argia.eus
INPRIMATU
Igeldoko harria
Amets Arzallus 2014ko urtarrilaren 16a
Harri jasotzaileek euskarari bihurritu eder bat ematen diote, eta boterea hankaz gora jarri, menperatzeko ez baitute zapaldu behar izaten, alderantziz baizik, bizkarrera jaso. Menpean hartzeko ohoratu egin behar dute, nolabait, harria. Hala dago Igeldo aspaldian, Donostiaren sorbalda gainera altxatua, goratua bezain menpean hartua. Ezin boterea hankaz gora jarri. Atrakzio parkea eta aldentzeko irrika, biak eltze berean. 
 
Igeldok badu harri bat malapartatua, traketsa, heldu leku onik gabea, oboide eiteko irregularra, harri jasotzaile denei komeriak eragiten dizkiena: Igeldo Harria. Aurten urteroko egun seinalatuaz beste batean jaitsi dute Trinitate Plazara, eta han dabiltza donostiarrak eta gipuzkoarrak oro, begiak bihurrituta, eskuak uzkian, harri malapartatua, nondik heldu behar ote zaion ezin antzemanda.
 
Izena bera ere ez dakit nork jarria ote duen Igeldok, nondik ote datorkion igel erro hori, aspaldian gehiago baitirudi apoen auzoa. Eta ez da harrigarria herri irrika izatea, nahiago izatea putzu ertzean apo, gero eta gogaikarriagoa baita igel ergelen karranka.