Iaz behin baino gehiagotan aipatu genuen Google saiatuko zela erabiltzaileak Google Glass betaurrekoen bidez internetera konektatzen. Baina iazko bertsio hori gizarteratu baino lehen Googlek beste bertsio bat kaleratu du, eta berriemaileek diotenez, oraingo bertsioak aurrekoa baino arruntagoa dirudi.
Aurreko betaurrekoak –itxuraz ere– “teknologikoagoak” ziren oraingoak baino. Azken bertsiokoak normalagoak dira, izan ere benetako betaurrekoak dira. Hau da, batzuek eguzkitik babesteko balio dute, eta beste batzuek ikusmena zuzentzen dute.
Bestalde, lehiakideek uste baino lehen aterako dituzte Google Glassarekin lehiatzeko betaurrekoak. Oraingoz, Samsung enpresa korearrak internetera konektatutako Galaxy Gear erlojua plazaratu du, eta datorren irailean Galaxy Glass betaurrekoak aurkeztuko ditu Berlingo teknologia berrien erakusketan.