Aiher eta bihotz

Intsumisioaren garaian belaunaldi gazte batek estatuaren logika militarista azpiratu zuen. Iruñeko intsumituen artean, 21 urte zituelarik, Asier atxilotu eta espetxeratu zuten, baita bere anaia nagusia ere, espainiar armadan soldadutzari uko egiteagatik.

Asierren aitona, gudaria izanik, 1937an preso sartu zuten, eta esklabo lanetatik ihesi, bukaeran, 41 urterekin, Venezuelan hil zen, EAJko arduradun izan ondoren. Demokrazian aitonaren semea, Asierren aita, atxilotu eta 18/98 prozesuan 49 urteko kartzela zigorra eskatu zuten harentzat, Egin egunkariko administrazio kontseiluan parte hartzeagatik. Ez zuen zigorrik bete, giltzapean sartu baino lehen bihotzak jota hil baitzen, 70 urte zituela.

Asierren lagunak, Aitorrek, gertakizun horiek laburbildu ditu dokumental batean. Aitor Merino eta bere arreba, Amaia, film horren zuzendari eta arduradunak dira, oztopo handiz egina, Espainiako zinema-areto askotan eta hainbat komunikabidetan terrorismoaren apologiatzat jo dutelako. Aitor eta Amaiak erantzukizun handiko lana egin dute, zintzotasun gardenez eta eskuzabaltasun sakonez.

Aiherrak aiher, Aitor eta Asierren bideak aldendu ziren –bata Madrilen, bertzea Nafarroan–, beren laguntasuna gutxitu gabe. Hala ere, egun batean Aitorri gutun bat heldu zitzaion, non Asierrek aitortu zion ETAko kidea zela. Gero bertze sufrimendu eta zorigaizto anitz jin ziren, eta hortik jaio ziren bi galderak Aitorrentzat: nola azaldu Madrilgo lagunei erakunde horren kide batekin zuen adiskidetasuna? Nola ulertarazi zerk bultzatu zuen erabaki hori hartzera, Aitorri ere konprenitzea kostatzen zitzaionean?

Agian galderak ez dira pelikulan erantzuten, baina ez merinotarren lan zinematografikoarengatik. Indarkeria bete-betean agertzen denean, hitzek eta artelanek ez dute irtenbide errazik. Ildo horretan, bi une goren dira filmean. Bata Iruñeko Ongi etorria, Zumalakarregiren Atean, non Aitorren komentarioetan sumatzen dugun zergatik ez den aise logika militarra onartzea. Bigarrena, erabat hunkigarria, urte zaharreko familia afaria da, non Asierren amaren berbek gogorarazten dizkiguten intsumisioaren garaia eta indarkeriarekiko lekurik eza herri honen bihotzean.

Filma ikusita, “Odiseo izeneko gudari armatu baten erretratua” begiesteko aukera izan dut, Oteizaren eskultura da. Maiz bisitatzen dut, Espainiako erregearen, Felipe II.aren, erranetara eraikitako gotorleku militarrean. Oraindik ez da inor ausartu adierazten eskultura hau terrorismoaren apologia dela, baina Iruñeko udalak informazio publikoetan “armatu” hitza ezabatu du, artelan honen historia manipulatuz. Odiseo gudari hau beltzez margotutako altzairuz egina dago, xaflak soldatu ondoren, kutxa huts bat eratu arte. Haatik, gudari-eskultura horretan benetako indarra ez datza metalezko armaduran, txapen arteko hutsuneen jokoan baizik, non espazioa husten eta irekitzen den. Tartearen espazioan Pardines eta Etxebarrieta, Hipercor eta Vic, Lasa eta Zabala, Pertur eta Yoyes ikusten ditut, baita Asier eta Aitorren harremanaren lekua ere.

Odiseo hau bizirik dagoenez, eskulturaren hutsuneak handituz doaz. Azken egunotan hutsarte berri bat ireki zaio kutxa metafisiko honi, Arkaitz Bellonena. Aiher eta bihotzaren potret iluna.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2014ko otsailaren 23a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude