Zenbat emazte zerrendetako buru? Ez gaituzte sekulan utziko gizon horiek!”. Kafe hartzen, dena hitz eta putz, orain arte deklaratu herri hautes-zerrendak solasgai, feminismoaren gailurtzat har zitekeen oharra. Ez nion erantzunik atzeman, ez eta deus onik iragarri.
Gogoratu zitzaidan haur janari marka baten telebista spot samurra, zeinetan haur mukizu ipurterreen irudi zirraragarrien eta ama gainditu baina zoriontsuen hasperenen artetik iragartzen baitzaigu: “Blédina, du côté des mamans” (Bledina, amen alde). Ez edozein kategoriaren aldekoa, ez! Iradoki eta uzten zaigun berezko funtzio natural ohoragarri horren betetzera dedikatzen diren emazteena: amak. Blédinari esker, gustu zipitzik ez duen janariz ase haurrak despediturik, etxeko beste lanei lotzen ahalko gara, eta denborak ahalegintzen badigu gure buruak doia entretenitzen ahalko ditugu, etxeratuko den senarrari aho-beteka kliskatuko duen afaria prestatzen akitu aitzin. Ororen buru hori baitugu, edo bestela Amélie Poulain-en irribarre gozoaren janztea, deus errekeritu gabe, zorion erromantikoaren bilaketan temati eta inguruko miserable guzien artatzaile.
Ez dut besterik ikusten, “uzten” digutenik diot. Harago, emazte gerlariaren itxura genuke, haur eta senarrak apartatuz, bestelako denbora pasan galtzen denarena, betetze eta garapen pertsonal nahiz sozialez ezin ase figura kanibala, kasurik onenean; okerrenean, ez aipa.
Hauteskunde zerrendetan, abertzaleetan barne, oraindik emazterik ez buru. Harritu behar genuke? Parekotasunaren legeak behartzen ez bagintu diskriminazio pseudo positibora, agian bakarra ezarri zitekeen, 15. postuan edo. Loreontzi bat beti on baita, konpainia oneko mahaien edergailu eta, oroz gainetik, hala gertatzeko gizon batek lekua hustu beharko bailuke. Paraleloan, errealitate honek, duda sor liezaiguke: gomitatuko ote gintuzkete egin genezakeen ekarpen interesgarrien menturan ala kuota betetzeko? Hau beste gai dela? Ez, naski.
Hots, horra inspiratu zidana. Zeren, azken finean, “gizonek ez gaituzte uzten” errateak horren guztiaren onartzea adierazten baitu, bidean galarazten baikaitu. Afera honetan, besteetan bezala, ahaleginetan etsitu eta utzi gaitzaten goaitatuko bagenu, Eguberriak eta berdin Bazkoak iraganen litzaizkiguke, tipulak lagun. Blédinarik ez!, besteen zerbitzari isil, neholako esker onik gabe, hainbeste izerdi eta negar isuri zuten gure aitzinekoei laidoa.