Trikuharri eta saroiak ere Larre-Gain sagardotegiko menuan

  • Ingurunea bisitatuz sagardoaren kultura ezagutzea. Eskaintza hori zabaldu du iragan udazkenean Hernaniko Larre-Gain sagardotegiak, Gipuzkoako Parketxe Sarea (GPS) Fundazioarekin elkarlanean. Aiako Harriak parke naturalaren ateetan kokatzen da sagardotegia, eta inguruan daukan kultur paisaia aberatsa aprobetxatu dute.

Mendi buelta eginda, sagardoaren prozesua zein den eta abar erakusten dute Larre-Gainen. Sagardotegiko otorduarekin bukatzen dute bisita. (Arg: Dani Blanco)
Mendi buelta eginda, sagardoaren prozesua zein den eta abar erakusten dute Larre-Gainen. Sagardotegiko otorduarekin bukatzen dute bisita. (Arg: Dani Blanco)

Larre-Gainetik bertatik hasita, GPS Fundazioak pare bat orduko ibilaldi gidatua du prestatuta Aiako Harriak parke naturala ezagutzeko. Irundik Hernanirainoko zonaldea harrapatzen du parkeak, baina kasu honetan Urumea ibaiaren inguruak hartzen dira bisitarako eremu, natur balioez gain kultur paisaia aberatsa duelako. Parajeak erakutsi, Euskal Herriko animalia, landare eta zuhaiztiak ezagutu eta gizakiak urteetan zehar utzitako aztarnak ikusteko parada dauka bisitariak. Antolatzaileek diote, gainera, ez dela ibilaldi gogorra eta edonork egiteko moduan dagoela. Mendi buelta eginda, sagardoaren prozesua zein den, nolako tresneria erabiltzen duten, lehengo eta oraingo tolareen ezberdintasunak, zer sagar-mota erabiltzen dituzten eta abar erakusten dute Larre-Gainen bertan, eta sagardotegiko otorduarekin bukatzen dute bisita.

Inguru horietan gizakiak utzitako hainbat aztarna aurki ditzakegu: 5.000-6.000 urteko datazioa duten trikuharriak daude, eta Euskal Herrian soilik topatu diren Erdi Aroko saroiak ere aurkitu dira, esaterako. GPS Fundazioak, Larre-Gainekin elkarlanean, herritarrei ingurunea ezagutaraztea du helburu, maitatu eta zaindu dezaten. Urumeako Zilegi Mendiak bezala ezagutzen dute batzuek lekua, lur komunala zena, garai batean herritarrek gestionatu eta antolatutako mendi-gunea. Antolaketa horren parte ziren aipatu saroiak. Ganadua eta zelaien ustiaketa kontrolatzeko, zonaldean markatzen ziren eremu zirkularrak dira saroiak, zenbaitek megalitismoarekin ere lotu dituenak. Hernanikoak, badirudi XI-XII. mendekoak direla. Biribila egiteko, lehenengo erdigunea markatu, bertan austerretza edo artamugarria izeneko harria jarri eta ondoren soka batekin-edo konpas moduko baten bidez egiten zuten zirkulua. Erdiguneko austerretza edo artamugarria bere lekuan da oraindik, ibilaldian ikusten denez. Gune zirkular markatu horiek ganadu talde bakoitzaren eremua definitzen zuten. Eguzkitik eguzkirako tartean zelaira atera zitezkeen, baina iluntzerako berriz itzuli beharra zeukaten saroira. Horrela, zelaiaren ustiaketa neurtzen zuten eta bertako ganadua soilik ibiltzen zen bertan. Gauean abereren bat bere lekutik kanpo harrapatuz gero, bahitu egiten zen.

Sagardotegia 1995etik jendearentzat zabalik

Larre-Gaineko familiak urteak daramatza sagardoa egiten. Publikoari zabaltzeko aukerari, baina, 1995ean heldu zioten eta orduz geroztik ematen dituzte txotx garaian otorduak. 130 lagun inguruk bazkaltzeko moduko jangela daukate. Tolare zaharra lehengo lekuan mantentzen dute, erakusgarri, eraikinaren barruan, nahiz eta orain lanerako darabiltena beste bat den. Joxe Lasarte bertako sagardozaleak azpimarratu du, urte batzuetan falta izan zaien sagarra kanpotik ekarri dutela, baina gaur beren sagarrarekin nahikoa ez badute, inguruetatik ekartzen dutela, Euskal Herrikoa. Bertako sagarrarekin egindako zukuaz gozatzeko aukera dauka, beraz, Larre-Gaina gerturatzen denak.

