Dronea ikusi dugu, aurki robot hiltzaile erabat autonomoak

  • Airetik piloturik gabe hegan egiteaz gain balak, bonbak eta misilak telegidaturik jaurtitzen dituzten aireplanoak denean zabaldu dira 2004an Iraken erabiltzen hasi zirenetik. Orain arma ekoizleak hurrengo jauzia ari dira prantatzen: autonomia osoz gizakiaren kontrolik gabe etsaia bilatu, ezagutu eta hilko duten soldatu robotak.

Ekoiztu duen korporazioak berak zabaldutako argazki handian, BAE Systemsek eraikitako Taranis hegazkin osorik autonomoaren prototipoa, Britainia Handiko Defentsa Ministerioak 2010ean aurkeztu zuena. Zeltentzako trumoiaren jainkoa zen Taranis. Robot gerlar
Ekoiztu duen korporazioak berak zabaldutako argazki handian, BAE Systemsek eraikitako Taranis hegazkin osorik autonomoaren prototipoa, Britainia Handiko Defentsa Ministerioak 2010ean aurkeztu zuena. Zeltentzako trumoiaren jainkoa zen Taranis. Robot gerlarien kontrako kanpainan ari den Stop Killer Robots guneak salatu duenez, Taranis britainiarra osotasunean eta Samsung-SGR-A1 korearra hein handian, jadanik gai dira autonomia osoz etsaiak bilatu, identifikatu eta suntsitzeko, hots, hiltzeko: "Soldaduen ordez robotak erabiltzeak ekar lezake agintariek gerrara errazago jotzea eta populazio zibilak jasan beharreko kalteak handitzea".

2003: Googlei ‘drone’ galdetu eta fikzio zientziazkoak ziruditen hegazkinen argazkiak azaltzen zitzaizkizun, ezein piloturen bizia arriskatu gabe urrutiko etsaia kalitzeko ahalmena omen zutenak. 2014: Googlen “drone” bilatzen baduzu, berehala azalduko zaizkizu Afganistango edo Yemeneko herritarrak manifestazioan garrasika hegazkin hilgarriok egin triskantzak salatzen. Erlamandook estrategia militarren osagai funtsezkoak dira gaur, alde batera utzita bizimoduaren gainerako ataletan aurkitu zaizkien aplikazio anitzak.

Gerraren teknologizazioan 2012ko azaroan Amerikako Estatu Batuetako Defentsa Idazkariorde Ashton Carterrek urrats berria iragarri zuen 3000.09 zuzentaraua sinatuz: “Indar hilgarria erabiliko duten arma autonomo eta erdi-autonomoz osatutako sistema diseinatu, garatu, erosi, probatu, antolatu eta erabiltzeko estrategia”. Politikariek errealitaterik beldurgarrienak hitz gezatan desitxuratzen maisuak direnez, formulak hitz lauz esan nahi du gizakiaren esku-hartzerik gabe beste gizaki bat hiltzeko gai diren robotek argi berdea daukatela.

Bulletin of Atomic Scientists aldizkariak ez du sentsazionalismorik egiten. Arrisku nuklearrez bezala –ez dago energia nuklear zibilaren kontra– munduko bakea mehatxatzen duten gainerako arriskuez puntako informazio eta iritziak biltzen dituen buletin horretan Mark Gubrudek plazaratu du “US killer robot policy: Full speed ahead” (AEBen politika robot hiltzaileez: aurrera ziztu bizian) analisia.

Princetongo unibertsitatean ikerlari ari da Gubrud eta International Committee for Robot Arms Control erakundeko kidea da.
“Indar hilgarria erabiliko duten arma autonomo eta erdi-autonomoak”: bereizketa horretan ei datza gakoa, arma hilgarri bat gizakiaren aginduarekiko erdi-autonomoa denetik osorik autonomo bilakatua den urrats txikian.

Gubrudek dioenez, AEBetako buruzagi militarrek orain artean beti ukatzen zuten arma autonomoak, robotak, prestatzen ari zirenik. Armada barneko kide asko omen zegoen horien kontra. Zer esanik ez herritarren gehiengoa, arma konbentzional ezagunek ere gizakiaren kontrola galdurik eragiten dituzten sarraskiak gogoratzen dituztelako, esaterako gudu zelaietan urte luzetarako lagatako mina hilgarriak. Giro horretan, Gobernuak 2009an ezabatu zuen robot eta drone berriak antolatzeko 300.000 milioi dolarreko programa.

Baina Armadaren barnean eten gabeak ziren hiltzeko makinen aldeko kanpainak. Aldizkari militarretan argudiatzen zen gerrako tresna berrien eraginkortasuna gehien mugatzen zutenak gizakiak berak zirela, gerra bilakatzen ari zela bizkorregia eta konplexuegia gizakiek bertatik kudeatu ahal izateko. Ahaztu gabe aurrekontuen argudioa: robotak merkeago aterako direla gizakiak baino. Zuzentarau berriak arrazoi eman die eta bidea ireki gerrarako makinei autonomia aitortzea aldarrikatzen zutenei.

