argia.eus
INPRIMATU
Nork bere gela, nork bere denbora
Myriam Garzia 2014ko urtarrilaren 16a
1979an Oihulariklown antzerki taldea sortu zuen Virginia Imazek. Maskara antzerkian eta klown teknikan oinarritutako hainbat antzezlan egin ditu, ordutik. Oraintsu publikoaren aurrean jarri da berriro ere, baina aitor du sudur gorririk gabe agertzea “kosta egiten” zaiola. Galdakaoko IX Berdintasun Jardunaldietan Emakume sortzaileak: Disidentzia eta transgresioa Eszenan hitzaldia eman zuen. Bere esperientziaz mintzatu zen batez ere, emakumeek arte eszenikoetan bizi duten egoera azaltzeko.
 
Emakume sortzaileek gainditu behar duten gaia lana eta familia uztartu ezina dela dio Imazek, ama izatean beren sormen jarduerarekin jarraitzeko duten zailtasuna. Imaz ama da, eta aktore lanak apur bat nomada izatea eskatzen du. Sarri esan omen zioten antzezle lanak utzi beharko zituela ama izatekotan. “Eta, arrazoia zuten”. “Dena nahi duzu” esaten zioten, eta “bai horixe” erantzuten zien hark: “Gizonezkoek dena izan dezakete eta emakumeok zergatik ez? Ez nuen ulertzen”. Uztarketa hori “oso maite zaituztenen lepotik” lortzen dela dio aktoreak, hau da, bikotekideak edo familiak bere gain hartzen duelako umearen erantzukizuna. “Garai batean zenbait aktoresa, bakoitzak bere txikia ondoan zuela, biltzen ginen kamerinoetan”, dio Imazek. Oso irudi profesional txarra ematen omen da horrelakoetan, “lanak uzten dizun denbora tartean erosketa egitea bururatzen zaizulako. Oraindik ez dut ikusi gizonezkorik etxeko erosketa lanera eramaten duenik. Erresistentzia ariketa ona da”. Azkenean, bere konpainia sortzea izan omen zen irtenbidea aktore honentzat, “agendaren kontrola neronek eramatea”.
 
Aktoresen artean profesionalerako jauzia zaila dela nabarmendu du Imazek. Besteak beste, amatasunagatik edo arrakastaren aitortzagatik, emakumeentzat “afektutik pasatzen baita, eta gizonezkoen kasuan, aldiz, aitorpen publikotik dator”. Horregatik, Virginia Wolfek zioen gela propioa izatearen garrantzia izan zuen mintzagai Imazek. “Nork bere gela ez ezik, baita nork bere denbora ere, sorkuntzak horixe eskatzen duelako”.