Ahaztu eta galtzen ditugun gauzen aitzakian (h)istori(o)a(k) berridazten

  • Arrate Mardaras :: Pendrive

    Susa, 2013

Narrazio sorta hau, istorioen sare hau, idazle batek ahaztutako pendrive batekin hasten da. Editore batek liburu hau osatzen duten zatiak topatu eta argitaratzea erabaki zuen. Maitasun istorioak biltzen ditu liburuak, zenbait garai historikotan sakabanatuta daudenak eta maitatzeko modu desberdinak agertzen dizkigunak. Egiturarekin jolasean ibili da idazlea, edo editorea, edo pertsonaien taldea, eta irakurlea balizko editorearen hasierako eta amaierako oharrekin gidatzen dute, baina baita tarteka azaltzen den Sinda pertsonaiaren ibilbideek lagunduta ere, edo idazlearen sormen prozesuan kiribilduta geratuz batzuetan.

Narrazio sorta honetako ipuin bakoitzari hizkera, testu mota eta ahots narratibo zehatzak eman zaizkio. Garaian garaiko lexikoa eta kontatzeko era berezia bilatu du egileak, aukera linguistiko eta estilistiko desberdinak eginez, adibidez, hikaren erabilera, latinaren eraginez euskarara heldutako hitzen baztertzea, gutun formatua, edo bigarren pertsonaren erabilera.

Gaia, esan bezala, maitasun istorioak dira. Hainbat garai historikotan irudikatu ditu narraziook eta bakoitzak du bere berezitasuna, baina errepikatzen diren ideia batzuk ere badaude, hala nola, askatasuna eta honen gabezia, denboraren iragaitea eta honen arrastoa orainaldian, eta bizi-aro desberdinetako pertsonen arteko (botere) harremanak.

Amodioaren gazi-gozoak agertzen zaizkigu maitasuna sua eta lotura bezala irudikatzearekin batera: arauen urraketa, banatu eta geroko berriro hurbiltzeko saioa, biolentzia eta jabetza, gorputzak edo buruak ekarritako sentimendua eta, azken ipuinean, euskal literatura garaikidearen ipuin ezagun baten jarraipena: Joseba Sarrionandiaren Narrazioak liburuko Ginebra erregina herbestean-en hurrengo eguna, hurrengo urtea, hurrengo amodio-gatazka.

Historiaurretik erromatarren arora garamatza, Erdi Arotik gerra zibilera, eta 2000. urtera ere ailegatzen da. Euskal Herrian kokatzen dira narrazio guztiak eta maitatzeko modu anitzak dakarzkigu. Bizitzarekin borrokan agertzen zaizkigu pertsonaiak, haien desira eta nahiei jarraika eta azkenik literaturaren altzoan bidaiatzera eta emozioekin hunkitzera gonbidatzen gaitu narratzaileak:

“Ikusle hutsak izan gaitezke-eta! Ez al gara, ordea, protagonistaren azalarekin janzten gehienetan? Eta beste pertsonaia askoren azalarekin ere askotan? Horrela, bidaia ezezagun baterako izena ematen dugu. Inongo arriskurik ez duen bidaia baterako izena, edozein mementotan amai dezakeguna, irribarre batzuez edota negar anpulu batzuez ordainduko duguna. Pagotxa hutsa!”.

Beste pasarte batekin amaitu nahiko genuke kritika, lan honen sintesia izan daitekeena:

“Pertsonaiei beste aukera bat eman behar diegu, eta gure buruari ere bai. Maitasuna lehergailu bat da, eskuetan leher lekizuke eta elbarri utzi, edo urre-meatze batean leher egin lezake, eta betiko aberatsarazi. Egizu ahalegina, Sinda, eta maitasunari beste bertsio bat eskatu, beste amaiera bat besterik ez bada”.

Amaia Alvarez Uria


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude