argia.eus
INPRIMATU
Euroituna berresteko lege proposamen arriskutsua

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2014ko otsailaren 05

Hizkuntza Gutxituen Europako Itunari baietz esateko balioko duen lege proposamenak aurrera egin du Frantziako Asanblea Nazionalean. Alderdi Sozialistak egin du proposamena eta 361 aldeko bozka eta 149 kontrako bozka jaso ditu. Hizkuntza gutxituak babestea helburu duen Euroituna Frantziak onar dezan konstituzioa aldatu behar da eta lege proposamenak horretarako bidea ireki du.

Orain, legeak aurrera egiteko bi bide daude. Ohiko prozedurari jarraiki senatuan bozkatuko litzateke eta gehiengoak onartuko balu erreferenduma egingo litzateke Euroitunaz bozkatzeko. Beste bidea erreferenduma saihestea da eta horretarako gobernuak lege proposamena bere egingo luke. Alegia, lege xede bat aurkeztuko luke kongresuan eta han bozkatuko litzateke Eurokarta.

Euskalgintza ez dago pozik Alderdi Sozialistak egin duen planteamenduarekin. Sozialisten aburuz, Euroituna berrestea euskararentzat aitzinamendua litzateke, nahiz eta erabateko lorpena ez izan. Euskal Konfederazioaren ustez berriz, sozialisten proposamena biziki arriskutsua da. Horren argigarri da diputatuei eta senatariei lege proposamenaren aurka bozka emateko eskatu izana. Konfederazioak dioenez, lege proposamenaren testua oso murriztailea da. Testuak bere horretan egingo balu aurrera zerbitzu publikoetako pertsonei eta erabiltzaileei, eta zerbitzu publiko bat eskaintzen duten eragile pribatuei eta beraien erabiltzaileei frantsesa inposatuko litzaieke. Hau da, funtzio publikoa duten egitura guztietatik at geratuko litzateke euskara.