Abentura literarioa

  • Egia esan

    Peru Magdalena

    Elkar, 2003

Egia esan, ez dakit nola definitu Peru Magdalenaren azken lana: kontakizun luzea, nobela, nobela bat idazteari buruzko abentura, abentura bati buruzko nobela. Nolanahi ere, liburuak berak definizio moduko bat ematen digu -tura atzizkiaren eratorpen bi baliatuz. Bizitzan fisikoki emandako bilaketa: abentura. Eta bizitza orrira iraultzen duena: literatura (236. orr.).

Egia esan, halaxe izena baitu liburuak, modu arrunt batean abiatzen da. Arri eta Kleo hizketan ari direla, jakingo dugu gauzak ezkutatzen dizkiola Arrik Mariari. Arri bizitza maitatu eta disfrutatzearen aldeko pertsonaia da. Alegia, “ulertezina iruditzen zitzaion, ulertezina baino gehiago onartezina, bizitza bakar batekin konformatzea” (13. orr). Filosofia horren jabe, “gauzak ez dira sekula diruditenak”, “bizi itzazu hainbat bizitza bizitza bakarrean” eta horrelako esalditan sinisten zuen Kimuren aitak, behin Mongoliara alde egin zuenak eta inoiz itzuli ez zenak. Baina, egia esan, nor zen Arri?

Artista, abeslari, poeta, Eusko Jaurlaritzako partaide, eta abar. Orotariko bertsioak existitzen dira Arriren inguruan. Horrexegatik, egia bilatzearen ideiak itsututa, Kimuk, bere aitak behin egindako bidaia berregingo du: “Baina bidaia bat ezin da berregin. Bidaia bat egiteak bidea egitea esan gura du” (145. orr.). Honela agertuko zaigu Kimu, liburuaren hirugarren zatian, bere abenturaren kontari eta, konturatu gabe ere, literaturaren egile. Emeki-emeki, egiaren bilaketa zena interpretazio pertsonala bilakatzen da, kimu horretatik adar berria jaiotzen hasiz. Kimuk ulertuko du azkenik bere izenaren esanahia.

Zenbait momentutan istorioa luzeegia suertatu zait, baita aspergarria zenbait kasutan ere. Aita/seme arteko konfliktoaz gainera, bidai iniziatikoaren ideiek ez dirudite originalegiak. Aita ezagutu zutenen mikroistorio eta testigantza txertatuek erritmoa astuntzen dutela iruditu zait, nahiz eta ulertzen dudan liburua abiatu duen konfliktoari forma ematearren baliatu behar izan direla.

Zer da liburuari eusteak lagundu nauena? Zer da harengan sinistera bultzatu nauena? Burutaziorako eskaintzen duen aukera. Alegia, istorioaren hari narratiboa gainditzen duten esaldi, komentario edota erreferentzia literarioetan topatu dut nire -tura atzizki propioa. Eta hori da literaturaz espero izaten dudana; fikzioaren bitartez errealitatea ezagutzen sakondu ahal izatea.


Azkenak
2024-04-24
Gaza helburu duen Askatasunaren Ontzidiaren irteera berriz ere atzeratu da

Astelehen gauean iragarri zuen antolakuntzak ontzidia apirilaren 24ko asteazkenean itsasoratuko zela, baina gutxienez ostiralera arte atzeratu dute irteera.


2024-04-24 | ARGIA
Dozenaka atxilotu egon arren, azkartuz doaz Palestinaren aldeko AEBetako unibertsitateetako protestak

33.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Eguneraketa berriak daude