Jendartetik dator aldaketa Nafarroan

  • Ideia bat dabil Nafarroan. Ahoz aho hedatzen doa aldaketa sozial eta politikoaren beharra. Eta bada, gauzak errepikatzearen errepikatzeaz bete egiten direla dioenik. Ez da kasua. Horregatik, aldaketa amets izatetik errealitate izatera pasa dadin, lanean ari da Aldaketa Sozialerako Batzarra. Praktikak balio duelako. Edo, batzarraren beraren hitzetan, “pasibotasunak akabatu egiten dituelako aldaketarako grinak”.

"Jendartea aldatu behar dugu dena aldatzeko" dio Ainara Oyaga Nafarroako Aldaketa Sozialerako Batzarreko kideak. Herritarrak batzea dute oraingo erronka. Bide horretan, apirilaren 12an egingo duten mobilizazioa mugarri izatea nahi dute.

Gisa honetako ekimen askotan bezala, pertsona gutxi batzuen kezkatik abiatu zen mugimendua, duela urtebete inguru. Denborarekin joan zitzaien jendea hamarnaka batzen, gaur egungo amalgama osatzeraino. Ainara Oyaga eta Iñaki Justes dira pertsona horietako bi. Batzarrean dabilen jendearen aniztasuna nabarmendu dute, baina alderdi edo sindikatu jakinen izenak aipatu gabe, “inork atzera egin ez dezan”. Nafarroako Aldaketa Sozialerako Batzarra osatzen duten horien zerrenda egin digute: “Ikusezinak, herritar hutsak, abertzaleak, espainol errepublikazaleak, sozialistak, komunistak, feministak, ekologistak, euskaltzaleak, transexualak, antikapitalistak, deshazkundearen aldekoak, internazionalistak...”. Sendo mintzo da Justes: “Trantsiziotik hona, Nafarroan hainbeste jende ezberdin elkartzen den lehenbiziko aldia da”.

Pertsonengan jarri nahi dute pisua, norberarengan. Baina, era batera edo bestera, argi dago aniztasuna. “Transbertsalitatea”, euren hitzetan. Eta Justesek argi dauka horren garrantzia: “Iritzi eta ibilbide politiko-sozial ezberdinetakoak izanda, transbertsalitaterik ez badago, akabo, ez dago batzeko modurik”. Horixe da hain zuzen ere ekimen honen funtsa eta zentzua: ezberdinak batu, diferentziak ahaztu eta puntu komunen gainean lan egin. Halaxe azaldu du Oyagak: “Antzekoekin elkartzerakoan helburuak azkarrago lortu izan ohi dira. Gu mantsoago goaz. Baina bidea elkarrekin egitea bera da helburu”.

Bide horrek, dagoeneko, eman ditu bere lehen fruituak. Kostata, hala ere. “Bakoitzak bere motxila zekarren, eta hasiera ez zen erraza izan” dio Justesek. Baina bideak, eta orain arte egindako hiru asanbladek, askotarako balio izan dute. “Bakoitzak bere helburuak alboan utzi ditu nolabait, denok eroso egoteko”. Idei horrekin bat dator Ainhoa Aznarez, batzarreko kidea hau ere: “Konfluentziarako esparru bat partekatu nahi dugu. Sentsibilitate ezberdinak dauzkagunokin bateratzen gaituen gune eroso bat eraiki”. Konfluentzia horretatik adostasunak etorri dira, eta kontsentsuz, oinarrizko aldarrikapenak jasotzen dituen dokumentua osatu dute. Hamalau ardatz ditu agiriak, hasi eskubide sozial eta ekonomikoetan, eta bake prozesuraino. Tartean, besteak beste, euskararen aldeko jarrera eta erreforma fiskalaren beharra daude.

Baina zehaztasunez harago, argia da helburua: Nafarroan aldaketa politiko eta soziala gauzatzea. Elkarrekin doaz bi hitzak, politikoa eta soziala, lehenak ez duelako zentzurik bigarrenik gabe. Horixe da hain zuzen Justesen kezka: “Nafarroako Gobernuan aldaketa ematea posiblea da, eta ez da hain zaila. Baina horrek ekarriko al du benetako aldaketa? Nik zalantza daukat horrekin. Benetako aldaketa politikoa lortzeko, aldaketa soziala baita beharrezkoa”. Eta aldaketa horrek, Oyagaren ustez, “sakona” behar du izan, “ez dugulako adabakirik behar”.

