"Antifrankistoi bizkarra eman zigun Castrok"

  • Iraultza kubatarraren hasi-masietan Castro eta Che Guevararen taldeari lagundu zion 50eko hamarkadan Mexikon. Franco diktadorearen aurka huts egindako atentatua antolatu zuen 1962an Donostian. Egun, Octavio Alberola Suriñach anarkistak (Alaior, Balear Uharteak, 1928) castrotarrak gogor kritikatzen ditu eta oroimen historikoaren defendatzaile sutsua da.

"Akordio batera heldu ginen: euren herrialdeko diktadura eraistea lortzen zutenek gainerakoei lagundu beharko zieten".

“Hirurogei inguru ziren. Mexikoko kubatar iraultzaile talderik handiena zen Castro anaien Movimiento 26 de Julio taldea. 1956an Mexikora heldu bezain laster jende gogotsuarekin kontaktuak egiten hasi ziren eta hala ezagutu nituen”. Batista diktadorearen aurkako Monkada kuarteleko matxinada zapuztu eta hiru urtez kartzelan izan ondoren, Castro eta beste iraultzaileak Mexikora nola iritsi ziren oso gogoan du Octavio Alberola Suriñach libertario heterodoxoak. “Ikasle mugimenduetan nengoenez, kontaktu asko nituen eta propaganda-ekitaldiak egiten laguntzen hasi nintzaien”, dio Alberolak. Guraso anarkisten semea –aita eskola arrazionalistako irakaslea zen–, 1939an frankistengandik ihesi muga igaro eta Frantziatik Mexikora joan ziren Ipanema ontzian.

Mexikon hazi eta ikasi zuen Octavio gazteak; unibertsitatera sartu orduko bor-bor zegoen ikasle-mugimenduan murgiltzen hasi zen. Mexikoko Gazte Libertarioak taldearen eraketan esku hartu zuen, eta 1948an kalean manifestu anarkista bat itsasten atxilotu zuten. “Mexikar Gobernuaren ezkutuko espetxe batean hilabete eman nuen Floreal Ocaña eta Francisco Rosell gazte erbesteratuekin eta Manuel González Salazar mexikarrarekin, atentatu bat prestatzen ari ginela ikusarazi nahi baitzuten. Ez ziguten inolako agintari edo epailerik aurkeztu, bahiturik geunden eraikin batean eta zibilez jantzitako jendea genuen kartzelari”, azaldu du anarkistak. Azkenean aske utzi zituzten, baina aurrerantzean mexikar politikan parte hartuko ez zutela zioen dokumentu bat sinatu behar izan zuten.

Alberola Latinoamerikako diktaduren aurkako erbesteratuen mugimenduekin erlazionatu zen unibertsitatean: venezolarrak, dominikarrak, peruarrak… Horiekin guztiekin batera Diktaduren Aurkako Latinoamerikar Frontea sortu zuen. “Akordio batera heldu ginen: euren herrialdeko diktadura eraistea lortzen zutenek gainerakoei lagundu beharko zieten, eta, Castrok ez zuen hori bete antifrankistokin”, kritikatu du gogor anarkistak.

Castrotarrekin hainbat ekitalditan

Kubatarrez itaundurik, Alberolak gogoan ditu garaiok: “Hainbat propaganda-ekitaldi publiko egin genituen Batistaren diktaduraren aurka, Mexikoko Espainiar Ateneoan, adibidez. Sindikatuekin harremana nuen eta euren lokalak erabiltzen genituen. Chapultepeceko ekitaldi batean, esaterako, Fidel Castrorekin berarekin parte hartu nuen eta besteren batean bere arreba gazteenarekin”.

Hala ere, kubatarren xedea argia zen hasieratik: gerrilla bat sortuko zuten. Zein zen Alberolaren betebehar nagusia? “Jendearekin kontaktuan jartzen nituen. Aitaren ikasle izandako gerra-hegazkinlari aragoar bat aurkeztu nien, adibidez, eta badakit hainbat bidaia egin zituela Kubako mendietan borrokan ari zirenei materiala eramateko”.

