"ETA desagertzear da zatiketarik, oinordekorik gabe"


2014ko martxoaren 02an

Nola baloratzen duzu egiaztatzaileen ekitaldia?

2014ko otsailaren 21a egun historikoa izan da. Historikoa gure neurrira, noski, inoiz ahaztuko ez dugun horietakoa –1998ko irailaren 16a, 2006ko martxoaren 22a edota 2011ko urriaren 20a bezain historikoa, egun “txarrak” kontuan hartu gabe–. Eta “egun historiko” guzti horiek bezala, gazi-gozoa izan zen niretzat; horrelako egunetan azken urteotan gertatutako sufrimendu guztia burura datorkit eta.
Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeak ekitaldi solemnean, Carlton Hotelean, bere azalpenak ematea aukeratu zuen. Hau ere kontuan hartzeko modukoa da. Oso ekitaldi laburra eta serioa, itxaropenaz eta jakin-minez betea. ETAren amaieraren azken berriak eman behar zizkiguten eta hau, noski, ez zen txantxetakoa.

Egiaztatzaile horiek nor diren eta zer ibilbide izan duten ezagututa, argi dago aurreko otsailaren 21eko ekitaldiak benetako garrantzia zuela. Zalantzarik gabe, horrelako nazioarteko adituek ez zuten horrelakorik antolatuko berri garrantzitsurik ez bazegoen. Gainera, aditu horien jarduerak berme berezia eman dio ETAren azken erabakiei. Ez dezagun ahaztu sei egiaztatzaile hauek gatazka larri eta luze askotan jardun dutela: Sri Lanka, Ipar Irlanda, Hego Afrika, Kosovo, Tanzania, El Salvador, Guatemala, Nepal, Libia… Beraz, ostiraleko ekitaldi horren inguruan sortu ziren jakin-min eta zalaparta guztiz justifikatuta zeuden.

Baina ez nuke alde batean utzi nahi ekitaldi “ofiziala” eta gero, Batzordea Euskal Herriko hainbat eragile politiko eta sozialekin bildu zela, azalpen gehiago emanez. Oso adierazgarria izan zen bilera hau gizarte honek etorkizunerako daukan premia ezagututa.

Orokorrean, bada, ekitaldi historikoa, etorkizun baketsuaren bermea berresten diguna.

Jendaurrean ezagutzera emandakoa espero zenuena da? Espero baino gehiago da? Gutxiago?

Egia esan, beharbada, desarmearen edukia eskas xamarra iruditu zitzaidan. ETAk zigilatutako materialaren inbentarioa –horrela du izena egin zuten ziurtagiriak – ez da gauza handia: arma, leherkari eta gailu gutxi dira hor azaltzen direnak. Ez dakiguna da ETAk oraindik mantentzen duen armategiaren zer ehuneko den zerrenda horretan azaltzen dena. Baina hortik aurrera egin daiteke hausnarketa sakonagoa: A) ETAri eragile sozial eta politiko askotatik –Foro Soziala barne– eskatu zaio desegite eta desarmatze prozesu bat garatzea eta bururaino eramatea. B) prozesu horrek, adituek diotenez, kontrolatua, ordenatua eta adostua behar du izan. C) prozesu hori zentzuzko denbora tarte batean gauzatu beharko litzateke eta erakunde independenteen parte-hartzea eta laguntza burutzea derrigorrezkotzat jotzen zen.

Bestalde, kontuan hartu behar da bere historian lehen aldiz ETA desagertzear dagoela, oinordekorik gabe, zatiketarik gabe. Testuinguru honetan ezinbestekoa da desarme prozesu hori baldintza horietan egitea, gizarteak behar duen segurtasuna bermatu ahal izateko. Badirudi ETAk hasi duen desarmatze prozesua bide horretatik doala eta irizpide horiek guztiak betetzen ari dela. Hona hemen azpimarratu behar den puntu positibo garrantzizkoa.

Bestalde, oso positiboa da Egiaztatzaileen Batzordeak emandako berriak ziurtatzen digula ETA tinko mantentzen dela bere erabakian eta bere egiturak desegiteko pausoak ematen hasi dela. Beraz, esan genezake ETAren amaieraren lehen urratsa dela. Espero dezagun laster hurrengoak ezagutzea.

