]


Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan "kooperatu" zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


2024-04-02 | Leire Artola Arin
Molle eta Etcheverry bakegileek Parisko Auzitegian defendatu dute ETAren armagabetzea zutela helburu

ETAren armak eta lehergaiak garraiatzea leporatzen diete Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etcheverry 'Txetx’ bakegileei, 2016ko Luhusoko operazioaren harira. ETAren armagabetzea gauzatzen ari ziren. Egindakoaz harro dagoela eta berriz ere egingo lukeela adierazi... [+]


'Bakegileak' errugabetzeko eskatu dute hainbat eragile eta sindikatuk

Txetx Etxeberrik eta Beatrice Mollek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana epaituko dute Parisen, apirilaren 2an eta 3an. Mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko zapi hiriburuetan apirilaren 3rako.


Luhusoko auziperatuen errugabetzea eskatzeko kanpaina aurkeztu dute

Apirilaren 2an eta 3an iraganen da Beatrice Molle-Haran eta Txetx Jean-Noël Etcheverryren aurkako auzia Parisen, 2016ko abenduaren 16an Luhuson buruturiko ETAren armagabetze zibilaren harira. Errugabetzea eskatzeko kanpainaren baitan izenpedura bilketa abiatu dute. Lehen... [+]


Eguneraketa berriak daude