argia.eus
INPRIMATU
NIKOLAS LEKUONA, jaiotzaren mendeurrenean
Abangoardiaren katebegia
  • Luzeago bizi izan balitz, bere lan-lerroak garatzeko urteak izan balitu, itzal handiko artista izango omen genukeen. Lau urte besterik ez zituen izan arteari ganoraz eskaintzeko, baina lorratza utzi zuen landutako diziplinetan, hala nola, margoa, marrazkia, argazkia eta fotomuntaketa. Haren ekarpenaren aitortza aski berandu heldu bazen ere, Nikolas Lekuona Nazabal (Ordizia, Gipuzkoa 1913- Fruiz, Bizkaia, 1937) erreferentziazko autorea izan zen abangoardiako artean.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2014ko urtarrilaren 08a

XX. mendeko lehen hiru hamarkadetan Europan loratutako korronteek liluratu zuten Lekuona gaztea, eta artean Madrilen bizi zela –aparejadore izateko ikasten ari zen– murgildu zen ur horietan bete-betean. Orduan bogan ziren zenbait ideia, Futurismoa, Errusiarren Konstruktibismoa edo Frantziako eta Alemaniako Surrealismoa barneratu zituen eta bere moldera egokitu.

Arte esparru ugaritan jardun bazuen ere, aipamen berezia egin ohi diote adituek fotomuntaketan egindako lanari. Garai hartako medio kutuna zen collagea, baina Europako korronteari jarraitu ziotenek ez bezala, Lekuonak kritika sozial eta politikoz jantzi zituen bere obrak. 1932 eta 1935 urteen artean sortu zituen gehienak, eta bi gai landu zituen bereziki: langile eta nekazarien mundua eta gerrarekin zerikusia zutenak. Kapitalismoaren eta gerraren sinbologiari muzin egin zien, eta emakumeari eta kirolari lotutako irudiak sortu zituen. Artistentzat ez ezik, afixak nahiz aldizkari eta liburuetako azalak egin dituztenentzat ere kontuan hartu beharreko erreferentzia izan da bere teknika, urte askoan.

Argazkilaritzan emandako pausoak ere miretsiak izan dira, bereziki abenduan, bere jaiotzaren mendeurreneko ospakizunetan. Ordiziako Ortzadar Argazki Elkarteak, esaterako, Abangoardista baten egungo irakurketa 1913-2013 erakusketaren bidez omendu du herriko semea. Elkarteko hamaika argazkilarik –Amaia Oararteta, Iñaki Sanchez, Francisco Albarran, Iñaki Hidalgo, Jose Migel Romero, Javier Quiros, Miguel Cavero, Julen Sainz, Omar Ben Miloud, Angel Fernandez eta Aitzol Arruabarrena– autorearen argazkiak eta muntaketak berrinterpretatzeko saioa egin zuten. Abangoardistak egin bezala, argazkilariok 35 eta 50 mm-ko optikak baliatu zituzten, eta garrantzi berezia eman zioten umore-drama binomioari.

Sarritan landu zuen heriotza, eta behin baino gehiagotan eszenaratu berea, laster batean gertatuko zitzaiona igarriko balu bezala. Gerran hil zen Lekuona, frankisten bonbapean, anda-eramaile lanetan ari zela. Kurioski, bando horren alde egin zuen Ordizia okupatu zutenean.