Zentzu erantsiaren zerga(tia)

Antton Olariaga

Umetako argazkiak: denera, ez dut uste dozena batera iritsiko direnik nireak. Gaztetakoak, beste horrenbeste, pare bat gehiago beharbada. Gutxi ez ezik, kaxkarrak: urrutiegitik hartuak, gaizki laukiratu eta okerrago fokatuak. Zorionez: hartara nire baitan geratzen baita hortik aurrerakoa, nahi bezala irudika dezadan izan nintzen umea, nerabea, gaztea. Edo izan ez nintzena baina izatea desio nukeena. Ez irudikoa, irudimenekoa baizik. Benetakoa, alegia.

Gure garaiotako ezaugarri behinenetakoa dela esango nuke, une bakoitza bere argazkian zintzilikatzeko joera dontsu hori: “Hona zu, jaio eta bost segundora; horra zure lehen negarraldian; hara, aurreneko putza bota ostetxokoa...”. Aspaldian ikusi dudan filmik onenean (La grande bellezza, nik Edertasun latza itzuliko nukeena) artista baten erakusketa agertzen da. Jaio zenean, aitak ekin zion berari egunero argazki bat ateratzeari, eta gero artistak berak jarraitu zuen bere buruari egunero argazki bat ateratzen. Atera kontu: artistak 30 urte zituela jota, hamaika mila argazki, gutxi-asko.

Umeak eta uneak. Ezin bere kabuz ibiltzen utzi, ez batzuei ez besteei. Jardunbide naturalean, denborak bihurtzen du umea heldu, eta une jakin bat gogoangarri. Denborak, ez argazkiak.
Rubert de Ventós filosofo handi eta maixu kuttunak ohi bezain zorrotz dioenez, horixe da gure garai biguin-higuinotako sintomarik kezkagarrienetakoa: ezin dugula ezer (gauza, une, ideia, sentipenik) bere horretan, gordin (hitzaren saldan egosi gabe) irentsi. Tira: ezin dugula, edo ez garela ausartzen.

Horregatik ezartzen diogu gauza, une, ideia eta sentipen bakoitzari, BEZ halako bat bailitzan, bere zentzu erantsia, inor ez dadin deskuidatu, gero, interpretazio okerrik egitera, edo, bestela esanda, inor ez dadin bere kabuz pentsatzera ausartu.

Baina bada argazkiaren zentzu erantsia ezartzeko aitzakian unea zapuztea baino okerragorik: ateratzen den unean berean argazkia ikusi behar deitoragarri hori: “O, begira zeinen polit ageri garen hemen!”. Horrela egindako argazkiak, bertan ikusi eta artxibatu egin ohi dira, sekula berriz ez ikusteko karpetan sarri. Gaurko teknologiei esker, nahi izanez gero berreskura daitezke, noski, argazkiok, baina nork nahiko du berreskuratu argazkia ateratzearren oharkabean alferrik galdu zitzaizkion uneetako argazkirik?
Instantean egin daitekeena geroko uztearen arriskuez mintzatzea barkagarria zatekeen hamazazpigarren mendean. Gure denboran, ordea, arras bestelakoa da arriskua, eta estimatuko nuke Axular berri bat, berehala egin litekeen guztia berehala egitearen arriskuez ohartaraziko ligukeena.

Axularren Gero argitaratu baino bi mila urte lehenago, hor nonbait, bizi izan zen Platon, eta hark ere idatzi zuen hemen harira datorren pasarte bat, ipuin gisakoa: idazketa alfabetikoa asmatu zuenak enperadorearengana jo omen zuen sari eske, bere asmakariak giza oroimena izugarri handituko zuela argudiatuz. Enperadoreak, baina, hil arteko zigorra ezarri omen zion, bere ustez asmakari horrek indartu ez baizik erabat ahulduko zuelako giza memoria, gizakiaren baitatik kanpoko euskarri batera aldatuta.

Platon eta Axular, biak izan ziren, bakoitza bere erara, itzaletan adituak. Axular, berea galduta, itzal bila beti; Platon, aldiz, itzaletan galduta, gauzak non aurkituko. Baina biek zekiten gauzak eta itzalak bereizten. Gu, berriz, hemen gabiltza, gauzen itzalei argazkia egiteak gauzon jabe bihurtzen gaituelakoan, harro bezain putz.


ASTEKARIA
2014ko otsailaren 23a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxegabetzeak
Etxegabetzeak 48 ordutan burutu ahal izateko lege aldaketa proposatu du EAJk

EAJren asmoa da legezko aldaketa azkar bati ekitea, 48 orduko epean etxegabetzeak egin ahal izateko etxebizitzak okupatzen diren kasuetan.


Iruñean familia bat etxegabetuko dutela salatu dute Harituk eta Jaki Tokik

Bilatu dituzten beste etxeetako jabeek ez diete etxerik alokatu nahi izan familia ugaria, soldata bakarra eta atzerritar jatorrikoak izateagatik.


2024-02-13 | ARGIA
Hamabi familia etxetik bota nahi dituzte Pasaian, trenbide zati bat egiteko

Pasaiako portuko langileen familiak bizi diren Trintxerpeko etxebizitza bloke bat bota nahi dute Pasaiako Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak, 400 metro inguruko trenbide zati bat egiteko. Lau hilabetetan etxea utzi behar dutela ohartarazi diete.


Bilboko etxegabetzearen aurka protestan ari direnen kontra oldartu da Ertzaintza

Ostiral goizerako zegoen ezarrita etxegabetzea eta horren kontrako protestara dei egin du Bilboko Etxebizitza Sindikatuak. Protestan ari direnen aurka oldartu da birritan Ertzaintza, eta dagoeneko pertsona bat atxilotu du, Gedar-ek jaso duenez. Etxegabetzea burutu dute.


Eguneraketa berriak daude