Gudari mekanikoen moratoria

Militarrak ohartuak ziren 2003rako makina gero eta burujabeagoek ezin zutela bermatu gerraren nazioarteko lege humanitarioak betetzea, zeinak exijitzen baitu erasoetan borrokalariak bereiztea populazio zibilarengandik eta zibilei kalte handiegiak ez eragitea.
Beste batzuek alderantzizkoa aldarrikatu dute, alegia ondo programatutako robotek gudu batean jokabide etikoagoa edukiko dutela emozioek baldintzaturik bizi diren gizakiek baino. Gubruden esanetan, eztabaida handia dago adituen artean, nahiz eta gehienek aitortzen duten makinek nekez bereiziko dituztela zibilak eta gudariak, eta ustezko etsai armatuak neutralitzatzeko erabili beharreko indarraren proportzionalitatea ere ezin dutela oraingoz ongi erabaki.

Gutxieneko etikoak zaindu nahian, zenbaitek proposatu izan du robotek edukitzea baimena etsaiaren beste makina eta materialei erasotzeko, haien robotak barne, baina ez gizakiei. Edo eta makinek gizakiaren baimena eskatu behar izatea beren erasoan halako bortizkeria maila bat gainditzekotan. Azken hamar urteotan Irak, Afganistan, Pakistan eta abarretan droneek eragindako zibil errugabeen heriotzak erakutsi dutenez, inongo armadak bere robotak horrela programatuko dituela pentsatzea ameskeria zozoa baizik ez da.
AEBetako Armadaren 3000.09 zuzentarauak honako esaldia dakar: “Arma autonomo eta semi-autonomoak sortuko dira buruzagiei eta operadoreei ahalbideratzeko erabili beharreko indarrari buruzko giza irizpide maila egokia”. Idazkera bihurriak zerbait argitzen nahi duela dirudien arren, ez du esaten gizaki bat hiltzeko erabaki baten atzean beste gizaki bat egon behar duenik, makinak berak egin lezake. Buruzagi batek bidali lezake robot bat misio batera, honi utzirik hori betetzeko nori eraso behar dion erabakitzea.

Arma automatiko eta semi-automatikoen arteko bereizketa oso da lausoa. Semi-automatikoak dira droneak bezalakoak, gizakiak hautatu du bere ehizakia, makina programatu du eta bidali hura desegitera. Kontua da teknologiaren aurrerapenarekin, makinak gero eta ahalmen handiagoa duela egoera ezberdinen aurrean egin beharrekoa hautatzeko. Hasieran urrutiko pilotu edo buruzagiak eman behar bazion makinari honek aurkitutako etsaiari tiro egiteko agindua... oraingo aurrerapenekin, zergatik galdu behar ditu makinak denbora eta aukerak gizakiari O.K.a eskatzen?

Bestalde, gaur bertan ere droneekin eta misil telegidatuekin gertatzen den moduan, gizaki batek hautatu duenean suntsitu beharreko etsaia, makina ustez semi-autonomoari eman dionean hori burutzeko agindua, behin operazioa abian jarritakoan, munizio inteligente hori ez al da de facto autonomoa?

Ireki den aro berri honetan, dio Gubrudek, bidea zabalik daukate etsaiak bilatu-ehizatu-hiltzeko teknologiaz hornitutako makina autonomoek. Robotek, esan nahi baita.

Mark Gubrud da Arma Robotizatuen Kontrolerako Nazioarteko Batzordeko (ICRAC, ingelesezko sigletan) kidea. Hainbat pertsonalitaterekin elkarlanean antolatu dute Robot Hiltzaileak Geldiarazteko Kanpaina (Stop Killer Robots). Argudiatzen dute: “Makinei gudu zelaian nor hil eta nor bizirik utzi erabakitzeko ahalmena ematea, teknologiaren erabilera onartezina da. Lege humanitarioak babesteko eta legalitatea bermatzeko funtsezkoa da gerrako robot guztiak gizakiak kontrolatzea. Oso premiazkoa da arma erabat autonomoak prebentiboki erabat debekatzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Teknologia
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Software librearen aldeko apustua Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalean

Software jabeduna utzi eta librera jauzia emateko helburua du Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalak. Hasteko, proba pilotu arrakastatsu baten ondoren, Microsoft Office baztertu eta LibreOffice erabiltzen hasiko dira administrazioan. Aurrera begira aldaketarekin jarraitu... [+]


Helena Agirre (filosofoa): “Incel komunitatea gizon heterosexual zuri misoginoen gordeleku bihurtu da”

Incel, involuntarily celibate hitzetatik hartutako terminoa da. Euren nahien kontra harreman sexualak izateko gai ez direla dioten pertsonez osatutako komunitate birtuala da. Batez ere, gizon heterosexual zuriek osatzen dute ‘azpikultura’ hau. Metropoli Forala... [+]


2024-04-14 | Diana Franco
Teknologia
Desinformazioaren jokoa

Askotan pentsatzen dut informazio larregi jasotzen dugula, eta, zeinen ondo bizi den ezjakintasunean. Hainbeste informaziorekin, pertsona xumeok botere ezberdinen helburuak eta horiei loturiko jokabideak ulertzeko ditugun aukerak inoiz ez bezalakoak direla dirudi. Baina ez da... [+]


Eguneraketa berriak daude