Aurretik saihestu edo ondo jasaten ikasi

  • Urumea eta Donostiako alde zaharra ez dira Britainia Handia. Ez neurritan. Baina ezta ere naturak gizakiaren hautu okerrei erantzunez eragindako hondamendien inguruko eztabaiden mailan. Britainiar asko ari da hausnarrean oraingo uholde errepikakorren aro izugarriaz. Dena ez dela konpontzen hormigoizko horma berriekin.

INGALATERRAREN HEGOALDEA nozitzen ari den bi hilabeteko uholde katastrofikoak badauka antza pittin bat asteotan euskal itsas hegiak jasan duen itsasaldi bortitzarekin eta Gipuzkoan Urumea ibarrak gero eta maizago bizi dituen uholdeekin. Han bezala hemen gizakiaren jardun industrialak eragindako klimaren aldaketaren zantzuak aipatzen dira, arrazoiz. Baina, aldi berean, gizakiek lurralde antolamenduan egindako pettoak ere badaude auzitan.

Euskal kostaldean zaharrenek ere ez dute gomutan asteotakoak bezalako uhinik. Ingalaterran ez omen du segidan hainbeste euri egin inoiz azken 248 urteotan. Sabuespenezko gertakari urria ala klimaren erotzearen arrasto goiztiarra? Klima aldaketaz eztabaidatzea libre dela dirudi. Aldiz, lurraldearen planifikazioan egindako astakeriak gutxiago haizatzen dira hedabide nagusietan, horien kulpanteak bizirik, aberats eta hurbil dauzkagulako.

Olatuek Donostiako alde zaharra eta zubiak matxuratu berritan, Noticias de Gipuzkoari deklaratu dio Urumearen bokaleko dike berria diseinatu zuen José María Medina Villaverde ingeniariak: “[Groseko] hondartza turistikoaren prezioa zen Salamanca pasealekuak olatu gehiago jasatea”. Abisatu omen zion Odon Elortza orduan alkate zenari orain baga handiek txirtxilatu dituzten etxeek aurrerantzean “pittin bat deserosoago” bizi beharko zutela. Berriak pozik utziko zituen Alde Zaharreko biztanleak. Aseguru konpainiek ere ba ote zekiten?

Britainia Handian asko ari da aipatzen asteotan ea zerk larriagotu dituen eurite handiek eragindako uholdeak, eta zer egin daitekeen aurrerantzean horiek saihesteko. Ibaiak drainatu beharra exijitu dute ibarretako herritar askok, garbi ditzatela hondoak, bazterretako zuhaitzak ebaki, eraiki beharreko hormak azkar zutitu...

Honek guztiak diru publikoa eskatzen duenez, politika ekonomikoaren alorreko irakurketa dator kexuokin. Europan neoliberalismoaren aitzindaria izan den Britainia Handiak urte luzez murriztu dituenez inbertsioak azpiegituretan, izan trenetan edo ospitaleetan, Cameronen gobernuari presio egin diote ibaien kanalizazio hobea eskatzen duten jendeok.

Badauka honek paralelismo bat urtea joan eta urtea etorri Gipuzkoan Urumearen amaierako herrietako biztanleek agintariei egiten dizkieten eskariekin: draga ezazue ibaia, murruak egin bazterretan, erriberetako defentsak handitu.

Baina, ikusi nahi duenarentzako, gero eta maizago jazotzen diren uholdeok nabarmen erakusten dute badirela hor gauza estrukturalagoak betonezko pareta gehiagoz konponduko ez direnak.

Ingalaterrako hegoaldean edo Donostialdean bezala mundu osoan, ibaiak tarteka beretzako hartzen dituen eremuetan eraiki dira etxebizitzak eta beste ekipamendu asko. Hainbeste doktorego tesi sustatzen dituen Euskal Herriko Unibertsitateak badauka bat oraindik faltan: zehazki zenbat metro kubikotan murriztu da Urumearen ibarraren edukiera 1960tik 2014ra bitartean? Datu horrekin Txomin-eneako auzotarrek hobeto ulertuko lukete beren etxepean ura zenbat zentimetroz goratu den.

