D eredua eta gurasoak erabilera gorakadaren gakoak

  • 1992an, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) gazteen %23k egiten zuten lagun euskaldunekin euskaraz sarri; 2012an %52k. Euskara gaitasunak eta erabilerak gora egin dute azken hogei urteotan. Gurasoen eragina faktore garrantzitsuenetarikoa da.
     

Gaur egun Lasarte-Oriako hamar gaztetatik zazpik kuadrillako lagun guztiak euskaldunak ditu; 1992an %16,4k
Gaur egun Lasarte-Oriako hamar gaztetatik zazpik kuadrillako lagun guztiak euskaldunak ditu; 1992an %16,4k(Dani Blanco)

Lasarte-Oria udalerriko gazteen hizkuntza-portaeraren 20 urteko bilakaera aztertu du Pello Jauregi Etxaniz EHUko irakasleak Euskara eta Gazteak Lasarte Orian III. 20 urteko bilakaera liburuan. Hiru ikerketa-lanen datuak bildu ditu. 1992. urtean egin zen Lasarte-Orian lehendabiziko ikerketa Joxe Mari Iraola Aranzadi soziologoaren eskutik. Handik hamar urtera, 2002an, egin zen bigarren ikerketa eta Pello Jauregi izan zen horren arduraduna, baita 2012an egindako azken ikerketarena ere. Udalerriko 13 eta 24 urte bitarteko gazteen euskararen erabilera zein den aztertu da ikerketa guztietan, metodologia bera erabiliz. Azken hogei urtetan gauzak zenbat aldatu diren neurtzeaz gain, nola eta zergatik gertatu diren azaltzen du liburuan Jauregik.

Ikerketaren datu orokorren arabera, Lasarte-Oriako euskalduntze-prozesuak aurrera egin du nabarmen azken hamar urte hauetan, eta are gehiago hogei urteko tartean. Hizkuntza-adierazle nagusiak aldatu egin dira: euskaraz hitz egiteko gaitasuna, euskararen erabilera eta euskararekiko jarrera. 1992an, Lasarte-Orian gazteen %43 zen euskaraz nahiko ongi edo oso ongi hitz egiteko gai. 2012an, %86. Lagun euskaldunekin euskaraz beti edo gaztelaniaz baino gehiago gazteen %23k egiten zuten 1992an, %52k, berriz, 2012an. Egun, Lasarte-Oriako gazteen %94,4k ulertzen dute euskara, oso ongi edo nahiko ongi; denboran atzera %60k.

http://www.argia.eus/fitx/bestelakoak/urteka.jpg

Aldeko testuingurua

Bilakaera horren atzean zein faktore egon daitezkeen galdetu diogu Jauregiri. “Gazteen jokaerak aztertzeaz gain, euren sozializazio testuinguruak nola aldatu diren aintzat hartu beharra dago: familia, eskola, lagunartea eta aisialdia. Lau eremu horietan egon da euskararen alderako jauzi nabarmena. Azken ikerketan aztertutako gazteen gurasoen kasuan, aldaketa esanguratsua gertatu da; hogei urteko bilakaeran, lehen aldiz, Gipuzkoan bertan jaiotako gurasoak nagusitzen dira. Hortaz, hemengo erreferentzia kultural eta hizkuntzazkoak jaso dituzte. Gazteek euskararen erabileran eta ezagutzan aurrera egin dutela ulertzeko, faktore garrantzitsuenetako bat da hori. Euskararen erabilerak nabarmen egin du gora etxeetan, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanetan. Guraso belaunaldi horrek bultzada handia eman dio euskararen familia bidezko transmisioari”, esan digu Jauregik. Egun, %67,9 da Gipuzkoan bertan jaiotako aiten kopurua eta %75,3 amen kopurua.

Eskolari dagokionez, D eredua orokortua dago Lasarte-Orian; azken hogei urtetan euskarazko irakaskuntzaren gorakadak ez du etenik izan. Ikerketaren arabera, aztertutako gazte gehienek, hamarretik zortzik, euskaraz egin dituzte Lehen Hezkuntzako ikasketak. Orain hogei urte justu kontrakoa zen; gazteen hamarretik zortzik A ereduan ikasi zuten. D eredua egonkortu da eta %30 da euskararen erabilera informala. Argi dago, hortaz, egoera irauli egin dela.

Lagunarteari begira, gaur egun, herriko kuadrilla gehienak euskaldunak edo euskaldunez osatuta daudela jakinarazi digu Jauregik; hamar gaztetatik zazpik ditu kuadrillako lagun guztiak euskaldunak. 1992. urtean gazteen %16,4k zituen kuadrillako kide guztiak euskaldunak, egun %69,1ek. Aisialdian eta eskolaz kanpoko jardueretan ere euskararen presentzia areagotu egin dela diote datuek, nahiz eta oraindik ere euskararen presentzia txikia izan. Pello Jauregi: “Testuinguru honetan, ulertzekoa da aldeko baldintzak egon direla gazteek bai gaitasunean bai erabileran aurrerapausoak emateko”.

