"Kaliforniari eta bertako biztanleei buruzko lehenengo albisteak dira liburuko dokumentuak"

  • Duela lau urte ezustean harrapatu gintuen itzultzaile fierrak. Euskarara ekarriak zituen ordurako R.L. Stevenson, John Steinbeck, Patricia Highsmith, William Faulkner… eta, ezustean, saiakera lan bikaina oparitu zigun: Far Westeko Euskal Herria.
    Orain, berriz, haren jarraipen den –berez, haren lehen partea– lana ondu digu: Kaliforniakoak (Pamiela, 2013), aurreko hura bezain eder, landu eta gozagarri.

Asun Garikano. (Arg: Zaldi Ero)
Asun Garikano. (Arg: Zaldi Ero)

Irakasle zinen, baita itzultzaile ere, eta idazle eta saiakeragile zaitugu. Far Westeko Euskal Herria (Pamiela, 2009) argitaratu zenuen orain lau urte. Bestelako dimentsio bat eman zion lan horrek zuk ordu arte egindako lanari. Idazle egin zintuen lan hark. Bide hura berretsi baizik ez du egiten oraingo Kaliforniakoak...

Baina irakasle izaten jarraitzen dut, eta itzultzaile –Kaliforniakoak honetan ere, harako Far Westeko Euskal Herrian bezala, itzulpen dira testuetako asko–, eta orain, gainera, idatzi ere egiten dut, bai. Hala ere, nik oso lotuta ikusten ditut hiru lanok. Irakasle izan naizenean ere hizkuntza idatzia izan da beti nire lan-arloa. Idazketa lantzen jardun dut ikasleekin –irakasleekin, egia esan, IRALEn egin baitut lan–, edo irakurketa… Hizkuntza idatziari lotua beti nire lana. Irakurketa lantzerakoan, esaterako, ahalegin handia egin dut beti testu interesgarriak, egokiak, ikasleei eskaintzen. Jakina, ikasleak ziren aurrean nituenak garai batean. Orain, aldiz, irakurleak ditut, baina ikasleei bezala, testu interesgarri eta onak aurkezten saiatu naiz bi liburuetan, bai Far Westeko Euskal Herrian, bai Kaliforniakoak honetan.

Istorio-historia ederrak beti helburu.

Hautaketa-lana oso inportantea da. Liburu honen oinarrian dauden egunerokoak astunak dira askotan. Badoa, esate baterako, Ignacio Arteaga Pazifikoaren ipar-mendebaldean gora, eta bere egunerokoan idazten dituen oharrak itsasoari edo eguraldiari buruzko xehetasun aspergarriak dira: zenbateko longitudera edo longitudera iritsi diren, haizeak nondik jotzen duen… Baina halako batean, badia batera iritsi, eta indioz betetako kanoak hurbiltzen zaizkie. Kantari datoz indioak, hildako hegazti baten lumatxoak sakabanatuz airean… Batzuetan 50 orriko eguneroko batean orri batek edo bik bakarrik dute interesa gaurko irakurlearentzat, eta horiek hautatzea lanaren atal funtsezkoa izan da.

Testu interesgarriok lotzen, bata besteari josten saiatu behar izan duzu. Kaliforniakoak ez da, besterik gabe, testu eder antologia huts.

Narrazioa osatu nahi izan dut, ez testu antologia. Testu antologia osatu banu, Historiaren bilakaerarik ez zatekeen ageriko. Testu horiek berak narrazio batean txertatuz gero, berriz, emaitza ezberdina da. Nire ustez, kasu honetan, kronologiak ezartzen duen ordena beharrezkoa zen. Baita gertaerak bere testuinguru historikoan kokatzea ere.

“Kasu honetan”, diozu. Far Westeko Euskal Herrian ez?

Beharbada, ez horrenbeste. Izan ere, kasu hartan garaia ezagunagoa zitzaigun, errealitatea ere bai. Denok dugu, gutxi edo asko, Mendebalde Urrun hartako euskal artzainaren berri. Kasu honetan, aldiz, zer dakigu XVI. edo XVII. mendeko Kaliforniaz?... Ezer gutxi. Nahitaezkoa zen, beraz, testuak garaian kokatzea eta era bateko edo besteko azalpenak ematea testuinguruaz.


