Tabernaren epelean hilero puntuka

Hilabeteko lehen ostegunean, hitzordua du Bidasoaldeko bertsozaleak: lagun giroan, eserita nahiz zutik, barraren aldamenean edo mahaian jesarrita, ordu eta erdi inguruko saioaz goza dezake Kabigorri tabernan (Irungo Mosku auzoan). Barreak, txaloak, garagardo tragoak eta doinu arin nahiz sakonak nagusi dira hilero, taberna eta aldi berean ateneoa den gunean. Azpiegitura egokia du Kabigorrik, jarduera anitz antolatzera ohituta baitago, eta horregatik jo zuten horra Irunabar bertso elkarteko kideek; horregatik, eta kalea, taberna, bazkal-afalostea, delako bertsoen toki naturala, euren aburuz. Afariaren truke abesten dute bertsolariek. Helburua, plaza handietan aritzen ez den jendeari aukera ematea. Eta bide batez, Irunen euskarari tokia egitea, euskal (g)uneak sortzea.

Joan den irailean abiatu zuten ekimena eta harrera ezin hobea izan du, lehenengo saiotik bete zen Kabigorri. Egoitz Zelaia Irunabar elkarteko kidearen esanetan, arrakasta oreka mantentzean omen datza, zentzu guztietan. Izen ezagunagoak eta ez hain ezagunak ekartzen dituzte, funtsezko baldintza bat abiapuntu: etxeko bertsolaria izatea, gertukoa. Hots, Bidasoaldekoa edo, hurbil egonik harreman naturala duten Bortzirietakoa, Oarsoaldekoa edo Lapurdikoa (bertan bizi edo bertako bertso-eskoletan arituak). Lau bertsolarik osatutako saioak egin dituzte oraingoz eta gutxienez bat emakumezkoa izatea ere irizpide dute (kopuruz, bailaran gehiago dira bertsotan dabiltzan gizonezkoak). Saioetako protagonismoa lauen artean banatzea da beste helburua, denek uneren bat izan dezatela luzitzeko, eta “ez dadila saio arruntetan gertatu ohi den moduan batengan edo birengan zentralizatu”, dio Zelaiak. Hala, aupada da haientzat: “Hasierako paniko eszenikoa gaindituta, ongi aritzen dira, Irunabarreko kideek badutelako maila, baina ez daude ohituta jendaurrean kantatzera. Inguruko herrietako bertsolarientzat ere aukera ederra da, beste publiko baten aurrean norbere burua neurtzeko. Gainera, oso plaza polita da Kabigorri”.

Orain arte kantari entzun ditugu, besteak beste, Urko Casado, Julen Zelaieta, Alaia Martin, Eneritz Zabaleta, Manu Goiogana, Ioar Tainta, Haritz Casabal, Beñat eta Unai Gaztelumendi, Maddiane Txoperena, Odei Barroso edo Gotzon Aizpiolea. Etortzekoak dira Aitzol Barandiaran, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Amaia Elizagoien, Iñigo Ugarte, Miren Artetxe, Jokin Uranga, Manolo Arozena, Aitor Errazkin...
Lauzpabost urtez jarraitu nahiko lukete saiookin, belaunaldi gazteagoek ere gerora parte har dezaten. Erronka izango dute aurrean, Kabigorriko entzulea berezia dela baitio Zelaiak: teknikari ez dio hainbesteko garrantzirik ematen, mezuari baizik, “artifizialtasunetik harago egiazkotasuna bilatzea eskatzen dio bertsolariari, eta jolas horretan sartzen zarenean saioa lehertzen dela ikustea gauza handia da”.

‘Gure berts(i)oa, irundarrak bertso kantari’

Duela sei urte jaio zen Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunea. Egun, 20 bat kide dabiltza (buru-belarri, zazpi laguneko taldea), hirian eta eskualdean bertso mugimendua dinamizatzen eta zaletasuna sustatzen. Irunabarren gestiopean, hiru bertso-eskola daude Txingudin eta beste hiru ere gidatzen dituzte, Irungo ikastetxeetan. Zahar-etxeetan ere aritzen dira kantari, bloga daukate (irunabar.wordpress.com) eta Bertso Eguna antolatzen dute udaran. Diskoa atera berri dute gainera, Gure berts(i)oa, irundarrak bertso kantari. Hiriko bertso ondarea berreskuratzeko asmoz, iraganeko eta egungo bertsoak musikatu dituzte. 50 bat lagunen parte-hartzetik sortutako diskoan, guztira 14 pieza aurkituko dituzu.

Kabigorriko kultur eskaintzaz gehiago: Kultura eta eztabaida trago artean eta Kultura zerbezaren truke. Bi kultur eredu eta proposamen bat.


ASTEKARIA
2014ko otsailaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
2024-04-09 | Bertsozale.eus
Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoa Bertsotan, Eskoriatzan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea hastera doa: 20 saio jokatuko dira, bi itzulitara. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute.


2024-04-08 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Bertsolari ijitoak


Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


Eguneraketa berriak daude