"Kultura oso garrantzitsua da, eta ez dut uste jendea jakinaren gainean dagoenik"

  • Itxaropen puskatuak, nasa hutsak, zaldi izutuak, gaueko orkestrak, txakur deslaiak, maleta galduak... Txuma Murugarrenen imaginarioa zabaltzen da, Angel Unzu gitarra-jotzailearekin batera egindako disko berrian: 14 abesti eta 13 istorio txiki (Gaztelupeko Hotsak, 2013). Unzuk konposatu ditu abestiok, eta konponketa musikal guztiak ere haren kontu izan dira. Partitura egile aparta da, denek nahiko lukete ondoan. Txuma Murugarrenek, berriz, hitzak jarri dizkie doinuei, baita ahotsa ere. Binomio ezin hobea osatu dute Unzuk eta Murugarrenek. Azken honekin aritu gara solasean.


2014ko urtarrilaren 19an
Txuma Murugarrenek eta Angel Unzuk aspaldian ekin zioten bien arteko elkarlanari.
Txuma Murugarrenek eta Angel Unzuk aspaldian ekin zioten bien arteko elkarlanari. Gaztelupeko Hotsak

Nolakoa izan da zuen arteko elkarlana? Nola egin zenuten topo?

Aspaldiko proiektua da, nire bakarkako ibilbidea hasi nuenekoa, 2000. urte ingurukoa. Oiartzunen egindako kontzertu batera etorri zen Unzu eta proiektua azaldu zidan. Berak konposatutako abestien gainean hitzak egin nitzan nahi zuen, eta abestea. Hurrengo asteetan berriro elkartu ginen eta demo moduko bat erakutsi zidan. Bost abesti idatzi nizkion, baina kantuan aritzea ez nuen oso argi ikusten, esan bezala, ekin berria nion nire bakarkako ibilbideari, eta ez nuen jendea nahastu nahi. Tiradera batean gordeta geratu ziren hitzok. Urteak joan, urteak etorri, halako batean Unzuk gutuna bidali zidan e-postaz, eta aurrera egitea erabaki genuen. Bost abesti dira orduan egindakoak, beste batzuk azken urteotan sortutakoak eta beste bi prozesuan bertan ondutakoak.

Esperientzia aberasgarria, beraz...

Angelekin lan egitea oso aberasgarria izan da, bai, musikari peto-petoa baita, benetako musikaria. Niri musikaria naizela esaten didatenean, hitz handiegia dela iruditzen zait, eta  musikaria ez naizela esaten diet; zer esanik ez, benetako musikariak ikusten dituzunean, orduan konturatzen baitzara zure mugez. Angel musikaria da, konpositore bikaina, ibilbide luzekoa, asko entzundakoa eta gustuko du jostatzea. Oso lan txukuna egin du disko honetan, badu sena berezia, badu zer esana, ez da exekutatzaile hutsa. Bera, beste musika molde batetik dator, eta nigana eman du pausoa... Baina niretzat ere, lan egiteko modua bestelakoa izan da, ez bainago ohituta egindako melodiaren gainean hitzak jartzen, alderantziz egiten dut lan. Metrika jakin batera ekarri behar baduzu hitza, dauzkazun ideia asko ezin dira borobildu, lekua handiegia ala txikiegia delako. Bestetik, Unzuk egin dituen abestiek oso erregistro zabala dute, tonalitatea oso aberatsa dute, eskala eta erdi gora eta behera, eta, aspaldian ez bezala kantatu behar izan dut.

Hitzak nola etorri dira?

Hitzak oso baikorrak dira, itxaropentsuak, argi puntu bat daukate, nahiz eta oinarrian dauen istorioak gizakion eguneroko gatazkak diren. Ez dira gatazka gizatiarrak, gure barnean dagoen mundu horretan gertatzen diren istripuak eta kontraesanak baizik. Serioa da, oso gai sentibera delako, eta horrek malenkoniara edo tristurara lerrotu zaitzake, baina ez da horrela izan, abestiok usain optimista eta ironikoa daukate. Tragedia horiek guztiak kanpotik ikusten badituzu, ez dirudite horrenbesterainokoak, ezta? Besteengan ikusten badituzu, huskeriak iruditzen zaizkizu eta bizitzak aurrera egiten du berdin. Beraz, hobe duzu bizitzaren trena ez galdu.

Zarautzeko Bufalo taldeko Joanes Ederra baxuan eta David Gorospe baterian, musikari gazteen laguntza izan duzue disko berri honetan. Gogor eta gogoz al dator jende gaztea?

Bai, hala da, musikari gazteak dira, baina kontuan izan David Gorospe, bateria-jotzailea, 12 urterekin ari zela jazz munduan gauza ikaragarriak egiten! Oso ondo egin dute lan. Musikari apartak dira.

Lehen aipatu duzu ez duzula zure burua musikaritzat. Zein da musikak zure eguneroko bizitzan hartzen duen tartea?

Tarte handia hartzen du, baina ni ez naiz exekutatzaile edo instrumentista ona. Nire abestiak egiteko baliatzen dut musika, eta gero, zuzenekoetan gai naiz nire gauzatxoak egiteko baina ez naiz oso gauza konplikatuak egiteko gai. Gitarra erritmikoa jotzeko gai naiz, baina musikaren pisua lagundu didaten musikariek izan dute beti. Oraingoan ere Angel Unzuk egin du dena, konposatu, konponketak, moldaketak... eta ikaragarri ondo gainera.

Euskaldun berria zara, euskal filologian lizentziatua eta euskara irakaslea. Nola bizi duzu gure hizkuntzaren egoera?

Aspalditik naiz euskararen aldeko aktibista. Nire emaitza kulturala beti izan da euskaraz egina, idatzi, musika egin... Ezin dut beste era batean irudikatu nire eginbeharra. Nire ofizioa ere bada, noski, irakaskuntzan aritzen bainaiz.

Euskararekiko dudan kezka handia da, arlo guztietatik begiratuta, kultura, hezkuntza, hizkuntza... Euskarak bizi duen egoera diglosiko honetan bizi ditugun arazoak, euskaraz bizi nahi eta ezina, sendagilearengana jo eta euskara erabili ez, edo modu testimonial batean baino ez... Min handiegia hartzen dut horrelako gertakizunekin, ez nuke horren sakon hartu behar, baina oso garrantzitsua da niretzat hizkuntzaren gaia. Euskararen egoeragatik kezkatzen naiz, eta pozten naiz berri pozgarriak datozenean, eta tristetzen naiz berri tristeak datozenean. Oso oreka zaileko egoeran gaude, lan eskerga dago oraindik egiteko eta guztion aktibismoa beharrezkoa da, oraindik ere, gure hizkuntzaren alde.

Eta nola ikusten duzu Kultura?

Kulturak ez du arazorik, sorkuntzaz, osasuntsu dagoela esango nuke. Sorkuntza gertatu eta plazaratzeko orduan hasten dira arazoak. Zergatik? Alde batetik, hizkuntza minorizatua delako, daukagun industria zaharkitua dagoelako, ez dakigulako Internet edo datorren hori modu eraginkorrean nola moldatu... Auskalo. Adabakiak jartzen ditugula ematen du.

Behin zure lana argitaratuta, jendearengana heltzeko arazoak izaten dira, komunikabideetan ez baitzaie behar besteko arreta jartzen euskaraz egindako ekimenei, modu testimonialean ez bada. Orokorrean, euskal produktuei ezikusia egitea da komunikabideen politika.

Azkenean, publiko jakin baten esku geratzen zara, baina publiko horren ohiturak azken urteotan aldatuz joan dira eta jendea ez doa lehen bezala kontzertuetara, ez dago lehen besteko interesik. Publiko krisia dago, antzerkian, musikan, zuzeneko emanaldietan... Eta hor dago gakoa. Horixe dugu egin beharreko hausnarketa.

Nire ibilbideari begiratuta, kezkak dira gogoratzen ditudanak, disfrutatu dut, baina neurriz. Eta ez dut uste bakarra naizenik, dena ondo doala esaten duena gezur txikitan dabilela esango nuke. Garai hauetan jendea eroso dabil, eman diezaiotela... Arazoa da guretzat, gu ez baikara artista ezagunak, bilatu egin behar zaituzte eta bilatzeko gogorik ez baduzu, gauza berriak aurkitu nahi ez badituzu, zertarako egingo duzu ahalegin hori...

Kultura gutxietsia dago, gauza praktikoak bilatzen ditu jendeak, ekonomiaren munduan bizi gara, mundu produktibo batean, hitzaren zentzu kapitalistanean. Garrantzia eman behar diogu materiala ez den horri. Duela gutxi, Joseba Irazokiri entzun nion; musikariok ez badugu diskoetatik kobratu behar, orduan zergatik kobratu behar du elektrikari batek? Gertatzen dena zera da, elektrikariak egiten duenak etekin praktikoa duela, eta nik egiten dudanak ez. Oso lausoa da dena... Gure lana gutxietsitako dago, espiritua ere elikatu behar dela erakutsi behar zaio jendeari, eta horretarako kultura bultzatu behar dela, oso modu arinean baloratzen baitugu. Garrantzitsuagoa izango da mahaian zopa platera izatea, edo azken iphonea lortzea, eta horren aurka borrokatzea zaila da. Kultura oso garrantzitsua da eta ez dut uste jendea jakinaren gainean dagoenik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Taldeak
Neomak taldea
"Tradizionala dirudien zerbaitetik hasita, perreoan amaitzen dugu jende artean"

Kepa Junkerarekin panderojole aritu ziren sorginek ibilbide propioari ekin diote eta lehen diskoa aurkeztu dute Durangoko Azokan. Trikitixa eta panderoa alboratu gabe, gozoki gozoa gehitu diote Neomak sorkuntza-proiektuari: musika elektronikoa.


‘Loturak’ festibala sortu dute Leire Iribarne omentzeko

Donibane Garaziko gaztetxeak hiru eguneko festibala prestatu du. Ekainaren 16tik 18ra ospatuko dute Lasan eta Donibane Garazin.


2021-06-27 | Xalba Ramirez
Komunikazioa-inkomunikazioa: tradizioa eta abangoardia

Beñat Achiary, Bartzelonara bidean zen Artze anaiekin, ikuskizuna eskaintzera, txalaparta eta ahots inprobisazioa abangoardia ziren garaian –eta ez soilik ekitaldietarako betekizuna–. Auto motela, errepide luzea, aulkia erdi etzana, eguzkia kopetan, eta... [+]


Lourdes Iriondo
Ez Dok Amairu-ren gidaria

Kantagintza berriaren izen lehenetarik bat izan zen. Arrakasta itzelezkoa izan zuen bakarlari, eta Ez Dok Amairuren partaide eta eragile izan zen. Iaz, Xabier Leteren omenezko ekitaldiak batean eta bestean egin zirenean, hantxe izan zen beti edo gehienean Lourdes Iriondoren... [+]


Eguneraketa berriak daude