argia.eus
INPRIMATU
Heldu diren batailak
Jakes Bortayrou 2014ko urtarrilaren 16a
2013ko azken asteetan, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala aldarrikatzen duten sektoreak mobilizaturik ziren bitartean, Frantziako Gobernuaren aldetik mugimendu batzuk ikusi ahal izan ditugu, ondoko hilabeteetan irekiko den sekuentzia berria marrazten dutena. Mauleko manifestaldia baino zenbait egun lehenago, Jean-Marc Ayrault lehen ministroak gutuna igorri zien Garapen eta Hautetsien kontsailuen presidenteei. Gutuna bera keinu politikoa zen, ordu arte dosierra nolanahika kudeatu zuten Barne eta Deszentralizazio ministroen eskuetatik kendua zela iragartzeko. Gutunean zalantzan zen lurralde kontratu bereziaren printzipioa baieztatzen zuen Ayraultek, baita tokiko gobernantza egitura azkar baten beharra ere. Azkenik, Euskal Herrian hainbeste haserre piztu zuen elkarrizketari ukoa bertan behera utzi zuen prezio merkean, delegazioa errezibitzeko kontseilari bat izendatuz. Haatik, hitzik ez Lurralde Kolektibitateari buruz.
 
Bitartean, prefeta azken hilabeteetan mindu ziren arazoak banan-banan indargabetzen saiatu da. Ikastolen diruztatzeari begira azken hogei urteetako statu quo apurtu ondoren, hautsi-mautsi berria prestatzen ari omen da. Kantonamenduetako berrantolaketa dela eta, bazterrak inarrosi zituen lehengo proiektua baztertua izan da eta mapa berriak euskal lurraldea ontzat eman du. Baina lurralde gobernantza atalean ari da prestatzen kontraofentsiba nagusia. Azken bi urteetan instituzio aldarrikapenak lortu dituen sostengu eta garaipenen aurrean erantzun politikoak atzeman behar ditu Estatuko ordezkariak.
 
Lurralde antolaketari buruzko lege berriak sortu duen “Lurralde oreka poloa” Ipar Euskal Herrian sortzea proposatzeko asmoa du. Makiabelismo zerbait ikus daiteke jokaera horretan: hautetsien artean Lurralde Kolektibitatearen alde sortutako adostasun zabala lehertuko dela eta holako egitura konplexua zutik ezartzerakoan, bakoitzaren tokiko interesek gaina hartuko dutela espero du. Beste aldetik ikusita, gogoeta sakona ezinbestekoa da: proposamen hori erdibide bat ote da urrunago joateko ala karrika itsua eta zepo politikoa? Boikot hutsa defenditu behar ala dagoena hartu badaezpada ere? Nola atxiki jendarte zibila eta hautetsien arteko aliantza eta zer-nolako estrategia eraginkorra plantan ezarri, hautu taktikoez haraindian funtsezko helburuak lortzeko? Ekuazio konplikatu honi 2014ko urtean gaineratuko zaizkio herri hauteskundeetako emaitzak, Udalbiltzaren aurrerapausoak, Bretainian eta Korsikan burutzen ari diren prozesu politikoak, Eskozia eta Kataluniako erreferendumen lurrikara ahantzi gabe.