Nevadan izan zinen 2007-2008 ikasturtean eta hainbat material bildu zenuen han izan zinen garaian, Far Westeko Euskal Herria ondu zenuelarik. Aldiz, hemen izan zaitugu irakasle lanean Kaliforniako testuok batzen jardun duzun aldian…

Far West egin nuenean, Renoko CBSn nintzen, Euskal Ikasketen Zentroan. Hango artxiboak arakatu nituen, eta hango liburutegia. Renora joan nintzenean ere lan hura gogoan hartuta joan nintzen. Asmoa nuen. Bigarren lan honek bestelako sorrera du. Egonaldia egin genuen Kalifornian 2010ean, Stanforden, eta aparteko lan-asmorik ez banuen ere, laster asmatu nuen. Jo batera, jo bestera, eta euskal izenak agertzen zitzaizkigun bazterretan. Egia esan, lehenengo euskal izenak bigarren alabaren bidez sartu zitzaizkigun etxe barruraino. Bederatzi bat urte izango zituen orduan, eta eskolara hasi berritan, etxeko lana ekarri zuen. Gizarte zientziak zuen ikasgaia, eta Kaliforniako historiaz ari ziren. Jarri alabaren ondoan, ikasketan laguntzen, eta hantxe, Kaliforniaren sorreran garrantzia izan zuten pertsona edo pertsonaia historikoak aipatzen zituzten. Lehenengoa, Hernan Cortes –eta horren aditzera banuen, jakina–, eta beste batzuen artean, Sebastian Vizcaino izeneko bat. “Hori euskalduna izango zen, bada!”, esan nuen neure artean. Ondoan, Fermin Lasuen agertzen zen. “Hara, beste bat!”. Alabak, zuzendu egin nahi izan ninduen: “Ez da Lasuen, Lausen da. Horrela esaten digu irakasleak”. Nik ezetz, hark euskalduna behar zuela. Lasuen zela, eta ez Lausen, nahiz eta gure alabaren irakasleak modu horretan ahoskatu. Eta izen horien peskizan hasi nintzen.

Nola bideratu zenuen zure jakin-mina?

Historia liburuak irakurtzen hasi nintzen, eta laster konturatu nintzen euskal izen mordoa ageri zela. Pila! Gobernadore eta bestelako. Arrillaga, Borika, Oñate, Anza… Eta horiei buruz idazteko asmoa hartu nuen. Hala ere, ez nuen historiografian oinarritu nahi, dokumentu originalak nahi nituen –ahal zela, behintzat–, eta bila abiatu nintzen. Ederra ere izan zen. Izan ere, administrazio kolonialak agindua zien lehenengo esploratzaile eta nabigatzaileei ikusten zuten guztiaren berri zehatz emateko, txostenak eta beste. Laster irakurri nituen Sebastian Vizcainoren egunerokoak, Juan Bautista Anzarenak, Jose Joaquin Arrillagarenak… Orduantxe hasi nintzen neure buruari esaten han bazela errealitate bat guri guztiz ezezaguna zitzaiguna. Dokumentu bila hasi nintzenean, arkeologia egiten ari nintzela iruditu zitzaidan: ezkutuan zegoen errealitatea azalera ekartzeko lana. Beste batzuetan, arkeologo lana ez, detektibe lana egin behar izan dut. “Non egon daiteke Jose Maria Zalvidea fraide bizkaitarrak idatzitako egunerokoa?”, nik, Hubert Howe Bancroft historialariaren lanetan haren aipamena egiten baitzen! “Non dago egunerokoa?”. Santa Barbarara idatzi, misio frantziskotarren artxibategira, eta han, ezetz. “Baliteke halako tokitan egotea”. Eta jo batera, jo bestera… Zalvidearen egunerokoaren originala, esate baterako, Berkeleyen aurkitu nuen, Bancroft liburutegian. Hantxe dago Arrillagak Coloradoko yumen lurraldera egindako espedizioaren egunerokoa ere. Nire lana izan da, eginahalean, originalak aurkitzea. Zenbait kasutan, ingelesezko testua besterik ez dut aurkitu, baina gehienetan dokumentu originalera iristea lortu dut.

Eta originalak eskuratu ondoren?

Bada, pazientzia handiz irakurri. Eta pasarterik pasarte, testu pintoreskoak gabe, narrazio nagusiaren harian testu inportanteenak, esanguratsuenak izan zitezkeenak aukeratu. Kalifornian nengoen bitartean hainbat dokumentu lortu nituen. Hango egonaldia bukatuta, berriz, hemen, bateko eta besteko artxibategira bidean trebatu naiz. Asko ikasi dut bidean! Indietako Artxibategi Nagusia, Sevillan (Espainia) dagoena. Hango on-line materiala! Zalduondon izan zintezke, eta, aldi berean, XVII. mendean fraide euskaldunak idatzitako eskutitza zuzenean irakurtzen!... Horrela osatu dut Kaliforniakoak, poliki-poliki.

“Poliki-poliki”…

Testuak bata besteari lotzea gertatu zait zailen. Nik nahi nuen irakurleak liburu hau narrazio bat bezala irakurtzea. Horretarako, loturak egin beharra neuzkan, ataletik atalera, jauzi handirik egin gabe. Narratibitate horixe izan dut zailena. Bestalde, irakurgarritasuna izan dut beti helburu. Uste dut gaia interesgarri zaiola euskaldunari, gure oroimen historikoan egon behar dutela Kaliforniaren esplorazioan eta kolonizazioan parte hartu zuten euskaldunek. Nire obligazioa, beraz, hori modu erakargarrian aurkeztea da. Ahalegin handia egin dut horretan, narratibitatean, testu argia eta ondo irakurriko den bat egiten. Obligazioa nuela uste dut, eta hori ez da berez ateratzen, ez da lehenengoan ateratzen, ez bigarrenean, ez hirugarrenean. Berridazketa lan etengabea da, luzea.

Testuetarik gehienak euskarara ekarri dizkiguzu. Zenbait, gaztelania zaharrean utzi. Zein izan duzu irizpide?

Batzuetan iruditu zait pasarte batzuk –Fermin Lasuen frantziskotarraren eskutitzetako pasarte batzuk, adibidez–, zoragarri zeudela bere horretan. Nik egin nezakeen itzulpenak ez zien onik egingo, hain ondo zeuden idatziak! Kontrakoa: gaurko hizkuntza estandarrera itzulita arrunt bihurtuko nituen. Testurik gehienak euskarara ekarri ditut, bai, baina batzuetan hizkuntzak berak, garaiko gaztelania horrek, denboraren marka zeramala iruditu zait, gertaerak kokatzen laguntzen zuela, eta egoki iruditu zait testu horiek bere horretan uztea.

Arestian ere esan dugu, Far West... lehenengo, Kaliforniakoak gero, baina inpentsan etorri da bigarren hau.

Far West… idazten ari nintzenean nik ez nekien batere, hau idatziko nuela. Niretzat, Kaliforniaren aurkikuntzaren historia aurkikuntza izan da! Mendebalde Urruneko errealitatearen berri banuen, gutxi gorabehera. Kaliforniakoa, aldiz, berria gertatu zait: ez nuen espero Kaliforniaren sorreran hainbeste euskaldunek parte hartzea, eta, gainera, maila horretako protagonismoa izatea.
Duela hiru urte Stanforden zinetenean, zer zenekien Kalifornian izan ziren euskaldunen gainean?
Gaur egungo berri nuen, besterik ez. Liburua, alde horretatik, ikasketa prozesua gertatu zait.

Lan ikaragarriak dira, mardulak, ongi zamatuak. Enpresa handiak, esan nahi dut…

Uste dut inkontzientea naizelako egiten ditudala. Lanean hasten naizenean ez naiz konturatzen non ari naizen sartzen. Jakingo banu, ez dakit abiatuko ote nintzatekeen era honetako lanean. Azken lau urteotan ia ez dut besterik egin. Irakasle naiz, lanaldi osoan, eta ez dut liberaziorik izan lan hau egiteko… Baina gaiari heltzen diozu, interesgarria iruditzen zaizu, jakin-mina pizten zaizu, eta segitu egiten duzu. Datu batek beste batera eramaten zaitu, halakok beste halakora, bata besteari lotuta daude… eta horrela.

Inkontzientea zarela esanduzu, baina ez dakit xuxen zer esan nahi duzun: inkontziente, ala insomne? Zu, izan ere, insomnea baitzara…

Bai, kar, kar, kar… Biak, inkontziente eta insomne. Horrek ere lanean jartzen nau, bai. Hala ere, pozik jarduten dut egiten ari naizen bitartean. Akabo, bestela!