Azkenik, baina garrantzi berebizikoa duen beste puntu bat azaldu nahi nuke: aldebakarreko pausoa izan dela, Egiaztatzaileek azpimarratu zutenez. Hau da: ETA desarmatzen hasi da inolako baldintzarik gabe, inolako negoziaziorik gabe, Espainiako Gobernutik oztopoak bakarrik jasotzen ari den arren. Egiaztatzaileek esan dutenaren arabera datu hau oso bitxia da eta, beraiek ezagutzen dutenez, kasu bakarra nazioartean.

Zein da Eusko Jaurlaritza eta lehendakaria jokatzen ari diren rolaren balorazioa?

Eusko Jaurlaritzak, Lehendakaria buruan, Egiaztatzaileen lanarekiko hartu duen jarrera ausarta eta leiala izan da: ausarta, presioak jasango zituela bazekielako; leiala, gizarte honi zor dion lanari ekin diolako arlo honetan ere, gizarte honen itxaropena ezagututa. Leiala baita ere Egiaztatzaileekiko eta bake eta elkarbizitzarako prozesuarekiko.

Lehendakaria bi aldiz bildu zen Batzordearekin Bilbon. Gainera, beste bitan bildu zen Madrilen igandean, Auzitegi Nazionalera deklaratzera joan behar izan zutenean –munduan zehar inon gertatu ez den bezala, Egiaztatzaileen esanetan–. Horrela, ezinbestekoa den babesa eman zaie Egiaztatzaileei eta prozesuari. Euskal gizarteari derrigorrezkoa den lidergoa badagoela esan zaio portaera honekin.

Egiaztatzaileek aditzera emandakoa ezagutu ondoren, nolakoa izango da Espainiako Gobernuaren jarrera?

Nahiz eta saiatu, Espainiako Gobernuak ezin izan du ukatu pauso positiboa izan denik. Baina hor gelditu da bere ekarpena. Gainera, bere jarrera oztopatzailea da eta ez du onartzen ETAk berea egin duela eta gizarte honek aurrera egin nahi duela, nahiz eta batzuek hauteskundeekiko kalkulu interesatuekin jarraitzen duten.

Euskal jendartea jabetzen da ostiralean eman zen urratsaz?

Euskal gizartea, orokorrean, oso kontziente da gertatzen ari den guztiaz. Gizartea bera da hau guztia bultzatzen ari dena orain urte asko hasita. Beraz, pazientzia handiz bada ere, urratsei ongi etorria ematen die eta, noski, urrats gehiago eta, batez ere, behin betikoak ematea eskatzen du –dugu– elkarbizitza sendotu ahal izateko.

Zer gehiago eskatuko zenioke ETAri eta zein epetan?

Nik ETAri eskatzen diot erabateko desarmea eta egituren desegitea eta nire bizitzatik erabat desagertzea epe zentzuzko batean, hau da, ahalik eta azkarren, egindako mina guztia aitortu eta gero (beste hainbatek egin behar duen moduan).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETAren desarmatzea
Urtebeteko eta bi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu prokuradoreak Molle eta Etcheverry bakegileentzat

Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute... [+]


Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan "kooperatu" zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


2024-04-02 | Leire Artola Arin
Molle eta Etcheverry bakegileek Parisko Auzitegian defendatu dute ETAren armagabetzea zutela helburu

ETAren armak eta lehergaiak garraiatzea leporatzen diete Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etcheverry 'Txetx’ bakegileei, 2016ko Luhusoko operazioaren harira. ETAren armagabetzea gauzatzen ari ziren. Egindakoaz harro dagoela eta berriz ere egingo lukeela adierazi... [+]


'Bakegileak' errugabetzeko eskatu dute hainbat eragile eta sindikatuk

Txetx Etxeberrik eta Beatrice Mollek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana epaituko dute Parisen, apirilaren 2an eta 3an. Mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko zapi hiriburuetan apirilaren 3rako.


Luhusoko auziperatuen errugabetzea eskatzeko kanpaina aurkeztu dute

Apirilaren 2an eta 3an iraganen da Beatrice Molle-Haran eta Txetx Jean-Noël Etcheverryren aurkako auzia Parisen, 2016ko abenduaren 16an Luhuson buruturiko ETAren armagabetze zibilaren harira. Errugabetzea eskatzeko kanpainaren baitan izenpedura bilketa abiatu dute. Lehen... [+]


Eguneraketa berriak daude