Etxea zutarri

Behin Lasarte-Oriako hizkuntza-egoeraren argazki orokorra aterata, gazteen hizkuntza-portaeren inguruko gako nagusien berri eman digu Pello Jauregik. Gazteen artean euskararen erabilera informala areagotzeko familiak duen garrantzi handia azpimarratu digu, lehenik: “Familiak erabileraren joera naturala bultzatzeko zeregin ikaragarria du eskuartean; familiak gazteek kalean erakutsiko duten hizkuntza-erabileran eragin zuzena du. Orain arte eremu honetan lan handia egin bada ere, aurrerantzean indar gehiago jarri beharko da”. Biharko familiak egungo gazteek osatuko dituztenez, erronka gazteen eskuetan ere badagoela gaineratu digu. Esaterako, bikoteak osatzen diren garaietan finkatzen da hizkuntza-harremana, geroko familiaren hizkuntza naturala izango dena.

Familia eta eskola osagarri

Aurrez esan bezala, D eredua da nagusi Lasarte-Orian. Ikerketako datuen arabera, atzean familia euskalduna dagoen kasuetan, hamarretik bederatzik oso ongi hitz egiten dute euskaraz, eta hamarretik seik euskaraz hitz egiteko joera izaten dute. Bestalde, D ereduan ikasi bai baina familia ez-euskalduna izanda, hamarretik hiruk lortzen du euskaraz ondo hitz egitea eta hamarretik bik erabiltzen dute. “Eskolak eman du eman beharrekoa, dagoeneko ezin du gehiago egin. Eskolak bere onena ematen du atzean familia euskalduna baldin badago. Euskaldunak sortzeko eta euskararen erabilera bultzatzeko ezinbesteko oinarria da eskola, baina benetan orain aktibatu behar dena familia da. Hortik etorriko da eremu informaletan euskararen erabilera areagotzea”. Zentzu horretan, euskaraz ondo eta nahiko ondo hitz egiten duten gazteen artean hizkuntza joera ezberdinak antzeman dituztela jakinarazi digu Jauregik. Euskaraz hitz egiteko erabateko erosotasuna lortzen duten gazteek, euskalduntze prozesua amaieraraino ematen dutenek, euskararen aldeko bidea hautatzen dute. Gainontzekoek, ordea, gaztelaniaren bidea. “Nahiz eta gaitasun aldetik oso tarte txikia egon, bide ezberdinak aukeratzen dituzte gazteek. Euskaraz nahiko ondo hitz egiteko gai direnek prozesua borobiltzeko beste zerbait behar dute, ingurune naturaletik etor daitekeena; familia, lagunartea… Prozesua ez bada guztiz burutzen, atzera egiteko arriskua dago. Datozen urteei begira, kontuan hartu beharrekoa da hori”.

Euskalduntze prozesua zabaltzeko aukerak

Hogei urteren bueltan, Lasarte-Oriako gazteen hizkuntza-portaeraren inguruko datu soziolinguistiko onenak lortu dira. Ikerketan ondorioztatu da hamar gaztetatik bederatzik oso ongi edo nahiko ongi ulertzen dutela euskara. Pello Jauregiren ustez, herriko gazteek euskararako gaitasuna eskuratua dutela ondorioztatuta, erabilpena bultzatzearen aldeko lana egin behar da: “Edonork herriko gazteekin euskaraz hitz egin nahi izanez gero, ez luke arazorik izango. Ulermenak euskaraz komunikatzeko bidea desblokeatu egin du; ez dago oztopo teknikorik behintzat. Baldintza horiek lehenengo aldiz ditugu Lasarte-Orian. Elebidun pasiboen kopurua unibertsalizatzea lortu da. Euskaraz hitz egiteko gogoa da orain aktibatu behar dena”.

Horren harira, harreman asimetrikoen beharraren inguruko gogoeta plazaratzen du Pello Jauregik liburuan. Hizkuntza-harreman asimetrikoak ematen dira kide batek hizkuntza bat erabiltzen duenean (euskara, adibidez) eta besteak beste hizkuntza batez erantzuten dionean (gaztelaniaz); bien arteko komunikazioa ez da eteten, elkar ulertzen dutelako. Hor dago Kataluniako kasua. Jauregiren ustez, Lasarte-Orian, egun, gazte eremuan baldintza objektiboak daude harreman asimetrikoen estrategia era zabal eta sistematikoan erabiltzeko. Lan pedagogiko bat egin beharko litzateke lehenik bere iritziz, egungo diskurtsoa aldatuz. Gazteen artean jokaera horrek onarpena izango balu, gizarte mailako antolaketa eskatuko luke egitasmoak; dimentsio kolektiboa, mugimendu sozial baten bidez aurrera eraman litekeena. Planteamendu berria da.

Hemendik hamar urtera egingo dute ikerketa bera Lasarte-Orian. Interesgarria izango da datu berriek irudikatuko duten argazkia aztertzea.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude