2011ko urtarrilaren 10ean “nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkor eta orokorra” iragarri zuen ETAk. Aurretik, Bruselan, gatazken konponbidean adituak diren hainbat pertsona esanguratsuk “benetan egiaztatzeko moduko” su-etena eman zezala eskatu zioten. Espainiako Gobernuaren erantzuna hau izan zen, Rubalcaba ministroaren ahotik: “Estatu demokratiko batean, egiaztatzen dutenak segurtasun indarrak dira”.
2011ko iraila: Egiaztatze Batzordea abian
2011ko irailaren 28an, Brian Currin abokatu hegoafrikarrak sustaturik, ETAren su-etena egiaztatzeko nazioarteko batzordea (NEB) osatu zen, Ram Manikkalingam Sri Lankako gatazkan aditua buru zuela. Aste gutxira, 2011ko urriaren 20an, ETAk borroka armatua utzio ziola zioen komunikatu historikoa irakurri zuen.
2012ko urtarrila-maiatza: su-etena egiaztatuta
Euskal Herrira egindako bidaietan NEBk hainbat eragileren eskutik ziurtatu ahal izan zuen ETAk “hilketak, atentatuak, mehatxuak eta estortsioak” egiteari utzi ziola. Era berean, azaldu zuen ETA prest zegoela Espainiako eta Frantziako gobernuekin desarmeaz hitz egiteko. Ordurako PPren esku zegoen Espainiako Gobernuaren erantzuna hau izan zen: “Gobernuak ez du egiaztatzailerik behar ETA desegiten dela konprobatzeko”.
2013ko otsaila: Osloko mahaia deseginda
2013ko martxoaren 5ean Norvegiak ETAko hainbat kide kaporatu zituen. Oslon elkarrizketarako azpiegitura zegoen antolatuta eta egiaztatzaileak bertan izan ziren. ETAk geroago salatu zuen Espainiako inteligentzia zerbitzuek zuzenean eraso eta saboteatu zutela mahaia. Aldi berean, gogorarazi zuen desarmearen gaia ez zegoela egiaztatzaileen esku.
Egun batzuk lehenago, Parisen epaitzen ari zirela, Garikoitz Aspiazuk komunikatua irakurri zuen ETAren izenean. Armagabetzeaz hitz egiteko prest zeudela berretsi zuen eta Frantziako Gobernuari “konponbidean murgiltzeko” eskatu zion: “Gure konpromisoa benetakoa da, ez dago amarrurik”.
Bestalde, NEBeko kideak Bilbon izan ziren 2013ko otsaileko egun nahasi horietan. Kezka azaldu zuten urrats gehiagorik ez zelako eman: “Irailean gure lana berraztertuko dugu eta ez bagara baliagarri prozesua indartzeko, ez dugu jarraituko”, esan zuen Manikkalingamek. Hainbat hedabide espainolek zabaldu zuten egiaztatzaileek sei hilabeteko ultimatuma eman ziotela ETAri desarmatzen hasteko.
2013ko apirila: egiaztatzaileen rol aldaketa
Joan den asteko agerraldian jakinarazi zutenez, ETAk desarmea egiaztatzeko eskatu zien NEBko kideei 2013ko apirilean. Haiek zeregina onartu zuten. Urte bereko irailean erakunde armatua lehen pausoa emateko prest azaldu zen. Ordurako, Eusko Jaurlaritzak desarmean izan zezakeen zereginaz hitz egiten zen. Estefanía Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren esanetan Ertzaintza “erabat prestaturik” zegoen halako zeregin baterako. Urtea amaitzerako desarmerako zurrumurru eta eskariak ugaritu ziren; Sortuk ere “beharrezkotzat” jo zuen desarmea, bakerantz egiteko.
2014ko urtarrila: desarmearen lehen urratsa
Manikkalingamek eta Kasrilsik Okzitaniako Tolosako toki ezezagun batean egiaztatu zuten ETAk arma kopuru jakin bat zigilatu zuela. 2014ko otsailaren 21ean NEBk publiko egin zuen desarmearen lehen urratsa eta BBCk une hartako bideoa argitaratu zuen.
Covite biktimen elkarteak eta fiskaltzak eskatuta, Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak lekuko gisa deklaratzera deitu zituen NEBko kideak. PPko buruzagi González Pons-ek honakoa esan zuen: “Egiaztatzaileek ETArentzat egiten dute lan”.