Sentipen kontrajarriak


2014ko martxoaren 02an

60ko hamarkada aldera izan nuen Espainiako Polizien berri. Hamazazpi urte nituen kuadrillako bi lagun atxilotu, egurtu eta bi egunera inongo akusaziorik gabe libre utzi zituztenean. Ordurako, jada deseuskaldundua nintzen, hiritarra izan nahi nuen, mundu moderno estandarreko biztanle. Eta euskarak baztertzen ninduen, ni ez nintzen baserritarra. Atxiloketa hark barrena mugitu zidan. Manzanas izeneko komisarioaren berri ere orduan izan nuen, bi lagunak ostiatu zituena zen bera hain zuzen. Egoera haren oinarria ezagutzea bilakatu zitzaidan obsesio. Belarri onekoa, politikan aurkitu nuen mundu berri bat, ezkutukoa, arriskugarria. Inguru hurbilean joan nintzen ezagutzen zenbait jenderen mundutxo konspiratzailea, ezkutuan zeramatena, fidagaitza. Erakarri ninduen eta pixkanaka nire egin nuen. Lehentasuna hartu zuen, eta ordura arteko zaletasunak gibelean uzten hasi nintzen. Euskara, berdintasunean oinarritutako gizarte berria, Euskal Herria.

Hori guztia gauzatu nahi izanak ETAra eraman, eta koartelilloan eta komisaldegian bukatu nuen. Bertan ikasi nuen tortura ez zela filmetako elementu dramatikoa, tortura gure inguruan bizi ziren polizi batzuen ohiko jarduna zen. Gure auzoan bizi ziren, haien seme alabak gure artean zebiltzan. Kartzelan hartu nuen determinazioa, neure bizia burkideekin batera aipatu hiru helburu horiek lortzeko zuzenduko nituen motorrak eta ibilgailua. Beste guztia, horren peko. Laurogeiko hamarkadan hasi nintzen borroka armatua desegokitzat jotzen. Inertziak inertzia, ez nion etekinik aurkitzen eta sozialki ahultzen gintuela baieztatzen hasi nintzen, inguruko zenbait lagun eta lagun-minen desadostasun mingarriak minbizi.

ETAk ekintza armatuak albora uzten zituela iragartzeak poztu ninduen, Aljerreko porrotak eragin zidan frustrazioa arinduz. Lagunak dauzkat kartzelan eta erbestetan. Emozionalki gaizki daramat aldebakarreko prozesu hau, lagunen bukaerak gehiago arduratzen nau erakundearenak baino. Politikoki erakundeak duinki bukatuko duela ez dut dudarik, eta bere jendearen alde ahal duen guztia eginen duela badakit. Baina nik ez bezala, bere bizitza osoa honetan eman duen gehiegi ezagutzen dut, holako bukaera inoiz gertatuko ez zenik sinetsita dena inbertitu duen lagun sobera dut, politiko profesionalen jardueratik at gure laguntza partikularra beharko duten horiek dute nire barrena okupatzen. Sentipen kontrajarrietan bizi dut hau. Burua eta barrena bi eginda.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETAren desarmatzea
'Bakegileak' errugabetzeko eskatu dute hainbat eragile eta sindikatuk

Txetx Etxeberrik eta Beatrice Mollek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana epaituko dute Parisen, apirilaren 2an eta 3an. Mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko zapi hiriburuetan apirilaren 3rako.


Luhusoko auziperatuen errugabetzea eskatzeko kanpaina aurkeztu dute

Apirilaren 2an eta 3an iraganen da Beatrice Molle-Haran eta Txetx Jean-Noël Etcheverryren aurkako auzia Parisen, 2016ko abenduaren 16an Luhuson buruturiko ETAren armagabetze zibilaren harira. Errugabetzea eskatzeko kanpainaren baitan izenpedura bilketa abiatu dute. Lehen... [+]


2021-01-07 | ARGIA
Mikel Barriosen aurkako 5 urteko kartzela zigorra berretsi du Parisek

Dei Auzitegiak bat egin du ekainean Parisko Zigor auzitegiak hartutako erabakiarekin eta kartzelara itzuli beharko du iruindarrak, baina oraingoz prokuradoreak ez du data jakin bat finkatu.


2020-10-20 | Euskal Irratiak
Egoitz Urrutikoetxea
"Badirudi Frantziako justiziarendako, negoziazio batzuetan parte hartzea, gaizkile elkarteko kide izatea eta ekintza terroristak prestatzea dela"

Josu Urrutikoetxearen aurka bi auzi iragan behar dira aste huntan Pariseko auzitegi korrekzionalean. Biak ere ETA talde armatuko kide izateagatik dira, baina mementu desberdinetan.


2020-06-24 | ARGIA
ETAren desarmatzea auzitan jartzen duten argudioekin, Frantziak bost urteko espetxe zigorra ezarri dio Mikel Barriosi

Bost urteko espetxe zigorra jarri dio astearte honetan Parisko Auzitegi Korrekzionalak Mikel Barrios Iruñeko preso ohiari. Datorren astelehenean sartu beharko da berriro kartzelan.


Eguneraketa berriak daude