Jendartea aldatu, dena aldatzeko

Nafarroako jendarteak badaki zer den aldaketaren ataritan egotea. Baina badaki ere zer den aukerak alferrik galtzen uztea. 2007ko kasua da adierazgarriena, PSOEk PSNri debekua ezarri zionean NaBairekin batera gobernu bateratua osatzeko, nafarren nahiari bizkarra emanez. Horregatik, ikusteke dago herri mugimenduan emandako aliantzak eremu instituzionalean errepikatzen ote diren. Hori, edonola, garrantzitsua izanda ere, bigarren mailakoa da Aldaketa Sozialerako Batzarreko kideentzat. Jendartea aldatzea da euren erronka, hala, instituzioak aldatzera behartzeko. “Jendartea aldatu behar dugu dena aldatzeko”, dio Oyagak.

Oinarri baten gainean mintzo dira: gizartea bestelako balore eta praktiken arabera funtzionatzeko gai bada, instituzioek aldatzera behartuta ikusiko dute euren burua. Eta horrek, orain arteko inertziak errotik eraldatzea dakar: “Orain aukera dugu konturatzeko sistemak ez duela inoiz funtzionatu, baizik eta zu zeundela irabazleen aldean” —dio Oyagak—, “orain zuri egiten dizutena zuk beste batzuei egiten zeniolako”. Balioez ari dira, balio ekologikoez, aberastasunaren banaketaz, demokrazia parte hartzaileaz... Herritarrek martxan jar ditzaketen alternatibetan sinesten dute, eta hortxe ikusten dute aldaketarako pizgarria. “Ez badugu behetik ezer aldatzen, alferrik”, dio Justesek laburbilduta.

Finean, pertsonen protagonismo hori da, euren ustez, alderdiengandik bereizten dituena. Aznarezek argi dauka ezberdintasuna: “Kalean gauzak ezberdin ikusten dira. Jende askok urrun ikusten ditu alderdi eta sindikatuak, beste orbita( ) batean bueltaka baleude bezala”. Eta kezka horrek eraman ditu, bere esanetan, herri mugimendu hau antolatzera: “momentua da orain arte erabilitako joerak aldatu eta herritarron beharrei aurre egiteko bestelako esparruak eraikitzeko”.

Esparru hori eraiki dute dagoeneko, eta geroz eta herritar gehiago batzea da oraingo erronka. Bide horretan, apirilaren 12rako deitu duten mobilizazioa mugarri izatea nahi dute. Festa giroan antolatuko dute, herritarren arteko “elkar ezagutza” bultzatu asmoz.

Ikusteke dago horren guztiaren emaitza, Nafarroan aldaketa gauzatuko ote den, alegia. Eta galdera, hala planteatuta, “zientzia fikzio hutsa” da Justesen arabera, “ez baitago jakiterik”. Baina argi du zein den Nafarroako Aldaketa Sozialerako Batzarraren eginkizuna, “aldaketa hori gauzatzeko bidea erraztea”, alegia. Diskurtso horrekin bat dator Aznarez ere: “Aldaketak ez dira berehala egiten, masa kritiko handia behar da horretarako. Gure betebeharra indarrak bateratu eta aldaketarako espiritua eraiki eta zabaltzea da”. Eta momentuz, pausu txiki baina sendoz, bide hori egiten ari dira.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako politika
Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak

Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


Asiron: “Iruñeko eredua esportagarria dela erakutsi behar dugu”

Larunbatean 100 egun bete ziren Joseba Asiron aginte makilaz jabetu zenetik, abenduaren 28an, Iruñeko Udalaren historiako lehendabiziko zentsura mozioaren bitartez. Lasai hartu du Euskalerria Irratia udaletxeko Harrera Aretoan, egindako lanaz harro. “Hiru hilean... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude