Askoren artean :: Imanol Urbietaren kantak. Bakarrik eta libre
Elkar, 2013
Orriotan idatzi nuen azken musika erreferentzia bilduma bati zegokion eta oraingoan ere halako beste batek eman dit arreta. Gure (eta ondorengoen) haurtzaroko soinu banda osatzen duten kantuen egileari omenaldia egin nahi izan zioten Zarautzen, Udalak eta hainbat herritarrek. Mikel Kazalis musikari eta soinu teknikari beteranoak koordinatu du bilduma eta parte hartu duten ia talde guztiak bere Fidelenea estudioan grabatu ditu. Prozesuan, Elkar argitaletxea batu zaie eta lan ederra argitaratu dute elkarrekin.
Orain dela urte asko Esan Ozenkik kaleratutako Ikastola berria eraiki dezagun Zuberoan bilduma etorri zait gogora, Sohüta herrian ikastola proiektua babesteko egin zutena. Antzekotasunak hartzen dizkiet bi proiektuei. Lehenik eta behin, diskoan parte hartu duten taldeak oso esanguratsuak direlako; bietan emaitza oso irekia eta aberatsa delako, bestetik; eta, azkenik, umeekin zerikusi zuzena duten kantuak izanik sorkuntza prozesuan zehar musikariak hartzailea zein izango den duda-mudan egon direlako.
Diskoa Eñaut Elorrietak zabaldu du Bakarrik eta libre piezarekin. Teklatu eta programazioez lagunduta, elektronikotik eta orkestraletik duen giro hauskorra gehitu dio. Sofistikazioetatik urrun, Pettik, koblakari gisa, Ran Roberran eguneratu du. Split 77 taldeak –Zea Mayseko– Aiora Renteriarekin Txiki, txiki, txikia kantua koordenada elektroniko eta modernoetara eraman du, goxotasuna galdu gabe, alderantziz, biderkatuta. Joseba Irazoki munstro bat da eta berez ilun samarra den Astoa ikusi nuen abestia destroy puntura eraman du Jon Spencer bailitzan Felix Buff bateria jotzailearen laguntzaz. Pariak Bai taldeak Behin betiko country bizi eta dotorez margotu du. Aitor Gorosabelek beste behin erakutsi digu edozein motatako kantuak sortzen jenioa dela eta Haizen herrira-n marrazki bizidunetarako moduko introa eta metal melodikoa batu ditu Su Ta Garrek. Anari taldea gai izan da, ume batzuekin batera, berezko tempo bereizgarriari helduta, Gitarra bat belarrira xuxurlatzeko. Fermin Muguruza bere hastapenetara itzuli da Kalera, kalera aukeratuta, eta Solano eta DZrekin batera, trikia eta dub-a batu ditu, Goseren tankeran. Mursegok ere aukeraketa aproposa egin du eta one-woman-band honek intriga, abentura eta soinu-efektuekin aurkeztu digu Mac Mikel. Agian Kazalisen Matxurak ez ditu umeak izutuko Kalabera kantuarekin, oraingoan berezko rock industriala pixka bat xuabetu dutelako. Lou Topetek country eta folk haizeaz puztu du Txoria nintzela; eta Audience Serore-ri kubatar eta latino ukitua ematen ausartu da. Makala Jazz Funk Band-ek, ia abestu gabe eta groove askorekin dantzan jarri du Jon Braun. Eta, bukatzeko, Andoni Egañak ‘Manolo’ Urbietari idatzitako pieza hunkigarria abestu dute Egañak berak, Pirritx, Porrotx eta Maritomotsek eta beste zenbait lagunek.