Topikoa da Gabonak, topikoz jositako festak direla aipatzea. Ez da txarra, ordea, topikoei tartea uztea, bizitzeko mesedegarri badira. Gabonetako topikoen sorkuntzan bi tradizio handi elkartzen dira. Kosmikoa, Harri Aroko sozietateetan sortua, egunak laburtuz doazela konturatuta, eguzkiari berriro argiaren itzulia eskatzen diona. Bestea, aro kristauko IV. mendean sortua, urtearen egutegi liturgikoa egokitzean, argi eta itxaropen hori Jesukristorekin identifikatu eta bere jaiotza solstizioaren egunean kokatu zuena. Topikoa ere bada kristautasunaren identifikazio hau makurtzat ematea. Bestela ere begira liteke, etxea egokiro pintatu eta berrituta utzi duenaren miresmenetik.
Eguberrietako beste topikoa da ekartzen duten tristeziarena. Gabonetan mahai inguruko hutsuneak agerikoak dira. Bizitzaren gurpilaren gogorapena besterik ez da hori. Luzera, tristura handiagoak ekartzen ditu gurpil horren errealitateari ez begiratu nahi izateak.
Festa erabat komertzialak direla topiko errepikatua da. Urteko beste sasoi guztiak, haatik, horrelakoxeak dira egun. Samurtasuna eta zintzotasuna egun batzuetarako dekretuz ezartzen zaizkigula purrustatzea ere sarri entzuten dugu. Ez legoke gaizki horrela izatea eta ikerkuntza zientifikoak formulari erreparatzea urte osorako luzatzerik ote legokeen aztertzeko.
Topiko berriak edo berrituak sortzen ari gara etengabe. Euskaldunon artean deigarria izan da Olentzeroren azken urteotako bilakaera supersonikoa. Mutil zahar arlote pipazale mozkor eta sarramuskatzaile izatetik aitona bizar zuri txukun, adeitsu, opari banatzaile eta waltdisneytarra izatera. Azken orduko ekarpenak, genero berdintasun azalekoaren izenean, emaztea edo laguna kokatu dio ondoan, Mari Domingi, zarpailetik dotorera ekarri ondoren. Gure artean topikoa denez, hamaika txiri-buelta dialektiko plazaratu dira honen inguruan. Niri ez zait gustatu bihurketa osoa. Egungo inozokeria sozial garailearen eraginez (haurren arloan garaile baino areago agintzaile) tradizio kristauak zuen ederrena ahazten delako. Argia eta itxaropena ez direla etorriko boteretsu eta euren jarraitzaile kaka-jaleengandik, Olentzero eta Mari Domingi bezalako pobre eta baztertutakoen eskutik baizik. Egunotako topiko berrikuntzan ia izenak besterik ez diegu mantendu, artalde otzanera ekarri ditugu euren irudi eta izaera.
Erne, abertzale jendea, topiko zopa honen sukaldari gehienak: laster Olentzero eta Mari Domingi hauek PPri emango diote botoa.