Alberola ez zen egunerokoan kubatarrekin egoten: “Espainiar diktaduraren aurka nengoenez, eurei ere ongi etortzen zitzaien antifrankistak euren alde zeudela esatea. Batik bat euren arreba gazteenarekin nuen harremana, baita De la Rosa komandantearekin ere; eurak ziren nire kontaktuak. Che Guevararekin pare bat bileretan edo izan nintzen, izkina batean egoten zen eserita eta antzematen zen argentinarra zela, baina garaiotan ez zuen protagonismo handirik, ezta Raúl Castrok ere”, gogoratzen du anarkistak.

Bazen Batistaren diktaduraren aurkako beste talde iraultzaile kubatarrik Mexikon, Directorio Revolucionario, kasu. “1957an Batistaren jauregia eraso ondoren, batzuek Mexikora ihes egin eta gure ekitaldietan parte hartzen hasi ziren. Baina bi taldeen artean baziren desadostasun batzuk: Fidel eta bere taldea iraultza gidatzen saiatzen ziren eta besteak ‘lidergotza’ edo caudillismo-aren aurka zeuden”.

Che Espainia frankistan

Iraultzaileek 1959an Batistaren diktadura eraitsi ondoren, propaganda egiten eta laguntza ematen jarraitu zuen Alberolak. Anarkistak dio antifrankistek laguntza eskatu ziotela Castrori: “1961ean Frantzian nintzela, kubatar enbaxadarekin hitz egin eta bisa emango zidatela esan ziguten, ni irlara joan eta elkarren arteko kolaborazioa gauzatzeko, baina bisa ez zen inoiz heldu... Ondoren jakin genuen Castrok ez zuela Francorekin harremana apurtu; Che Guevara ere Espainian izan zen poliziak babesturik. Franco eta Castro lagunak egin ziren”.

Nolanahi ere, CNT, FAI eta Gazte Libertarioen Iberiar Federazioak Limogen 1961ean egindako kongresuan Defensa Interior taldea sortzeko eskatu zioten. Helburua: Franco hiltzea. “1962an Frantziara bidaiatu eta Ipar Euskal Herrian anarkista batzuen etxean antolatu genuen Francoren aurkako atentatua. Aieten lehergailua jarri genuen, baina zoritxarrez, diktadoreak urteroko udako Donostiara bisita egunez aldatu zuen. Azkenean, lehergailuaren pila agortzekotan zela leherrarazi behar izan genuen”. Alberolak ezaguna ez den datu bat eman digu: bi gizon eta emakume bat –hiruak frantziarrak– izan omen ziren bonba ezkutatu zutenak.

85 urte izan arren, Alberolak hitzaldiak ematen segitzen du eta munduko bazter askotako ekimen anarkistak laguntzen ditu, artikuluak eta liburuak idatziz: “Ez naiz ezertaz damutzen. Askatasunaren alde borrokatzen den jendea dagoenean, egin dezakegun okerrena etxean geratzea da. Espainiarroi latinoamerikarrek Francoren aurkako borrokan lagundu gintuzten lez, normala zen Mexikon guk ere laguntzea herriek askatasuna erdietsi eta libreki euren aukera politikoa erabakitzeko asmoz”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Zamorako apaiz kartzelako ihesa Santiago Carrillo buruzagi komunistak zapuztu zuen, lekuko baten arabera

1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Tefia, homosexualak zigortzeko eremua

Fuerteventura (Kanariar Uharteak), 1954ko otsailaren 11. Tefiako Nekazaritza Kolonia abian jarri zuten uharteko aireportu abandonatuan, basamortuaren erdian. Nekazaritza kolonia eufemismoaren atzean, praktikan, kontzentrazio eremua izan zen Tefia, nagusiki LGBTI komunitateko... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude