Tribuaren lehen lerroan

  • “Hunkituta gaude. 25. urteurrena da eta sari honek garrantzi berezia du guretzat”. Kike Amonarrizek ederki deskribatu du aurtengo Argia Sarietan sortu den giro berezia. Atzera begiratua egin zen, baina aurrera egiteko prestutasun osoz.

 Zutik: Eneritz Arzallus (Topatu.info), Eider Olazar Elduaien (Info7), Maite Asensio (Berria), Kike Amonarriz (Tribuaren Berbak, ETB1). Makurtuta: Iraitz Salegi (Topatu.info), Xabier Gojenola (ErriGora) eta Peru Aranburu (ErriGora).
Zutik: Eneritz Arzallus (Topatu.info), Eider Olazar Elduaien (Info7), Maite Asensio (Berria), Kike Amonarriz (Tribuaren Berbak, ETB1). Makurtuta: Iraitz Salegi (Topatu.info), Xabier Gojenola (ErriGora) eta Peru Aranburu (ErriGora).Dani Blanco

Atxega jauregia euskalgintzako eta euskal komunikazioko eragileen bilgune bihurtu zen berriz ere urtarrilaren azkeneko ostiralean.  

Olatz Korta Argiako kideak espresuki edizio honetarako prestaturiko kanta abestu zuen, Aitor Furundarenaren laguntzaz: ...Etorkizunari begira / egokituz, garai berrira / emeki goaz aurrera / egina dugu aukera... Halaxe dio Kortaren letrak. Abestia entzun nahi duenak webgunean aurkituko du. 

Bazkalostean, kafearen orduan, Unai Break eta Olatz Kortak sari banaketari hasiera eman zioten. Lehenik, Estitxu Eizagirreren hitzaldia etorri zen eta ondoren 25 urteotako argazki zahar eta berriekin egindako bideo musikatua. Sarituen izenak isilpean gordetzen dira, ikusmina handia izan ohi da irratian eta interneten. #argiasariak14 hashtag-a Twitterreko euskal erabiltzaileen artean aipatuena izan zen egun horretan.

Sarituek txalo zaparrada artean jaso zituzten Anton Mendizabalek egindako ikurrak. Interneteko saria irabazi duen Topatu.info-ren izenean hitz egin zuen Iraitz Salegik: “Gazteei hitza ematearena gaizki interpretatzen dela iruditzen zaigu, hitza eman baino, jarrera nahiko parternalistak ditugu. Argiak ariketa zintzoa egin du eta gazteak anekdota huts izatetik lehen lerroan kokatu ditu”.

Maite Asensio Berriako kazetariak  prentsa ataleko saria jaso zuen. Egunkari horretako orrialdeetan indarkeria molde anitzak salatzeko “urratsa eta ausardia” izan duten emakumeak eduki zituen gogoan:  “Sari honek adierazten du emakume horiek ez daudela bakarrik euren borrokan. Mila esker Argiari hau lehen lerroan jartzeagatik”.

Publizitate alorreko saridun ErriGora ekimeneko Peru Aranburuk eskerrak eman zizkion ErriGoraren ideiari forma ematen hasi zirenean “inolako bermerik gabe ateak zabaldu zizkigutenei” eta parte-hartzaile guztiei.

Eider Olazar Elduaienek, berriz, Info7ko Kalegorrian saioko “ehun kolaboratzaileei” eskerrak emanaz hartu zuen irratia ataleko saria.

ETB1-eko Tribuaren Berbak telebista saioari emandako saria jaso zuten Kike Amonarrizek eta lantalde osoak. Hunkituta azaldu zen aurkezlea, bai sariarengatik eta baita saioa egiterakoan aurkitutakoagatik: “Tribua zenbat eta gehiago ezagutu, gero eta harroago gaude tribuarekin”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude