Euskal Udalekuetan borondatez eta pasioz

  • Bernedon, Abaigarren eta Goñin antolatzen diren Euskal Udalekuek ia 50 urte daramatzate haur eta gaztetxoei euskal kultura, naturaren zaintza eta nazio-eraikuntzaren konpromisoa transmititzen. Gainontzeko udalekuek bezala aisialdirako gunea eskaintzen duten arren, badute zerbait berezia: antolatzaile guztien auzolanerako borondatea.

Bernedoko gazte eta hezitzaileak.
Bernedoko gazte eta hezitzaileak.

Ikastolen antzera sortu ziren. Ikasturtean zehar euskaraz aritzen ziren ume askok udan ez zuen hainbesteko aukerarik euskaraz mintzatzeko. Hutsune hori betetzeko helburuz elkartu ziren lehen aldiz Barriako monasterioan, hiru asteko egonaldia egiteko. Udalekuek, ikastolek bezala, erlijioan lan egiten zuen jendearen laguntza izan zuten hasieran. Hainbat udara arrakastatsuren ondoren, 1967-1968ko ikasturtean Saturraranera eta Debara aldatu ziren, eta orduan sortu ziren formalki Euskal Udalekuak.

Gaur egun, Urdirotzeko etxea itxi ondoren, hiru eraikin gelditzen dira Euskal Udalekuen baitan: Bernedokoa, Abaigarkoa eta Goñikoa. Etxe bakoitzak izaera eta antolamendu sistema berezkoa duen arren, hasierako xedeek bere horretan jarraitzen dute. Hiru etxeak daude Euskal Herriko natura aberatsaz inguraturik, euskara oinarri eta ondo pasatzeko pentsatuak.

“Udaleku guztietakoak zenbatuz, 6-17 urte bitarteko haurrak elkartzen dira udaro etxe hauetan”, dio Oier Peñagarikanok, Goñin hezitzaile. Txanda berean, hiru etxeetan adin bereko haurrak egon ez daitezen saiatzen dira, horrela adin jakin bateko haur batek data bat baino gehiago ditu aukeran. Bestalde, txanda bakoitzean 2-3 urteko tartea duten haur eta gaztetxoak elkartzen dira. Udalekuek, adinaren arabera, 9-15 egun irauten dute.

Boluntario

Hezitzailerik gabe Euskal Udalekuak ez lirateke ezer. “Hezitzaile hitza erabiltzea gustatzen zaigu begirale ordez; horrela etxe barruan dauden begirale, sukaldari eta milo –etxearen mantenuaren arduradun– guztiak zaku berean sartzen ditugu”, dio Txomin Azpirozek, Bernedoko hezitzaileak. Etxe bakoitzak guztira 120 hezitzaile inguru ditu, udan lau bat txandatan banatzen direnak; denek musu-truk egiten dute lan.

“Antolakuntzaren eskema bat egingo bagenu, goialdean bulegoa eta koordinazio mahaia egongo lirateke –dio Peñagarikanok–. Bulegoan langile bat dago, Euskal Udalekuetako liberatu bakarra, matrikulazioez, webguneaz edota tramiteez arduratzen dena. Koordinazio mahaia hiru etxeen barne-komunikazioaz, elkarlanaz eta propagandaz arduratzen da”.

Etxe bakoitzak bere antolakuntza propioa du. “Abaigarren, adibidez, hezitzaile guztiak asanbladan elkartzen gara urtean zehar, etxearen eta txanda bakoitzaren egoera nolakoa den eztabaidatzeko”, azaldu digu Laida Bengoak, bertako hezitzaileak. Goñin eta Bernedon berriz, normalean talde motor bat egon ohi da, hainbat ardura dituena: etxearen urte osoko mantenua, etxearen propaganda propioa edota udalekuen baloreen transmisioa.  “Udako txanda bakoitzean 30 bat hezitzaile baldin badaude, horietatik bi koordinatzaileak izan ohi dira, lantaldeak osatzeaz, hezitzaileak koordinatzeaz eta egunerokoa ondo joateaz arduratzen direnak. Horiek dira etxearen talde motorra osatzen dutenak”, adierazi du Bengoak. “Txanda bakoitzeko koordinatzaileek urteko konpromisoa dute soilik, urtero alda daitezke nahi badute”, gehitu du Peñagarikanok.

Urte osorako plangintza

Ez pentsa Euskal Udalekuen lana 9-15 eguneko txandetara mugatzen denik. Bilera anitz egiten dituzte ikasturte guztian, aurreko udaldia ixteko eta hurrengoa ondo prestatzeko. “Uda amaitzen denean, etxe bakoitzeko koordinatzaileak elkartzen dira amaitu den urtearen balorazioa egiteko– dio Azpirozek–. Hori eginda, ikasturtea amaitutzat hartzen da, eta hurrengo urtekoa prestatzen hasten gara. Urria eta abendua bitartean ez dugu apenas bilerarik egiten. Urtarrilaren amaierarako, ordea, hurrengo udako txanda bakoitzeko hezitzaileen zerrendek itxita egon behar dute”.