Hernaniko sagardotegi gehientsuenak dauden Osinaga bailaratik kanpora geratzen da Larre-Gain, Ereñozu auzora bidean, Epele bailararen kaxkoan. Hala ere, txotx garaian ondo komunikatuta dago herriarekin, autobusa igotzen baita bertaraino asteburuetan. Lasartek dio, kanpotik gerturatzen den jendeak askotan beste zonaldea harrapatzen duen autobusa bakarrik ezagutzen duela, baina honek ere baduela bere zerbitzua. Aste barruan joateko asmotan dabilenari ere, aholkatzen dio autobusez joateko interesa duenak lasai esateko erreserba egiterakoan; bai baitakite jendeak errepideetako arriskuak saihestu nahi izaten dituela eta talde koxkor xamarra bada behintzat zerbait egin ahal izango litzatekeela.

Sagardotegientzat, esparru gehienetan bezalaxe, garai hobeak izan direla diote. Bakoitza bere berezitasunarekin eta eskaini dezakeenarekin karta berriak jokatzen ari da, eta Larre-Gainek ingurua du abantaila. Lehen ere, nahiz eta eskaintza ireki baten parte ez izan, egin dituzte horrelako ibilalditxo eta otorduak talde antolatuekin. Orain, baina, GPS Fundazioaren laguntzaz antolatutako plangintza berriarekin jauzia eman nahi izan dute. Txotx garaiak azken urteetan hartu duen indarra ez dute sagardora bakarrik mugatu nahi. Zonaldeak berak duen garrantzia ezagutarazi nahi diote jendeari, zer aberastasun daukagun ikusi eta baloratzeko. Sagardotegira otordua egitera bakarrik etorri beharrean, goiz edo arratsalde-pasa egiteko aukera eskaintzea dute helburu.

Kupelak txotx denboran soilik irekitzen badira ere, aukera berri honek urte osorako balio du. Eskolentzako bisita bereziak ere prestatzen dituzte. Kasu hauetan otordua kentzen dute eta ibilaldia eta sagardotegiaren bisita soilik egiten dituzte. Natura, historia eta kultura uztartzen dituen planak adin guztietarako balio du; eskolako irteeran, lagunartean edo familian egiteko modukoa.

Bisita gidatuak

Larre-Gainen (943 55 58 46) antzeko plana egiteko aukera ematen dute, besteak beste, honako sagardotegiek ere:

Aburuza (Aduna) 943 69 24 52
Zabala (Aduna) 943 69 07 74
Iparragirre (Hernani) 943 55 03 28
Ola (Irun) 943 62 31 30
Satxota (Aia) 943 83 57 38
Kalonge (Igeldo) 943 21 32 51
Bereziartua (Astigarraga) 943 55 57 98
Petritegi (Astigarraga) 943 45 71 88
Oiharte (Zerain) 943 50 10 13
Añota (Azpeitia) 943 81 20 92
Uxarte (Amorebieta-Etxano) 946 30 88 15


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sagardo denboraldia
"Ez da sagardoa, zu zara" kanpaina jarri du abian Hernanik, eraso matxista eta arrazisten aurka

Herriko zenbait eragilerekin batera, "ez da sagardoa, zu zara" lelopean aurkeztu du kanpaina asteartean Hernaniko Udalak.


2023-01-11 | ARGIA
Abian da txotx denboraldia

“Inflazio eta igoeren gainetik ilusioa eta pasioa elkartuta” aurkeztu du Euskal Sagardoak txotx denboraldia. Sektoreak “pozik” hasiko du sagardotegi garaia, bi urteren ondoren txotxetik dastatu ahal izango delako sagardo berria.


2021-01-20 | Usurbilgo Noaua
Sagardoa txotxetik mahaira, otsailean hasiko den denboraldi berrian

Urte garai honetarako dagoeneko sagardotegiek zaletuez gainezka behar zuten honez gero. Ilara luzeak edari berria dastatzeko irrikan. Jendetza mahaien bueltan, kupeletan. Pandemian gaude ordea eta halako irudirik ez da errepikatuko aurtengoan. Txotx denboraldi berria izan izango... [+]


Sagardo denboraldiaren irekiera

Hernaniarra naiz. Sagardozalea. Eskubaloira jokatu dudan hogei urteetan ezagutu ditudan emakume gehienek, nazioarte mailan jokatutako kirolari handiak barne, nik bezain beste gozatzen zuten sagardotegian garaipenak ospatzen genituenean, edo talde sentimendua kupel artean... [+]


Eguneraketa berriak daude