Pornoaren industriak eragiten dituen irabaziak zehaztea zaila da, nagusiki jardueraren parte bat legearen mugetatik kanpo egiten delako; The Observer aldizkariaren arabera Kaliforniako San Fernando bailaran kontzentratzen den industriak 13.000 milioi dolar inguru ingresatu zituen 2007an, eta horietatik 4-6 milioi soilik fakturatu ziren modu legalean. Kopuru zehatzik izan ez arren garbi dagoena da, San Fernandoko industriaren fakturazioak erraz gainditu zuela Hollywoodeko industriarena 2000ko hamarkadan.
Pornoak eragin handia izan du interneten. Besteak beste audio eta bideo streamingaren, geolokalizazioaren edo ordainketa sistemen garapena bultzatu du. Eta internetek ere eragin handia izan du industria pornografikoan. Pornoa internet bidez erostea erosoagoa eta pribatuagoa denez, sareak goitik behera aldatu du ordainpeko pronografiaren banaketa. Forbesen arabera, 2001ean internet bidezko pornoaren salmenta 1.000 milioi dolarrera iritsi zen AEBetan, aldizkari pornografikoen salmenta lehenengoz gaindituz. Orduz geroztik, euskarri fisikoen salmentak behera egin du, eta internet bidezko salmentak, aldiz, gora egin zuen, doako banaketak eztanda egin zuen artean behintzat.
Free Speech Coalition elkartearen arabera, 2009an industria pornografikoaren diru-sarrerek %30-50 egin zuten behera. 2007an, aktoreei 500 dolar ordaintzen zitzaien batez beste eszenako eta 2009an 300 dolar besterik ez. Beheraldia krisialdi ekonomikoari egotzi dakioke neurri batean, baina internet bidezko doako banaketak eragin handiagoa izan du. Eta ez soilik fakturazioan edo filmen aurrekontuetan, baita edukietan ere.
San Fernando bailarako ekoizpen komertzialek kalitate tekniko handia izan ohi dute, baina eduki estereotipatu klonikoak irudikatu ohi dituzte. Doako banaketa, aldiz, eduki anitzagoak eta errealistagoak ekartzen ari da. Pornoaren banaketa hosting zerbitzuen bidez egiten da nagusiki, hau da, Youtube moduko guneen bidez. YouPorn, Xtube, PornHub, RedTube, ExtremeTube eta halako plataformetan, erabiltzaileak igotzen ditu bideoak. Horietako asko film porno komertzialen zatiak dira, baina erabiltzaileek etxean egindako bideoak ere jartzen dituzte ikusgai. Porno amateurraren loraldiak mesede handia egin die errealismoari eta aniztasunari. Aipatutako webguneetako kategoria zerrendei erreparatuta, orotariko praktikak, genero konbinazioak, partaide kopuruak, adinak, gorpuzkerak, fetixeak... aurkituko ditugu. Esaterako, Hentai edo marrazki bizidun pornografikoak daude ikusgai, Instructional kategorian bokazio hezitzailea duten bideoak aurki daitezke, eta Female friendly etiketapean emakumeei zuzendutako bideo pornografikoak daude.
Hala ere, doako webgune hauetan porno komertzialak pisu handia du oraindik. Izan ere ordainpeko pornografia eskaintzen duten enpresa askok amuak (kalitate baxuko film zati laburrak) ipini ohi dituzte doako webguneetan, erabiltzailea beren guneetara eraman eta eduki osoa ordain dezala bultzatzeko. Azken finean, doako gune pornografikoek beste enpresa hauetatik eta publizitatetik lortzen dituzte irabaziak.
Pornografia “demokratikoagoaren” eredu nabarmenetakoa Porn For Everyone! (pornoa guztientzat) ekimena da. Charlie Spatsek sortutako queer porno ekoiztetxe kanadiarrak crowdfundingean oinarritzen du jarduera. Erabiltzaileak zenbait eszena doan ikus ditzake pornforeveryone.net helbidean, baina film osoak deskargatu nahi dituenak ordaindu egin behar du. Filmek ez dute prezio zehatzik, ikusleak nahi duena edo ahal duena ordainduko du, eta gainera borondatez ordaindutakoa zer ekoizpenetan inbertitu aukeratu dezake. Eta filmetan zer ikusi nahi duen iradokitzeko aukera ere badu. Ikusle huts, finantzari edo aholkulari izateaz gain, erabiltzailea aktore ere izan daiteke. “edozein genero, sexualitate, gorpuzkera, arraza edo trebetasun” duela ere. Pornoa guztiontzat eta guztiok egina.