Nola prestatu hurrengo udaldia? Hiru etxeen koordinazio mahaia, baita propaganda taldea ere, behin baino gehiagotan biltzen da. Eta berdin txanda bakoitzeko hezitzaileak. “Euskal Udalekuen helburu orokorrak aintzat hartuz, helburu zehatzak betetzen saiatzen gara txanda bakoitzean”, argitu du Peñagarikanok. Egun batean Euskararen Eguna antolatzen dute, Korrika bezalako ekintzak edota euskalki jolasak eginez. Beste egun batean, Naturaren Eguna, inguruaren zaintza transmititzeko edota Zero Zabor ekimenaren funtzionamendua eta azpiegitura handien kalteak azaltzeko.  “Bestalde, egunero tertuliak antolatzen ditugu gaztetxoekin, zer moduz doakien galdetzeko, haiei hitza emateko, guk ere haiengandik ikasteko. Azken batean, harreman horizontala eduki nahi dugu haurrekin, bai hitzetan baita jardueretan ere”, gaineratu du Azpirozek.

Auzolanean

Euskal Udalekuetan, txanda bakoitzean egon behar duen hezitzaile kopuru finkorik ez dago. Horrek esan nahi du, txanda jakin batean behar den arduradun kopurua baino gehiago baldin badago, jardueraren bat hobetzeko edota beste gauza bat gehitzeko erabiltzen dutela. Halaber, Bengoaren arabera, “proiektu honetan parte hartzea guztiz jarduera boluntarioa denez, honetan benetan sinesten duen jendeak eskaintzen du bere burua hezitzaile izateko.  Eta jende gehiago behar bada, mimoz hautatuko dituzu lagun berri horiek, ez duzu zure herriko pertsonarik alferrena hautatuko udalekuetan debalde lan egiteko”.

Hori baita, ia 50 urte dituen proiektu honek gaur arte iraun izanaren arrazoi nagusietakoa: antolatzen dutenen pasioa eta motibazioa. Hizkuntza euskara izatea, natura maitatzea edota sexuen arteko parekidetasuna errespetatzea ezinbestekoak dira Euskal Udalekuen parte izateko.

Martxoaren 10ean irekiko da aurtengo Euskal Udalekuetan izena emateko epea eta internet bidez egin behar da eskaera: www.euskaludalekuak.org.


ASTEKARIA
2014ko otsailaren 23a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Auzolan esperientziak
'Eutsi geureari' goiburuarekin abiatu da Errigoraren udaberriko kanpaina

Nafarroako erdialde eta erriberako nekazariei eta euskalgintzari babesa adierazteko produktu loteen eskaerak egin daitezke Errigora. eus webgunearen bitartez. 'Eutsi geureari'  izeneko kanpaina abiarazi zuten atzo eta martxoaren 13ra arte aukera dago saski horietako... [+]


14.000 saskitik gora saldu ditu Errigorak, eta 185.000 euro bideratuko ditu euskalgintzara

Hamar urte dira saskiekin hasi zirela eta bi milioi euro bildu dituzte guztira.

 


Errigora, hamar urte euskarari puzka

50 euroko saski bakar eta "biribila" eta komunitatea batuko duen argazki erraldoia atera nahi dituzte urteurrena ospatzeko kanpainan. Azaroaren 9ra bitartean egin daiteke saskien eskaera.


2023-10-15 | Leire Artola Arin
Emakume baserritarrak, funtsezkoak bezain ahaztuak

Baserritar bat abereak gobernatzen edo traktorea gidatzen irudikatu beharko bagenu, ziurrenik gizon heldu bat imajinatuko genuke. Erreportaje honetarako elkarrizketatu ditugun baserritarrek, ordea, erakutsi digute iruditeria folkloriko horren atzean badaudela landa eremutik... [+]


Ludoteka euskaldunak Nafarroa erdi eta hegoaldean, aisialdian ere haurrak euskaraz aritu ahal izateko

Nafarroa erdi eta hegoaldean euskaraz ikasi bai baina erabiltzeko aukera gutxi du haur askok. Herri horietan aisialdia euskaraz gozatu ahal izateko asmoz jaio ziren Jolasteka ludoteka euskaldunak. Ikasturte honetan gutxienez 16 herri, 22 jolasteka eta 3 eta 12 urte arteko 211... [+]


Eguneraketa berriak daude