argia.eus
INPRIMATU
Krisiari aurre egiteko olatuaren bila
  • Baiona, Angelu eta Biarritz Euskal Herriko gune turistiko nagusienetakoak dira. Besteak beste surfaren industria loratu da, 3.500 langile baino gehiago hartzen dituena. Testuinguru ekonomikoak behartuta, aurrera egiteko beste bide batzuk bilatu behar dituzte sektorearen oparotasuna ziurtatzeko.

Martin Vicioso @martinvicioso 2014ko urtarrilaren 16a
Angeluko Olatu Leku kirol irristagarrien industria parkean 50 enpresa daude bilduta. (Argazkia: Martin Vicioso)
Angeluko Olatu Leku kirol irristagarrien industria parkean 50 enpresa daude bilduta. (Argazkia: Martin Vicioso)

Aturri ibaiak Euskal Herriko txoko ederrenetako batean isurtzen ditu bere urak, Baiona zeharkatuta Kantauri itsasoan itsasoratzen da Angelu ezkerraldean duela. Azken hamarkadetan, gune turistiko garrantzitsu bilakatu da, urtean milaka bisitari jasotzen ditu Europa osotik, baina batez ere Frantziatik. Kirolerako gune aproposa ere bada, Biarrizko eta Angeluko hondartzetan surflari ugari ikus baitaitezke urte osoan.
Zerbitzuak eta turismoa zonaldeko jarduera ekonomikoaren eragile nagusiak izanagatik ere, industriak eta merkataritzak pisu handia dute. Krisi ekonomikoak sektore guztiak kolpatu ditu, baina azken biek egoera kezkagarriagoa bizi dute gaur egun. Baiona-Euskal Herriko Merkataritza Ganbarak ateratako azken txostenak hala azaltzen du behintzat.

Baionako portuko zirkulazioa %16 murriztu da 2013ko lehen bi herenetan, besteak beste, Espainiako Estatuko etxegintza sektorearen gainbehera dela eta. Izan ere, bertan erabiltzen diren materialen hornitzaileak dira portuko bezero nagusietakoa. Nekazal, elikagai eta elektronika industriek ere beherakada izan dute. Etxebizitzen eraikuntzak, halaber, atzera egin du apur bat, eta langabezia areagotu da arlo horretan. Turismoari dagokionez, 2012tik datuak hobetu diren arren, sektorean dihardutenak ez dira baikor ageri, eta ez dute uste garai bateko irabaziak lortzera hurbilduko direnik epe ertainean.

Korrontearen aurka surfean

Testuingurua ez da aproposena surfaren industrian aritzen direnentzat. Turismoak eragin zuzena du horretan, bisitarientzako ikastaroak baitira surf eskolen eskaintzaren funtsetako bat. Hala ere, azken urteetan, sektoreak etorkizun oparoa izan dezakeelakoan, bultzadatxoa ematea erabaki du Merkataritza Ganbarak. Angelun Olatu Leku gunea sortu du, kirol irristagarriekin lan egiten duten enpresak aritzeko industria parkea.

Gaur egun 50 enpresa baino gehiagok dute euren bulegoa Olatu Lekun. Mundu mailan ospea duten erakundeekin batera, bertan sortutako marka xumeagoak ere badira. Izan ere, proiektuak aurrera eramateko laguntza eta aholkuak ematen dituzte. Industriaren baitan alor ezberdinak jorratzen dituzte: materialen diseinua eta sorkuntza, marketina, merkataritza eta kudeaketa lanak eta zerbitzu teknikoak, besteak beste. Helburua enpresen arteko sinergia sortzea da, gune berean aritzea denentzat onuragarri izango delakoan. Erantzun positiboa izan du orain arte ekimenak. Esaterako, Merkataritza Ganbararen datuen arabera 2013an iraila bitartean Baiona inguruan sortu diren hamasei enpresetatik bostek Olatu Lekun kokatu dute euren egoitza. Batzuk bertakoak dira eta besteak Frantziatik eta AEBetatik etorritakoak.
Surf eskolak, bitartean, eskaintzen dituzten zerbitzuak berritu beharrean daude. Dezente dira – Angelun, adibidez, 10 baino gehiago –, eta esan bezala, kanpotik datorren jende kopuruak behera egin du. Berrikuntzen artean, adibidez, yoga eta surfa uztartzen eta kirolaren bitartez hizkuntza irakasten duten ikastaroak eskaintzen dira.

Ingurumenari halabeharrez lotuak

Hainbat sektore industrialetan naturaren txikizioa bidezkotu da irabazi ekonomikoen izenean. Surfarekin kontrakoa gertatzen da. Lapurdiko kostaldeak kirol hau praktikatzeko eskaintzen dituen baldintza egokiengatik finkatu da. Beraz, itsasoan eta olatuetan eragin dezaketen proiektuak zuzenean kaltetzen dute industria hau. Horregatik, inguruan diharduten hainbat enpresa inplikatu izan dira Pasaiko kanpo portua bezalako proiektuak salatzeko orduan. Mundu mailako Surfrider fundazioak bultzatutako Keepers Of The Coast (Kostaldearen Zaindariak) programaren barnean salatu zuten proiektua. Izan ere, diotenez, itsas ekologia aztoratzeaz gain, itsas dinamikak ere aldatuko lituzke.