Azken migrazioa multikulturalismoaren aitabitxiarentzat

  • Stuart Hall kultur teorialari eta soziologo jamaikarra hil zen joan den astean. 82 urte zituen eta 1997tik zegoen unibertsitate irakaskuntzatik erretiratuta. Haren lanek eragin nabarmena izan dute XX. mendeko ikasketa kulturalen garapenean.
     

Otsailaren 10ean hil zen Stuart Hall, ikasketa kultural britainiarren figura ezinbestekoa.
Otsailaren 10ean hil zen Stuart Hall, ikasketa kultural britainiarren figura ezinbestekoa.The Guardian

1951n iritsi zen Britainia Handira Jamaikatik eta bidaia horrek bizitza osorako ekipajea eman zion: migrazioaren esperientzia. Stuart Hall posizio on xamarrean zegoen familia bateko seme –aita United Fruit konpainiako kontabilitate buru izan zen–, XX. mende erdialdean Karibeko irlatik Erresuma Batura aldatu zen gazte jamaikar multzo handiko kide zen.

Eskola britainiarra jaso zuen sorterrian, baina ez zen erabat eroso ingelesen artean, “arrotz ezagun” gisa imaginatzen zuen bere burua. Eta horrek bere lan teorikoan berebiziko eragina izan zuen. Imanol Galfarsoro Leedseko unibertsitateko irakasle eta Lapiko Kritikoa agerkari digitaleko kideak azaldu du: “Bere esperientzia migrariak halabeharrezko eragina du ‘diaspora’ nozioari esanahi berriak emateko orduan. Hallen arabera, mundu modernoan identitatea etengabe dago eraikuntzan. Identitatea joko zabal eta konplexua da eta inoiz ez dago guztiz osatuta”.

Hallek, hortaz, biak zeramatzan migratzailearen maletan, zama eta oparia: sorterriaren eta bizileku berriaren arteko harremanak negoziatzeko “kontzientzia bikoitza” garatzeko premia –Galfarsorok W. E. B. Du Bois soziologo estatubatuarra aipatuz dioen moduan–, eta prozesu hori inoiz bururaino eramango ez zuela jakiteak ematen zion zabaltasuna.

Birminghameko ikasketa kulturalak

New Left Review agerkari ezkertiarraren sortzaileetakoa izan zen eta Britainia Handiko intelektual gailenetakoa. Josu Amezaga EHUko irakasleak Birminghameko Centre for Contemporary Cultural Studies (CCCS) ikertegiko figura garrantzitsuenetakotzat jo du –1972an zentro horretako zuzendari izendatu zuten Hall–. Frankfurteko eskolarekin batera, ikasketa kulturalen azken hamarkadetako garapenean funtsezko gunea izan da CCCS. Bien arteko aldea zera da, Amezagaren arabera: “Frankfurteko eskola goi mailako arte eta kulturaren azterketan aritu zen gehien bat eta Birminghamekoa berriz, herri kulturan”.

Estatus gutxi daukaten forma kulturalak aztergai seriotzat hartu eta hariak lotuz, politikarekin eta boterearekin duten harremana zein den ikertzea hartu zuten helburu ikasketa kultural britainiarren sustatzaileek. Puntu komun garrantzitsua izan zuten Frankfurteko teorialariekin: “Bi eskolek bat egiten dute gizartearen inguruko ikuspegi kritikoan”, Amezagak azaldu duenez. Birminghameko ikerlarien lanak oihartzun zabalagoa izan zuten munduan ingelesez jardun zutelako; eta aldiz, Alemaniako teorialarien lan esanguratsu zenbait berandu arte ez ziren beste hizkuntzetan itzulita argitaratu.

Amezagak seinalatu du ondorengo hamarkadetan Hallen eta ingurukoen ildotik abiatuta zenbait egile “postmodernismo hutsalean” erori direla, baina uste du Ingalaterran lortu dutela zorroztasun kritikoari eustea.

Thatcherismoari kritika

Kultura eta identitatearen inguruko auzietan murgiltzeaz gain, Hall bizi zuen garaiko politikaren analisian ere aritu zen. “Antologikoa” da Galfarsororen ustez Margaret Thatcher Erresuma Batuko lehen ministroaren oinarri ideologikoei egin zien kritika.

Aretxabaletako irakasleak azaldu du pentsalari jamaikarraren arabera zein zen politikari kontserbadoreak ekarritako berritasuna: “Burutzen duen konbinaketan datza: nola batzen dituen gizabanako librearen eta merkatu librearen doktrina neo-liberalak ohiko Tory kontserbadorearen ikusbideekin: komunitate ‘organikoa’-ren zentzua, betiko balioetara itzuli beharra, tradizioa eta errespektabilitatearen filosofiak, patriarkatua (emakumeen ohiko betebeharra familian), ingelestasuna nazioaren erdigune gisa…”.

Nola uztartzen ziren baina horrelako baloreak geroz eta multikulturalagoa bihurtzen ari zen garaiko Erresuma Batuko gizartearekin? Antonio Gramsci teorialari marxista italiarraren “artikulazio” kontzeptua baliatuz esplikatu zuten Hallek Thatcherismoaren funtsezko operazio ideologikoa: “Kontzeptu giltzarria hemen ez da koherentzia”, Galfarsorok dioenez. “Tatcherrek bi pentsamendu kontrajarri artikulatu zituen batasun itxura sinesgarria eskainiz, arrakastaz. Hori da hegemonia. Artikulazio hegemonikoa”.

Eta Euskal Herrian?

Nolakoa izan da Stuart Hallen eragina Euskal Herriko jarduera akademikoan? Amezagaren ustez garrantzia hartzen ari da. Duela bi aste aurkeztu zen Josu Larrinagaren tesia (Ttakun eta scratch) jarri du adibide gisa, baita aurki Koldo Díaz Bizkarguenaga bilbotarrak irakurriko duen FaceGuk tesia ere. “Hall behin baino gehiagotan aipatzen da bietan”. Gurean marxismo klasikoago bat nagusi izan ez ote den galdetu zaionean, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakasleak dio balitekeela, baina Birminghametik gurean aplikagarriak ziren nozioak hartu izan direla. “Kontua da hizkuntza bezalako gaiak, adibidez, ez dituztela hainbeste aztertu”.

Hallek ikasketa kulturalen alorrean egindako ekarpenaz hizketan, Euskal Herrian alor horretako departamentu unibertsitariorik ez dagoelako arrangura agertu du Galfarsorok. Teorialari jamaikarraren heriotzaren berri ematen duen Argia.comeko albistearen iruzkinen atalean iritziak elkartrukatu dituzte Amezagak eta berak auzi horri buruz: EHUko irakasleak uste du ikerketa kulturalak presente direla Euskal Herrian, “nahiz eta izen bereko sailik ez dugun”. Eta galdetu du: “Izan beharko genuke? Ez dakit, lehenik ondo zehaztu beharko litzateke ‘Cultural Studies’ zer diren, izen horren azpian anabasa handia baitago. Bestetik, ezin dugu esan Euskal Herrian kultura gutxi ikertu denik, ikuspegi kritikoz gainera”.

Galfarsoro ados dago ikasketa kulturalen alorreko lan ugari plazaratzen direla esatean, eta zalantza agertu du berak ere horiek bateratzeko aukerari dagokionez. CCCS euskaldunak itxaron egin beharko duela dirudi beraz.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude