Telebistatik zuzenekora

%1eko audientzia; gutxi gora-behera 20.000 lagun. Horixe omen da ETB1eko Tumatxak saioa jarraitu zuen ikusle kopurua. Pozteko moduko datua irudituko zaio zenbaiti, eskasa besteren bati, baina zenbakiak zenbaki, bistakoa da Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztutako saioak hautsak harrotu zituela: apaletan pilatutako binilo, kasete eta disko zaharrei (eta ez horren zaharrei) bederen. Azken bost hamarkadetako euskal musikak eman duenaren lagina osatu zuten, makina bat musikariren historian eta istorioetan arakatuz, elkarrizketa eta dokumentazio lan txalogarria eginda.

Agidanez, saioak eman ditu jada eman beharrekoak –oraingoz behintzat–, baina bizi-bizirik diraute oraindik berau bertsio fin bezain harrigarriekin jantzi duten musikariek: Napoka Iriak eta Joseba Irazokik. Hori baliatuta eta aipatu bertsioak zuzenean gozatzeko aukera eskaintzeko, Tumatxak gaua antolatu zuten Gurrutxagak eta enparauek pasa den abenduaren 26an, Donostiako Kafe Antzokian.

Tamalez, bertaratu ginenok saioko bertsioen erdiak entzun ahal izan genituen soilik. Joseba Irazokik ez zuen kontzertua eskaintzerik izan, amigdalitis gogor batek jota. Bizi-bizirik daudenen eztarriak ere erasotzen ditu neguak nonbait. Lastima. Ederra zatekeen Txoria txori, Eperrak edota Sarri Sarri interpretatzen ikustea, izerditan blai eta zuzenekoetan ohiko duen grinaz.

Baina kalte orok du bere alde ona. Beratarren falta gehiegi ez sumatzeko, ikusleoi garagardo bana oparitu ziguten, eta Zuhaitz Gurrutxagak hartu zuen bizpahiru abestirekin tartekatutako bakarrizketa medio DOKA girotzeko ardura. Futbolisto baten konfidentziak bakarrizketan ohi duenez, autoironiaren bidetik jo zuen, bere buruari burla egin eta (balizko) gabezietatik etekina ateratzen badakiela frogatuz. Ez da bertute makala. Hasieran apur bat hotz nabaritu banuen ere, saioaren lantaldeari eta grabazioetan sortutako arazoei egindako erreferentziek irria atera zidaten. Gitarra hartu eta Tumatxaken protagonista izan diren zenbait abesti ere eskaini zituen, duinki; ezin gehiago eskatu.

Miren Narbaiza eta Ander Mujika elgoibartarren txanda izan zen gero, Napoka Iriarena. Ausardiaz hartu dute bertsioak egiteko ardura, eta lan handia antzematen da abesti bakoitzaren atzean. Arratsalde honetan, Aitormena edota Emostazu muxutxueren gisako kantuen errotik abiatuta urrunera egin duten bidaia jarri ziguten parez pare. Doinu ezti eta erritmo geldoak ahots ilunak eta punteatze indartsuekin ezkontzea lortzen dute. Zaila da ulertzen entzun gabe, baina barruraino heltzen dira. Loa loa abestiaren moldaketa izan zen iluntasun hunkigarri horren adibide behinena. Izarren hautsa abestiaren hainbatgarren bertsioak ere aipamen berezia merezi du.

Arnasten ikasteko berriz –bikaina, bidenabar– diskoko abestiez osatu zuten setlista. Tartean, Kontra abestia ere jo zuten, gainontzekoak baino indartsuagoa delako nabarmentzen dena. Grabazioan eta zenbait kontzertutan lagun izan dituzten Felix Buff eta Iban Urizarrekin are ederragoa da, baina ohiko bikote formatuan ere abesti bakoitzari zukua ateratzeko gai dira. Urte batzuk barru inork Tumatxaken gisako saio bat egiten badu, Napoka Iriari tarte egin beharko dio, ezinbestean.

Hala bedi. Etor daitezela horrelako telebista saio gehiago, baita horrelako gau gehiago ere, baina ahal dela, hurrengoa izan dadila Irazokirekin.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude