"Nire barruko Nevadak du indar handiena liburu honetan"

  • Nobela berria argitaratu du Bernardo Atxagak. Nobela da, generoaren ezaugarri klasikoak apurturik ere. Hainbat osagaiz josia dator Nevadako egunak (Pamiela, 2013), eta izenburuak kronika hots egiten badu ere, gogoeta, oroitzapen, biografia, ipuin eta narrazio da liburua. Osagai ezberdinak modu harrigarrian lotu ditu idazleak, erretorika utzi eta egia eta edertasuna beti helburu. Beste behin, ofizioa erakutsi digu egileak, gizakiaren barne munduari begira idazten jarririk.

"Euskal literaturak luze gabe izango duen arazoetako bat distantziarena izango da" (Argazkia: Zaldi Ero)

Nevadan, Renon izan zinen familiarekin 2007-2008 ikasturtean William A. Douglass Visiting Scholar –ikertzaile edo aditu bisitaria–, programaren bitartez. Urtebeteko egonaldia zenuen eta, ageri denez, idazteko gogo zindoa zeneraman, ikusiko zenuena biltzeko intentzioa…

Adinarekin datorren zerbait duzu hori. Bistan da, esan beharrik ere ez dago, pertsona batek 60 urte bete eta gero, halako almazena dauka, hainbesteko bizi esperientzia… Gehiegi ere bai gure gorputzerako! Ospitalean esan zidatena dut gogoan: “40 urte irauteko gorputza heredatu dugu arbasoengandik. Gainerako guztia oparia da”. Hori esan zidatenean, pentsatu nuen adin hori gorputzerako ez ezik, agian, bururako ere gehiegi zela. Irudipena dut, 60 urteko pertsonaren zakuan eskua sartu eta zernahi aurki dezakedala bertan, benetako bazar handi bat. Horri gehitu, beste alde batetik, bizi esperientzia ez ezik idazle esperientzia handia ere badudala… Bada, ore hori labean sartu eta ogia egin dut. Aspaldikoa dut asmoa, eta pentsatzen dut poema liburua, edo lan poetikoa, egin behar dudala esperientzia hori jasotzeko. Bitartean, Nevadako egunak idatzi dut. Post bat da lan hau, 60 urte bete ondoren, nire lehen liburua. Beste batzuk ere etorriko dira, agian.

Bada bizi esperientzia, bada idazle esperientzia. Horrekin batera, bada oroitzapena, gogoeta, biografia, eta bada Nevadan egin zenuen bizimoduaren kronika…

Aurreneko esperientzia, dena dela, Obabakoak idazteko garaian egin nuena da. Orduko hartan, Villamedianara joan nintzen. Kolpetik, Gaztelako herrixka batera joan nintzen. Han sartu eta ez nintzen bederatzi hilabetean atera. Nevadan ere bederatzi hilabetean egon nintzen! Oraintxe konturatu naiz!... Hori ere ikasi egiten da: etxeko ispilu domestikatuak atzean utzi eta, bat-batean, ispilu ezdomestikatuak dituzu aurrean; hau da, paisaia eta jende ezezaguna. Hasiera bat da berriro. Villamedianan egin nuen era honetako lehenbiziko esperientzia. Situazionismoaren teoria jarraituz egin nuen, anarkismo estetikoaren teoriak irakurri eta gero: “Jar ezazu zure burua zeurea ez den lekuan. Parisekoa zara? Ongi, baina ez zaitez abiatu egunero ibiltzen duzun kale horretatik. Joan zaitez beste hartatik, eta kontatu zer ikusten duzun, zer inpresio hartzen duzun”. Kanpotik datorkizun inpresio berriak eragin izugarria du zure barruko paisaia horretan. Ping pong jokaldia da, nolabait esateko. Paisaiak itzuli egiten du pilota eta zuk pentsatu beharra daukazu.

Hor da idazlearen ofizioa, beraz. Paisaia berri horrek idazlearen baitan harrotu dituen hautsak behar bezala biltzea…

Soluzio literario errazena izango zen egunerokoa egitea, edo kronika, edo dietarioa. Baina hori, esate baterako, neure buruari galarazia diot: gorroto ditut dietarioak. Irakurle naizen aldetik, ez ditut batere maite, oro har. Frantzian, esate baterako, dietario asko egin dira. “Karnetak”, diote han. Irakurri nituen Albert Camusen karnetak. Ez dago konparatzerik nobeletan ageri duen indarrarekin. Dietarioa egitea ukatu egin nion neure buruari. Nire ahalegina izan da –eta aurkezpenean ere esan nuen–, zerbait organikoa egitea, eraikin bat jasotzea, piezarik pieza, eta pieza horiek ez modu mekanikoan jartzea. Ez nuen, besterik gabe, mosaiko bat egin nahi, dena harremanez lotzea baizik. Horretaz ari naiz “organikoa” esaten dudanean, hariz betetako zerbait… Froga egin genezake. Hartu liburuko testu bat, hartu beste bat, eta ikusiko genuke azpian loturak daudela, dena hariz beteta dagoela. Atera lurretik landare bat eta zainez beteta dago, zain guztiak korapilatuta. Horixe da organikoa, horixe da liburu hau.

Horri eman diozu garrantzia, Jose Franciscori eta gisa bereko beste zenbait pertsonaiari, esateko moduan…

Dietarioak eta halakoak ez direlako, sekula, esanahiaren gailurrean kokatzen. Ez dute, behin ere, liburu batek esan lezakeen guztia esaten. Forma mugatua da. Muga horiek ez izateko, nobelaren formak hartu behar nituen, pertsonaiek indarra hartu behar zuten, ez zuten, bakarrik, kronikako pertsonaia izan behar. Ondorioz, pertsonaia guztiek halako backyard bat izan behar zuten, halako atze bat, barru bat, fantasma batzuk. Eta galdera da orduan, egiaren eta edertasunaren aldetik begiratuta, zeinek du garrantzi handiagoa, barruko mundu fantasmatikoak, ala kanpoko munduak? Nire ustez, garbi dago, gure barruko mundu fantasmatikorik gabe ez dago egiarik, ez edertasunik, maila handian behintzat.

Liburuko pertsonaietan, batzuek beste batzuek baino indar handiagoa dute, jakina. Pertsonaiarik indartsuena, narratzailea bera, Joseba Irazu, bere burua inoiz ez bezala azaldu duena: hauskor, izuti, kezkati…
Hauskortasuna, ikara, larria… oso presente daude beti gure bizitzetan. Beharbada ez dira elkarrizketa batean agertu behar, baina horretarako dago literatura, forma, egia batzuk esateko modua delako. Oso gogoan hartu dut hori, gure partikulartasunetik besteentzat ere egia izango den horren bila ibiltzea. Erretorikaren aurkako borroka etengabea da hori, niretzat. Erretorika gure bizitzaren gainera etortzen zaigu, saltsa balitz bezala botatzen dute gure plater gainera… Erretorika oso gaiztoa da, gezurra da, atzeratu eta okertu egiten du auzia ulertzeko, hurbiltzeko, momentua. Baditut adibide zorrotzak…

Esate baterako?

Errespetu guztiarekin esango dut. Ea ondo esaten asmatzen dudan. Bertsolari txapelketaren finala izan zen aurrekoan, eta segitu nuen. Talentu handiko jendea dabil hor, dohain izugarria duena hitzekin, baina zalantzak ditut kontzeptuaz. Irabazle izango zenari halako gaia jarri ziotenean –aita atentatuan hila zuen umearena, edo–, eta horri buruz bat-batean kantatu zuenean, haren erantzunak kontzeptuan arazo izugarria zegoela erakutsi zuen. Agian, zegoen tokian, hamahiru mila lagun haien aurrean, eta, normalean, ideologia jakin bateko pertsonen aurrean ari zelako kantatu zuen kantatu zuen moduan, baina, nik, erretorika guztietatik kanpo, esan behar dut berak esan zuena ez zela kontzeptualki onargarria, ezin zela unibertsala izan, ezin zela eternala izan. Esperientziak dio min hori, aita hil dioten ume horren mina, ez dela gainditzen. Hor ez dago hitzik. Hamahiru mila lagunen aurrean ezin da esan, beharbada, baina liburu batean esan egin behar da. Nik uste dut Amets Arzallusek ere liburu bat idazten baldin badu beste era batera planteatu beharko duela auzia. Errespetu guztiarekin ari naiz.

Nevadako egunak liburuan, izen-deitura benetakoak dituzte pertsonaietako batzuek. Monique Laxalt, eman dezagun. Beste batzuek, aldiz, ez. Bob Earle, adibidez, William A. Douglassetik asko duen karakterrak. Zergatik ezberdintasun hori?

Oso galdera ona.

Bat bada ere.

Oso galdera ona. Zergatik batzuek dute benetako izena, eta beste batzuek ez? Pertsonaia batzuek eta besteek, oso pisu ezberdina daukate liburuan. Pisu gutxiena dutenek, alegia, kronikaren parte direnek –Gabriel Urza Laxalt, kasurako… itzulpenean ezabatu egingo dudan pieza, bide batez esanda–, benetako izen-deiturak dituzte. Pertsonaia horiek kronika egiteko baliagarri zaizkit, paisaiaz hitz egiteko, Laxaltarrez hitz egiteko, Barack Obamaz, hartzez eta gainerakoez. Kronikaren barruan, haien hitzak idatzi ditut, bestelako ahaleginik gabe, hau da, ez naiz horien mundu fantasmatikoan sartzen… Bob Earleren kasua bestelakoa da. Izugarrizko pisua du nobelan, ezin da Bill Douglass izan, izen eta deituraz. Egia da Bill Douglass dagoela, nolabait, pertsonaia horren atzean, baina, dago, fisiologia irakasle hura [Joseph Bell, Conan Doyleren Medikuntza irakaslea] Sherlock Holmesen atzean zegoen moduan. Pertsonaia batek garrantzia izango badu, ikusten denarekin eta ikusten ez denarekin jokatu behar du idazleak. Barruko munduarekin, kanpokoarekin baino gehiago. Nik ezingo nuke, beraz, Bill Douglass nobelaren pertsonaia egin, ez baitut horrenbeste ezagutzen. Oro har, ez dugu ezagutzen aldamenean dugun pertsonaren barru mundua. Inorena. Hori da beste egia bat 60 urterekin ikasten dena: kontzientziaren fenomenoa ultrasekretua da. Inork ezin du asmatu ondoan daukanaren kontzientziaren bideak zein diren. Infinituak dira. Nik galaxia baten irudiarekin konparatzen dut kontzientzia, hainbeste masa eta istorio… Eta nik nola ezin dudan sakonerarik eman horri, eta, aldiz, nola sakonera behar duen, fikziora jo behar dut, eta fikzioan, nire ustetan, kronikan baino egia gehiago azaltzen da, behar duen sakonerarekin... Eta, horretaraz gero, beste galdera bat: zeinek du karga handiagoa, Bob Earlek, edo Jose Franciscok? Bob Earlek edo Adrianek?... Nik uste Adrianek eta Jose Frantziskok askoz ere karga gehiago dutela, askoz ere barrukoagoak direla pertsonaia horiek… Galdera ona da zurea, ze nik ere pentsatu behar izan dut. Kronikaren lerroan dauden pertsonaiak, beren izenekin. Nobelaren lerrokoak –Dennis, Bob Earle, ni neroni…–, beste era batera.

Irakurketa bera egingo dute Nevadan ibili denak eta lur hartan batere ibili gabekoak?

Ondo dago galdera hau ere. Oro har hitz egingo dut. Euskal literaturak luze gabe izango duen arazoetako bat –profeta moduan esango dut–, distantziarena izango da. Alegia, zein pozgarria zen guretzat, unibertsitate garaian, Li Po poeta txinatarraren poemak irakurtzea. Edo Dostoievsky, kolegio garaian irakurri nuena. Atsegin handia zen haiek irakurtzea. Urruntasunean, distantzian, poetika bat zegoen, eta dago. Euskaraz idatzitako literaturari zama izango zaio distantzia eza. Osagai poetiko bat galduko du. “Ez dago jeniorik gela-morroiarentzat”, dio esaerak. Bada, era berean, “ez dago poesiarik amurriotarrentzat Amurrioko idazlearengan”. Esango didate baietz, baina nik esaten dut ezetz. Alde horretatik, liburu hau Nevadan egon ez direnek irakurtzen dutenean, zabaltasun gehiago izango dute. Hobeto irakurriko dutela esango nuke. Han egon denak beti izango du galdera edo kezka: “Halako etxea, hura izango da. Halako pertsonaia, beste hura”. Nevadako elementuei dagokienez horrela ibiliko da.

Nire uste hutsa ote da AEBetan eginak dituzula lanik ederrenetakoak? Harako Groenlandiako lezioa, Zazpi etxe Frantzian –partez, bederen, Amerikan idatzia–, honako Nevadako egunak

Kar, kar, kar… Amerika, niretzat, oso-oso inspiratzailea da. Berriro martxan jartzen du nire burua, eta halako energia bat ere ematen dit, gaztetze moduko bat. Uste dut AEBetara joaten naizenean elektrizitate kolpe ttiki bat izaten dudala. Burua lanean hasten zait eta, esan ohi den moduan, helburuak egia eta edertasuna baldin badira, Amerikak, eta AEBek batez ere, lagundu egiten didate. Hori ez zait gertatzen Frantzian, adibidez, nahiz eta Nevadako egunak honetan ere badagoen Frantzian kokatutako pasarte bat. Bide batez esanda, esperientzia izugarria izan dut Frantzian, aspaldi ez dela. Perigorden izan naiz, eta izan naiz presondegi batean, sexu gaizkileak zeuden. Hitzaldia egin dut han. Esperientzia handia izan da… Baina Frantzian ez dut sentitzen AEBetan sentitzen dudan elektrizitate kolpe hori. Inspiratzaileagoa zait Amerika, Europa baino, esate baterako.

Asun Garikano zure emaztearen ondoan ikusi zintugun Far Westeko Euskal Herria liburuaren amaierakoan. Boisetik Renora zentoztela, geldialdia egin zenuten Jordan Valleyn. Hantxe, zuen zain, ongietorria eginez, hainbat euskal amerikar, adin handikoak bat baino gehiago. Blogean ere eman zenuen haietako batzuen berri... Uste nuen euskal amerikarrek presentzia handiagoa izango zutela Nevadako egunak honetan…

Agian, banatu egin dugu lana etxean. Asun Garikanok zure euskal amerikarrak hartu zituen idazteko gai… Inork ezingo digu esan, behintzat, alferrak garenik. Han egon ginenetik hirugarren liburua dugu Nevadako egunak [gogoan har Asun Garikanoren Far Westeko Euskal Herria eta Kaliforniakoak]. Gure kasuan, berak hartu du euskal amerikarrez hitz egiteko ardura. Nire kezkak, berriz, nahiz eta oso momentu onak izan ziren hangoak, beste batzuk ziren. Hala ere, nik uste hari horretatik ere tiratuko dudala, Jordan Valleyn eta Arocken, Eiguren Ranch-en ikusi genuen eszena batetik, hain zuzen. Ume koxkor bat, zaldi bat hezten, John Wayneren filmetakoa ematen zuen, baina, aldi berean, euskalduna zen. Eszena polita. Dena dela, oraingo liburuan, barruko Nevada zen gaia, nahiz eta kanpoko Nevada ere agertzen den, zalantzarik gabe. Hala ere, barruko Nevadak du indar handiena hemen, nire barruko Nevadak.

Hogei bat urteko gaztea Euskal literatura 72n zure lehen lana argitaratu zenuenean. Ziutateaz kaleratu zenuen 1976an, Etiopia bi urte geroago, aurrezki kutxako lana utzi eta idazle izango zinela erabakia hartua. Idazle zaitugu, baduzu obra, baita hainbat hizkuntzatara itzulia ere. Galdera: noizko izango dugu instituzio bat, lobby bat, zure alde lanean, Nobel saria helburu?

Ez. Ez da behin ere gertatuko. Hemen ere, jo dezagun lerro zuzena bi punturen artean. Hinki-hankarik gabe diot: ez dut inolako usterik horri buruz. Ez da behin ere gertatuko. Alde batera, seinale ona iruditzen zait. Esan nahi du –nahiz eta hainbeste denbora eraman idazten eta publikoki hitz egiten, plaza honetan lanean–, lortu dudala independentzia bat –zuek hor eta ni hemen– eta beraz ez daukadala lobbyrik, aldekorik ez behintzat! Kar, kar… Egunen batean beste memoria batzuk idazten baldin baditut –kronikarekin zer ikusi handiagoa duen testua, alegia–, azalduko dut kontu honi buruzko egia txikiren bat. Baten bat harrituko da.

1999an, galegoz idazten duten idazleen elkarteak Xose Luis Mendez Ferrinen izena eman zuen, Suediako Akademiaren eskariz, Galiziako literaturaren hautagai Nobel sarirako. Zu zeu ere hautagai izan zintezkeela esan nahi dut, Euskal Herriko erakundeak –paraofizialki bada ere–, horretan saiatuz gero…

Aspaldi konturatu nintzen elkarte bultzatzaile horien lanaz. Octavio Pazen idazkaria ezagutu nuenean, zehazki. Hark kontatu zidan Octavio Pazen Nobel saria zenbat lan eta gestioren ondorio izan zen. Hari entzun nizkionak entzun ondoren, guztiz harritu nintzen. Uste nuen askoz ere gauza garbiagoa izaten zela, idazleak saria jasotzen zuela, hala zegokiolako. Gero, idazle holandarrak ezagutu nituen, Harry Mulisch, besteak beste, eta ikusi nuen Holandan eta Belgikan ere bazela talde bat –paraofiziala, zuk erabili duzun hitza erabiliz–, bertako idazleak Nobel sarirako bultzatzeko lanean ari zena. Europako saria izan zenean [Europako Literatura Saria 1990, Bernardo Atxaga finalista] konturatu nintzen portugaldarrek talde bat zutela han, lekurik leku zebilena, beren idazleak bultzatzen, eta nire aukerak eta beste batzuenak zapuzten.

Zuk ez zenuen era horretako talderik, ez duzu inoiz izan...

Uste dut ez naizela hain harroa. Halakorik eskatzeko ere, alegia. Neurotikoegia naiz, harroa izateko. Ez dut behin ere termino horietan pentsatzen, sariak eta beste, edo, bakarrik, umetzen naizenean, oso aldi bakanetan. Gainera, badakit non bizi naizen, eta zein popularra naizen hemengo giro batzuetan. Kar kar… Baina, aldi berean, esan beharra daukat, orain, amuarraina joan eta gero, dena pasatuta dagoela… Bada, barkatu harrokeria, baina beti harritu nau hainbeste denbora hor egon eta gero, Euskal Herriari dohainik hainbeste publizitate egin eta gero, zein erantzun zipotza jaso dudan erakundeen aldetik hutsaren hurrengo kontuetan ere. Publizitatea, diot, Basque writer naizelako ni beti. Oraintxe, Australian; duela urtebete, Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan, Seven houses in France liburuarekin, 30 iruzkin inguru izan baititu liburuak herrialde horietan.

Erantzun zipotza erakundeen aldetik…

Tramite batzuk xamurtzea beharrezko izan zaidanean, kasu. Esate baterako, gure familia Atlantara, Emory Unibertsitatera joateko unean –Euskal Kulturaz ikasturte bat ematera, hain zuzen!–, bada… Jose Elorrietari esker joan ginen hara, ELA sindikatuko “partaide” bezala, esango nuke. Elorrietak berak pentsatu zuen ona zela Euskal Herriaz Emoryn hitz egitea, eta pertsonalki arduratu zen gutaz. Beti eskertuko diogu. Baina, bestela, bere babesik gabe, ezin izango ginen Atlantara joan, orduko Jaurlaritzakoek ez zigutelako paper ziztrin bat egin izan nahi, eta hura gabe familiak sakabanatzea beste aukerarik ez zuelako. Eta Renora joan ginenean –joan behar zuen pertsona larri gaixotu zelako eta azken momentuan gu aurkitu gintuztelako, hau ere esan beharra dago–, Asun Garikanok, gero han Far Westeko Euskal Herria idatziko zuenak, bere lantokia galdu behar izan zuen. Etorritakoan deialdi batera berriro aurkeztu behar izan zuen bere burua lantokira itzuli ahal izateko… Eta eskerrak deialdi bat tokatu zen eta proba gainditu zuen! Stanforden, berriz, erotzeko moduko lana egin behar izan nuen tipulak erosteko ere justu iristen zen soldata baten truk… Beraz, lekutan Nobelak eta Nobelondoak! Ez dakit dakizun, baina ondo dator hizpidera. Datorren maiatzean “Idazle galego unibertsala” izendatuko naute. Zerrendan dira Juan Gelman eta beste hainbat [Mahmud Darwich, Elena Poniatowska, Antonio Gamoneda, Jose Luis Sampedro…]. Agian, galegoek bultzatuko dute nire hautagaitza Nobel sarietan, Mendez Ferrinenarekin batera!

Gurasoen heriotzak

Parisen bizi naiz poema liburuan, gurasoen aipu egiten du Koldo Izagirrek poema eder banatan. Bernardo Atxagaren Nevadako egunak honetan ere guztiz presente dira gurasoen azken egunak. “Kostatu zaigu, baina, inondik ere, gai gara gai horri heltzeko; horrela esaterik baldin badago, behintzat. Gurasoak, eta haien heriotza. Gaia ez da erraza, eta adierazten zaila. Gai handi horrekin, zazpi eta erdiko jokoan bezala da. Arriskua hor da, karta gehiegi jarri, gutxiegi… Mutil gazte bat ezagutzen dut oso liburu ederra idatzi duena horretaz. Marcos Giralt Torrent da [Tiempo de vida, bere aita Juan Giralt margolariaren heriotza kontatzen du]. Nik, aitaren eta amaren heriotzak kontatzen ditut. Formalki oso pozik geratu naiz bi testuekin ere. Uste dut horrela idatzi nahi nuela, horrela idatzi behar nuela, eta hor utzi dut gurasoen erretratua”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bernardo Atxaga
Artea ere mailu dela aldarrikatuz

Gabriel Arestik zioen poesia badela mailu bat; bada, konbinazioari artea ere gehitu zioten mahaiaren bueltan batu ziren Bernardo Atxaga, Paul Beitia eta Garazi Navarrok. Kulturaz, arteaz, politikaz eta horien arteko elkarreraginaz hausnartzera gonbita egin zuten Kontseilu... [+]


Argazki historiko bat

Ez nuen uste Gasteizen aparkatzea hain zaila izanen zenik. Edo, hobe esanda, ez nekien hainbeste koloretako marrak egon zitezkeenik pintaturik errepide ertzetan. Ez, ez dut gidabaimenik eta bai, denbora gure kontra zihoan. Azken minutuan heldu gara Principal Antzokiko... [+]


Bidaia etxeraino

2020 amaieran argitaratu zen Ata Pank eta Ate Punky ahate bitxiei buruzko lehen liburua. Urtebete beranduago ahateen bigarren entrega plazaratu dute Atxagak eta Valverdek. Lehenengo hartan hiru kontakizun laburrek osatzen bazuten liburua, oraingoan istorio bakarra kontatzen... [+]


Bernardo Atxaga
"5.000 irakurle tinkorekin mundua mugituko genuke"

Etxeak eta hilobiak izango da Bernardo Atxagak argitaratuko duen azken nobela. Horrela iragarri zuen aurkezpenean eta, behin bere ibilbideko fase berri batean sartuta, azken liburuaz gain aurretik egindakoaz eta aurrerantzean egiteko daukanaz ere aritu gara elkarrizketa... [+]


Eguneraketa berriak daude