Ez da biktimarik espetxeetan

Ipar Irlandako biktimen familiek badituzte Euskal Herriko biktimek dituzten antzerako zauriak, baina horietako batzuk sendatze bidean daude, besteak beste eta arazoak arazo, haiei arreta eman dien bake prozesu bat abiarazi zutelako duela 15 urte. Egia, justizia eta memoriaren ikuspegitik esparru asko jorratu dituzte eta neurri batzuk oso bitxiak egiten dira Euskal Herritik begiratuta, noiz eta Euskal Herrian joan den astean hildako berri bat izan denean. Horietako bi neurri oso deigarriak dira.

Bata da immunitate mugatuaren kontzeptua: hau da, Ipar Irlandako gatazkaren biktimak edo biktimaren familiak bide hau erabiltzeko baimena ematen dutenean, norbaitek deklaratzen badu delituren batean parte hartu duela, hori ezin da bere aurka erabili auziperatzean. Horrela egiari ateak zabaltzen zaizkio eta lortzen dute ezkutuan dauden auziak argitzea eta familien mina arintzea. Egia justiziari gailentzen zaio kasu honetan. Delitua eta zigorrarekin du zerikusirik beste neurriak: 1998a (Ostiral Santuko Akordioak) baino lehenagoko delituengatik zigortutako edozein pertsona ez da izango espetxean bi urte baino gehiago.

Zauriak apurka arintzera eta elkarbizitza erraztera bideratutako neurriak dira. Beste zauri asko ez dira inoiz sendatuko, berarekin eraman beharko du beti biktimaren sendiak edo lagunak edo biktimak berak. Beti. Ez dago hainbat zauri arinduko duen ez bake prozesurik, ez espetxe zigorrik ezta heriotza zigorrik ere. Zauria arindu bai, ezabatu ez.

Arintze hori bilatu izan balitz, agian Arkaitz Bellon ez litzateke biktima bat izango. Biktima? Baina Arkaitz Bellon ere biktima ote da? Eta zein biktima multzotan sailkatu beharko litzateke? Euskal instituzio nagusienetan, legebiltzarretan adibidez, jorratutako biktima sailkapenetan ez dago espetxeekin lotutako biktimarik, ez presoentzat ez istripuetan hildako senideentzat ere. Gehienera, presoen sakabanaketaren aurkako adierazpenak daude eta hauek Euskal Herriko inguruko espetxeetara hurbiltzeko eskaerak.

Zirrikituetan gehiago arakatuta, egon daiteke tarterik, hala ere. Zera dio Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzak biktimez: “Esparru horretan, terrorismoaren, indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen ondorioz kalte larria jasan duten pertsonak dira biktimak. Heriotza izanez gero, senideak dira biktimak, ezarritako ahaidetasun-mailaren arabera”. Urratu ote dizkiote urte hauek guztietan bere giza eskubideak Belloni?

Zerbait gehiago ere badago: iazko ekainean Manuela Carmena, Jon Mirena Landa, Ramón Múgica eta Juan Maria Uriartek giza eskubideen bortxaketaz (1960-2013) egindako oinarrizko txostenean agertzen da espetxeetako atal bat, baina bi lerrotan argitzen da esparru horretan orain egin litekeena: “Giza eskubideak defendatzen dituzten erakunde ofizialek (batik bat, Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak) bildutako gomendio eta zantzuen arabera, tratu txar krudel eta iraingarrien salaketak ikertu eta zenbatu egin behar dira oraindik”. Beraz, badira salaketak, oraindik ikertu gabe daude eta ikertu behar dira.

Ez dago zalantzarik euskal gizartearen zati batentzat Arkaitz Bellon Espainiako espetxe politikaren biktima dela, baina hala ote da baita ere, adibidez, Eusko Legebiltzarrarentzat? Baina zergatik biktima heriotza naturalez hil bada? Emango ote dio biktima ukiturik kale istiluengatik jasotako kartzela zigor desproportzionatuak (13 urteko espetxe zigorra)? Eta atxilo-aldian salatutako torturak? Bere herritik 1000 kilometrora izateak? Berak salatutako espetxe funtzionarioen lau jipoiak ikertuko ote dira? Eta isolamendu une luzeak kontuan hartuko al dira?  Emango ote dio biktima zantzurik baldintzapeko askatasunean egon behar zuenean kartzelan egoteak? EPPK-koak ez diren Espainiako beste 68.300 presoetako bat balitz, bere zigorraren 2/3ak edo 3/4a beteta zituenez, kalean legoke. Eta, batek daki, akaso kalean egonda ere hil egingo zen, kalean ere jende asko hiltzen da eta. Baina espetxean hil da, aipatu testuinguru horretan. Biktima ote da orain arte eraman den espetxe politikaren aurka agertu diren guztientzat? Egia baldin bada Eusko Legebiltzarreko gehiengoa sakabanaketaren aurkakoa eta beste espetxe politika baten aldekoa dela, Bellonen heriotzaz ere zerbait esan beharko luke. Zer? Hara erronka.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude