Hendaiatik Gasteizerako bidea egitea maiz samar egokitu zait azken aldian. Hendaian behin baino gehiagotan egin dut topo Paristik datorren edo Parisera doan abiadura handiko trenarekin; geltokitik hurbil izaten denez, poliki pasatzen ikusten dut beti. Deba Garaikoa arrunt bestelakoa da, noizbait ibili nahiko duen trenaren ibilbidearekin egiten baitut topo, zubiz eta tunelez osatutako ibilbidearekin hain zuzen ere.
Lapurdi zeharkatzen duen tren lasterrak, jakin badakigu beste hogei urtean gutxienez poliki zeharkatuko duela, baina gure Hegoaldean gertatzen ari denak gero eta gaiztoagoa den sorgin gurpilean harrapatuta gauzka denak, aldeko zein aurkako jarrerak izan.
Esan bezala, Pariserako bidea motela izango da hamarkada bitan gutxienez eta Espainiarakoa ere martxa berean doa. Zentzu horretan, lanen jarraipena duda-mudan jartzeak zilegi dirudi. Batzuentzat, aldiz, aurrera egin beharra dago, besterik ezean, egindakoak atzera bueltarik ez duelako, eta egunen batean Espainiako eta Frantziako gobernuek iritzia aldatuko ote duten itxaropenean. Ekonomia moteldu zaigun honetan ezin uka izugarrizko tripako mina ematen didatela horrelako lan faraonikoek, baina mila milioi eurotik gora zakarretara botatzeak ere bai.
Alde ala aurka izan, guztiok errealitate beraren aurrean gaude, hau da, trenak ez gaitu Madrilera edo Parisera abiada handian eramango hamarkada batzuetan, eta bitartean begien bistan ikusiko ditugu zahartzen zubiak eta tunelak.
Hainbat arlotan hain ospetsuak izaten diren hirugarren bideak ez ditut kasu honetan inoiz aditu, orain arte egindako lanak beste ezertarako birzikla ote ditzakegun, alegia. Astakeria al litzateke egindako lana, puska berriren bat gehitu beharko balitzaio ere, zerbitzu anizkoitzeko multiplataforma bilakatzea? Ura, gasa, elektrizitatea, eta abar, batetik bestera garraiatzeko edo esportatzeko baliatzea, edo CERNen antzera partikula azpiatomikoekin ikerketa egiteko azpiegitura gisa aprobetxatzea, edo auskalo zertarako?
Administraziotik etenik gabe aipatzen den berrikuntza bideak inoiz baino zentzu handiagoa du kasu honetan eta administrazioak berak izan beharko luke berrikuntza horren bultzatzaile nagusi. Ulertzen dut zaila izango zaiola administrazioari hamarkada luze batean mantendutako jarrera zalantzan jartzea, baina sinesgarritasuna irabaziko lukeelakoan nago.