Errekak kanalizatzea kalterako

Baina, Kantauri bazterretan ez bezala, Ingalaterran ari dira debatitzen ea zer pasatzen zaien beren ibaiei... osotasunean hartuta. Zeren eta ibarretan biltzen den ura, errekek goiko haranetan bildutakoa da. Errio bazterretako hiri planifikazio burugabea bezain kaltekorra gertatu baita azken ehun urtez landa eremuez egin den kudeaketa.

The Guardian egunkariak batu ditu analisi txit interesgarriak honetaz. Colin Thorne geografiako irakasleak plazaratu du "What Britain has to do if it doesn't want to live with floods (no, it's not dredging)”, alegia, britainiarrek uholdeetatik libratu nahi baldin badute ibaiak dragatzea ez den zerbait egin beharko dutela. George Monbiot ingurumeneko kazetari izarrak, berriz, idatzi du "Drowning in money: the untold story of the crazy public spending that makes flooding inevitable", euskaraz: “Dirutan itota: uholdeen jatorrian dagoen gastu publiko zoroaren kontakizuna”.

Monbiotek oroitarazi du nolaz duela 110 urte ohartuak ziren Pontbren eskualdeko baserritarrak, orain gainez eginda dagoen Severn ibaiaren hasierako mendixketan bizi zirenak, aldatu beharra zeukatela ordurako martxan hasten ari zen nekazaritza produktibista. Azienda handiagoak hazteko inguruko basoak eraistea, belazeen ertzetako sastrakak suntsitzea, ur xirripa txikiena kanalizatzea... justu kontrako jokabidea hartu beharra zegoela.

Berriro hasi ziren Pontbreneko laborariak zuhaitzak landatzen, pentze bazterretan hesi landarezkoak berriz ezarri eta abereei sastraka birrinduak eskaintzen bazkatarako, ostera simaurrak konpostatzen. Londrestik ikuskaritzan hara heldutako funtzionarioa harritu omen zen ikusirik eremu haietan euriteetako urak askoz hobeto kudeatzen zituztela baso eta zuhaitzek: horietan lurrak 67 bider ur gehiago xurgatzen du belaze baten zoruak baino.

Baina agintariek mende oso batez alderantzizko norabidean antolatu dute landa eremuetan inbertsio guztia. Ez bakarrik gutxi sustatu dutela zuhaitz landaketa, gainera baserritarrak derrigortu dituzte era planifikatuan sastrakak ebakitzera, aintzirak lehortzera, lurzorua konpaktatzen duen makineria erostera, simaurketa abandonatzera lurzorua pobretzen duen ongarri kimikoen faboretan. Eta kanalizatzera.

“Aspaldian –dio Monbiotek– uren kudeatzaileek uste zuten uholdeak saihesteko onena zela errekak zuzendu, kanalizatu eta dragatzea, ur gehiago eramateko gai izango zirelakoan. Laster ohartu ziren ez bakarrik gauzak okerragotzen ari zirela”. Une batean inguruetan jasotako uraren kopuru txiki bat baino ez du biltzen ibaiak, gehiena lurzoru eta erriberetan bildu beharra dago, horregatik dira hain garrantzizkoak lurzoru ona eta zuhaitz bezala sastrakak asko egotea.

Baina, gainera, ibai bazterrak kanalizatuz haiek dakarten uraren abiadura handiagotu dute ingeniariek, beheko ibarretako lur eta jendeen kalterako. Azkenean denek sufritzen dute. Mendialdeetan lurpeko ura gutxituz udan lehorteak ugaritzen dira. Ibarretan, uholdeak.

Klimaren aldaketak mundu osoan muturreko fenomenoak ugarituko dituela segurua dirudi. Horien artean bizirauten ikasi beharko dugu gizakiok. Hasteko, kalteak arintzeko ordez handiagotzen dituzten erabakiak azkar zuzenduz. 


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude