Nahi gabe eman dio guardasolaren puntarekin buruan. Bi aldiz eskatu dio barkamen zintzoa, eta bietan erregu tonua nabari-nabaria izan da. Segundo bakan batzuk nahiko izan dira zauritua zaurtzaile bihurtzeko, zaurgarriki. Halako guardasol baten mila puntak marrakatuko luketen aurpegia utzi izana leporatu dio, kolpetxoak oinaze fisikorik sortu ez badio ere. Botereak eman dio orduan ahotsa goratzeko ahala, bertzearen gainean ezartzeko eskubidea, publikoki oihukatzeko aukera: “Segi zure herrira, hemen mina baizik ez duzue egiten eta. Baita guardasolarekin ere. Hau da hau!”.
Burumakur aldendu da arabiar jatorriko emakumea. Ihesi, uxatua. “Dena da botere kontua” pentsatu duzu une horretan. Emakumea arabiarra ez balitz? Arabiarra emakumea ez balitz? Emakumea eta arabiarra izanik ere, gaztelaniaz solasean trebe moldatuko balitz? Erretorikoak dira arestiko galdera guztiok, jakina. Aski ongi ezagutzen dituzu haien erantzunak, bai eta horiek lotzen dituen hari petrala ere: dena da botere kontua mundu zibilizatuan.