Partiturak osatzeko editorea sareratu du Tirikitraukik

  • Solfeorik gabe erakusten den eskoletako metodoa du oinarri on-line editore honek, eta edonoren eskura jarri du sortzaileak, Tirikitrauki musika-dendak, bere webgunean. Nork bere partiturak sortzeko, norberak sortutakoa sarean erabilgarri uzteko, aukeran.

Amaia Orexa eta Juanjo Manterola, Tirikitrauki musika-dendakoak. Haien ekimenez asmatu du Iametzak trikitirako partiturak sortzeko editorea.
Amaia Orexa eta Juanjo Manterola, Tirikitrauki musika-dendakoak. Haien ekimenez asmatu du Iametzak trikitirako partiturak sortzeko editorea.

Musikan, klasikoak eta tradizionalak nekez egin ohi dute bide bera. Joera hori instrumentu bati aplikatzen bazaio –demagun trikitiari, biolinari edo gitarrari–, berori erakusteko, transmititzeko edo sozializatzeko eratan ikusiko ditugu bataren eta bestearen arteko aldeak.

Trikitiak, oraintsu musika eskoletara heldu zenetik, dagoeneko bi moduak eskaintzen dizkio bidea urratu nahi duenari. Klasikoak, irakaskuntza arautuan eskaintzen denak, solfeoa du funtsa, eta instrumentua jotzen ikasi nahi duenak hari heldu behar dio hasteko eta behin. Modu tradizionalak –mundu osoan zabalduena musika-tresna diatonikoetan– garrantzi handia ematen dio belarriari, eta solfeo izpirik jakin behar izan gabe, sistema zifratu sofistikatu xamar baten bidez ematen zaizkio ikasleari musika-tresna jotzen hasteko irakaspenak. Zentrook, eskola sortu duten trikitilarien ingurumarian eratu izan dira usu, eta pertsonalagoak dira irakasterakoan.

Ez da horren aspaldiko kontua irakaslea eta ikaslea aurrez aurre jarri, eta batak besteari segika ikasten zueneko garaia. Elgeta (1906-1964) izan genuen soinua jotzen irakasteko lanak hartu zituen lehen trikitilari profesionala. Besterik ere behar zela konturatu eta idatzizko metodoa bilatzen hasitako lehenengoetakoa, berriz, Villabonako Martin izan zen. Halaxe hasi ziren apurka biribilak –hauspoa eragiteko moduaren arabera finak edo lodiak–, zenbakiak –sakatu beharreko teklaren adierazle–, puntuak –tekla sakatu behar duen hatza zein den argitzen dute–, azpi-indize eta goi-indizeak –sakatu beharreko tekla ezkerrekoa edo eskuinekoa den–, eta beste hainbat ikur baliatzen partiturak osatzeko.

Partiturak sortzeko sistema zifratua bai, beraz, baina eskuzkoa, papera eta erregela hartu eta norberak landu beharrekoa. Ausartenek, Photoshop, Freehand edo antzeko irudi programak baliatu izan dituzte ordenagailuan, baina eskuz nahiz ordenagailuz izan, partitura bakoitza lantzeko orduak eta orduak emanez, betiere.

Garai digitaletara egokitzeko beharraz oharturik, horra Tirikitrauki musika-dendak eman berri duen pausoa: partiturak idazteko editore librea, Iametza Interaktiboak garatua. Word programak idazteko balio digun bezala, erreminta horrek tresna diatonikorako partiturak erraz eta eroso sortzeko balio du. Behin osatuta, sortzaileak beretzat jaso dezake edo sarean ere utzi, besteentzat erabilgarri.

Informatikoki programatzeko, hutsetik abiatu zen Julen Irazoki: “bila aritu nintzen han eta hemen, baina ez nuen Tirikitraukiren tankerara egokituko zen ezer aurkitu inon. Bertzalde, tresna jotzeko metodoa ez da bat eta bera, eta tokian tokiko aldaerak ditu. Urtebeteko lana izan da, baina ederra, erabili ahala balioa handituko duena”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Anari Alberdi. Zazpigarren azalberritzea
"Nire eremua soziopoetika da"

Martxoaren 1ean elkartu gara Anarirekin, Giza zarata argitaratu eta biharamunean. Andoaingo poligono batean egin dugu hitzordua: han dauka taldeak entsegu-gela. Poster zaharrez eta instrumentuz inguratuta hitz egin dugu, alboko gelakoen erritmoez lagunduta. Larunbatean, hilak... [+]


2024-03-17 | Xalba Ramirez
'In' salto mesedez

Katuzaldia
Ezezez
Autoekoizpena, 2023

----------------------------------------------------

Inoiz ez dut jakin oso ondo zein den “rollo british” musikan, sekula ez naizelako bereziki zalea izan, akaso. Ezezez entzutean, ordea, ez dut dudarik zer esaten duten... [+]


Eguneraketa berriak daude