argia.eus
INPRIMATU
JEAN MÉTELLUS
"Poesia aiztoa da, kalashnikovaren aurka borrokan"
  • Haiti aske eta demokratikoaren aldeko ekintzaile eta poeta urtarrilaren 4an hil zen, Parisen, 76 urte zituela. Mintzaira eta joskera sinplean, arrazakeriaren aurka oldartu zen sarritan bere poemetan.

Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2014ko urtarrilaren 26a
Jean Métellus (Arg: Gerald Bloncourt)
Jean Métellus (Arg: Gerald Bloncourt)

Familia handi bateko semea, 1959an sortu zen Jacmelen, Haitiko hego ekialdean. Hogei urte zituela, matematika eta natur zientziak irakasten hasi zen. Handik gutxira baina, François Duvalier Papa Doc heldu zen agintaritzara, eta hark ezarritako diktaduraren ondorioz, atzerriko bidea hartu behar izan zuen Métellusek. 75 dolar besterik ez omen zeramatzan patrikan. Parisen finkaturik, medikuntza ikasi eta neurologian espezializatu zen, hain zuzen afasian eta burmuineko lesioek eragindako hizkuntza arazoetan. Eta hala, poesiak baino lehen, Paris inguruetako ospitaletan terapeuta aritu izanak eman zion sona munduan barrena. Linguistikan ere doktoratu zen Sorbona Unibertsitatean.

Haitiko beltz guztien kasuan bezala, Métellusek esklabotzaren arrasto garbia zuen deitura. Plantazioetako jabeek, izen afrikarra ostu eta gogoak emandakoa ematen zieten beren esklaboei; poetaren arbasoen kasuan, Métellus. “Nondik datorren ahantzi gabe daramat izena”, argitu zuen inoiz.

Claude Mouchard sendagile eta idazle gaztearen eskutik heldu zen literatur mundura, eta Aimé Cesaire, André Malraux eta Maurice Nadeau izan zituen lehen aita pontekoak. 30 urtetan sortu zituen lehen poemak, bizitzan gehien baliatu zuen hizkuntzan, alegia frantsesez. Gerora sarritan azaldu zuenez, “somnambulismo moduko batek jota” hasi zen idazten, “egiten ari nintzenaz ez nuen sobera kontzientziarik, baina jarraitu beste erremediorik ez nuen izan, ordurako ezin bainion idazteari utzi”.

Lehen poema haiek 1969an ikusi zuten argia, Maurice Nadeauren Des Lettres Nouvelles eta artean Jean-Paul Sartrek zuzentzen zuen Temps Modernes aldizkari literatioetan. Ia hamar urte geroago heldu zen Au Pipirite Chantant, bere poema-liburu ezaguna. Hogeita hamar bat obra ondu zituen haren atzetik, poema-liburuak ez ezik, baita antzerki obrak, saiakerak eta nobelak ere tartean, “zuntz poetikoz josiak denak”.

Metéllus poeta eta sendagileak oso gogoan izaten zuen bere terapeuta ofizioa luma hartzen zuenean. Poesia zer den definitzea eskatu zitzaiolarik, “gizakiaren erresistentzia indarrak tinko eta bizirik mantentzen dituen nerbioa da”, aipatu zuen behinola.

Eskainitako azken elkarrizketan –2013ko abenduan, hil baino hilabete lehenago– Frantziako gizartean areagotzen ari den arrazismoaz mintzatu zen Métellus. Ildo horretan, poesia arma ote den galdetu zion kazetariak, eta hark erantzun: “arma da, baina mugatua: poesia aiztoa da, kalashnikovaren aurrean”.