Kaliforniakoak irakurriz, Euskal Herriaren historiaz ez ezik Kaliforniaren historiaz ere jabetzen ahal gara…

Hala da. Izenburuak ere jolas hori egin nahiko luke. Nori buruz da liburua? Kaliforniako euskaldunei buruz, bai, baina baita Kaliforniako jatorrizko biztanleei buruz ere. Liburuaren hasieran, Kalifornia hutsune bat da garai hartako mapetan; eta gerokoetan ere bai. Liburuan, Kaliforniaren mapa nola perfilatzen eta zehazten den ikusten dugu hara joan ziren euskaldunen begietatik. Esate baterako, zenbat indio nazio ezberdin zeuden lurralde hartan, zenbat hizkuntza, zenbat ohitura ezberdin… Esploratzaile, fraide, nabigatzaile euskaldun horien bitartez, Kalifornia hura zer zen ikus dezakegu. Kaliforniakoak, beraz, euskaldunak dira, baina baita hango lehenengo biztanleak ere. Erabili dudan materialak uste dut interes handia duela, Kaliforniari eta bertako biztanleei buruzko lehenengo albisteak direlako. Idatzitako hauek baino lehen ez dago ezer. Antropologoak eta gainerakoak, lehenengo Kalifornia haren berri izan nahi dutenean, nik erabili ditudan dokumentuetara jo behar dute ezinbestean. Europarren eta indiarren arteko lehenengo harremanaren lekukotasunak dira. XIX. mendearen erditik aurrera, dokumentuak askoz ugariago dira, baita indioen ikuspegia ematen dutenak ere. Baina ordurako liburu honetan aipatzen diren indio nazio asko desagerturik zeuden, eta iraun zutenen bizimodua, kutsatuta.

Kalifornia Euskal Herria
Joseba Sarrionandiaren hitzak, Kaliforniakoak liburuaren atarikoan

“Asun Garikanok xehetasunez kontatuko du liburu honetan euskaldunek penintsula hura eta handik gorako dena kristautzen, espainiartzen eta kolonizatzen egin zuten ahalegina. Monarkia espainola, indioen kontra, Kaliforniako itsasertza menperatzen ahalegindu zen hiru mendez. Haustura geologikoen moduko borrokak heldu ziren gero: Mexikoko independentzia gerrarekin, 1810-1820, Kalifornia Mexiko bihurtu zen, eta Mexikoren eta Estatu Batuen arteko gerrarekin, 1846-1848, gehiena Estatu Batuen barrutira pasatu zen (…) Liburu honek Far Westeko Euskal Herrira eramango gaituela barrundatzen dut, honen amaierako puntuak hura berrirakurtzea eskatuko baitu. Bi liburuek erakusten dute gizajendearen historia zer gogorra eta arraroa izan den (…) Kalifornia Euskal Herriaren probintzia bat dela erakusten da Asunen bi liburu hauetan, eta onartu beharrekoa da, are gehiago kontuan hartzen badugu Euskal Herria Estatu Batuen partea dela aspalditik”.

Zalvidearen espedizioa, 1806

“Ibilaldia hastean oso bide txarreko paraje bat igo behar izan genuen: gero ordoki batzuetara atera ginen, eta handik bi legoara Talihuilimit rancheria aurkitu genuen. Hiru andre adineko bataiatu nituen han: lehenengoa hirurogei urtekoa, hanka batetik ezinduta zegoena; Maria Magdalena jarri nion izena: andre honek seme bat du Santa Inesen: bigarrenak 65en bat urte izango ditu, eta gerrian hartz batek hozka eginda dago: Maria Marta jarri nion izena. Seme kristau bat dauka La Purisiman: bataiatu nuen hirugarrenak ehun urtetik gora izango zituen eta Maria Francisca jarri nion izena (…) Aipatutako ranchitoan bost andre zahar eta agure bat bataiatu nituen: lehenengo andreari Maria Lucia jarri nion izena; bigarrenari, Lucia Maria; hirugarrenari Maria Dominga; laugarrenari, Dominga Maria; bosgarrenari, Fernanda, eta agureari Fernando”.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude