argia.eus
INPRIMATU
Ainhoa Arteta, dramaren erregina

Montserrat Auzmendi del Solar 2014ko otsailaren 05

Francesco Cilea-ren Adriana Lecouvreur izeneko opera obra berezia da. XX. mendearen hasieran estreinatu zen, 1902. urtean hain zuzen ere, baina guztiz erromantikoa da alde guztietatik begiratuta: argumentu erabat pasionala du (XVIII. mendeko Adrienne Lecouvreur aktorearen bizitzan oinarrituta), pozoidura eta guzti, eta musikalki erromantizismoaren iturrietatik hartzen du bere estiloa, nahiko garaitik kanpo, nahiz eta post-erromantizismoaren ukituak eduki. Kuriosoena da lan honen estilo erromantikoaren garapen aldrebesak, nolabait esateagatik, xarma ematen diola operari eta, aldi berean, momentu batzuetan aspergarria egiten zaigula. Kontraesanak.

OLBEren eskutik ekarritako produkzioak, aldi honetan, bertako bi elementu erakargarri izan zituen. Lehenengoa, Ainhoa Arteta protagonista absolutua. Oso gustura ikusi genuen Arteta Adriana Lecouvreur diva-ren rolean, hain-hain gustura batzuetan, interpretazio gainantzeztua egiten baitzuen, beharbada Lorenzo Mariani eszena zuzendariak aginduta. Baina, hori bai, interpretazio efektuduna izan zen. Oso matizatua alde bokaletik ikusita, eta oso landua keinukeraren aldetik. Baliabide bokal eta interpretatibo ugari ditu Artetak, eta dramarako benetako sena. Beraz, bere egin zuen papera, handitasun (edo handikeria) ttantta bat emanez.

Bigarren erakargarritasuna Igor Yebraren dantza-numeroa izan zen. Ondo egokitu zuten argumentuaren barruan dantzaren apaingarria, oso aproposa. Koreografia sinplea eta guztiz klasikoa eskaini zuen, dantzari bilbotarrak berak egindakoa; Oxana Kucheruk-ekin burututako duoa atsegina gelditu zen eta, egia esan, lortu zuen emanaldia pixkanaka-pixkanaka hartzen ari zen monotonia apurtzea.

Bakarlarien artean, denetatik egon zen, eta tonu orokorra nahiko irregularra. Bruno Ribeiro tenoreak, Maurizioren paperean, hasiera konplikatua izan zuen, nahiz eta obra aurrera joan ahala seguritatea aurkitu. Luca Salsi, Michonneten rola egiten zuena, ordea, eraginkortasunez eta ahots emisio onez aritu zen. Gauza bera esan dezakegu Luciana D’Intino abeslariari buruz, de Bouillon Printzesaren paperean. Bestalde, euskal abeslarien interpretazioak azpimarratu behar ditugu: Marta Ubietak, Mademoiselle Jouvenot-en rolean eta Xabier Odriozolak, maiordomoarenean, prestutasuna eta taxua adierazi zuten. Azkenik, ez dugu ahaztu behar Bilbao Orkestra Sinfonikoaren eta Bilboko Operaren Abesbatzaren lana, fina. Fabrizio Carminati orkestra zuzendariak dinamismoa eman zion taldeari. Txukun.

Fitxa:

Adriana Lecrouvreur.
Bakarlariak: Ainhoa Arteta, Bruno Ribeiro, Luciana D’Intino, Luca Salsi.
Dantzariak: Igor Yebra eta Oxana Kucheruk.
Bilboko Orkestra Sinfonikoa.
Zuzendaria: Fabrizio Carminati.
Bilboko Operaren Abesbatza.
Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Lorenzo Mariani.