AHTk hiltzen du Europan ehun urtez osatutako tren sarea

  • Tren lasterra saldu zaigu hegazkin kutsatzaileak ordezkatzeko alternatiba iraunkortzat eta tren sare zaharra modernizatzeko tresna moduan. Kritikoek diote alderantzizkoa ekarriko duela. Ekarriko? Dagoeneko bistakoak dira AHTren ondorio kaltegarriak: entzun Europako tren sarean barrena luzaz mugitu den adituari. 

Wikipediatik hartutako argazkian Thalys tren lasterra Frantziako Alpeetako Bourg-Saint-Mauriceko geltokitik igarotzen. Honaino iristen dira, uda eta negu, urtero milaka oporzale, bere lau Arc elur estazioekin Europako turismo gune handienetakoa den
Wikipediatik hartutako argazkian Thalys tren lasterra Frantziako Alpeetako Bourg-Saint-Mauriceko geltokitik igarotzen. Honaino iristen dira, uda eta negu, urtero milaka oporzale, bere lau Arc elur estazioekin Europako turismo gune handienetakoa den Paradiski eremura: eski egiteko 425 kilometro pista, lotarako 35.000 gela, 200 saltoki... Bourg-Saint-Mauriceraino TGVz gain Thalys eta Eurostar tren lasterrek Alpe elurtuetaraino hurbiltzen dituzte bidaiariak Londrestik bezala Amsterdametik eta Paristik. Irudi txikian, hau ere Wikipediarena, AEBetan Washington eta Boston lotzen dituen Acela Express AHTk zeharkatzen duen Kingston herriko estazioan dagoen oharra: "Abiadura Handiko Trenak pasatzen dira bertan gelditu gabe! Mesedez, aldendu trenbidetik". Ezin hobeto laburtu dute eliteek beren zerbitzurako antolatutako tren lasterrak herritar askori ekarri dien egoera berria.

AHT ereduko tren laster bat   sartzen den lekuetan beti eragiten du beste tren askoz merkeago eta pittin bat mantsoagoak ezabatzea.  Bidaiaria bortxatua da edo garraiobide berri karioagoa erabiltzera edo trena baztertzera. Ondorioz, negozioetako jendea edo turista bai pasatzen da hegazkin zerbitzu konbentzionaletatik tren lasterretara, baina herritarren gehiengoa derrigortua da autoa, autobusa edo low-cost hegaldiak usatzera.

Europak aurreko ehun urteetan  nazioarteko trenbide sare bizkorra osatzeko ahalegina burutua zuen,  bidai eroso eta azkarrak prezio merkean eskaintzeko. Zerbitzu horietako batzuk, gainera, oraingo AHTak baino azkarragoak ziren. “Eliteentzako tren lasterrok eraikitzea ez zen batere beharrezkoa”.

Horrela laburbiltzen du Kris De Decker Bartzelonan bizi den holandarrak AHTk dakarrena. Kazetari lanetan free-lance gisa ari den De Deckerrek Low Technology Magazine eta No Technology Magazine plazaratzen ditu, nederlanderaz, ingelesez eta (atzerapenez) gaztelaniaz. Proiektuaren aurkezpenean dioenez, “Teknologia handiko [high-tech] gizarte iraunkorra aldarrikatzen duen iritzi nagusiak uste du gaurko gure bizimodua aldatu beharrik ez daukagula. Ez da errealista, baina ondo saltzen da. Hala ere gure bizimodua aldatzeak ez du esan nahi Erdi Arora itzuli behar dugunik gaurko erosotasun guztiei uko eginik. Neurri murritzagoko zibilizazio industrial bat ere bada posible... baita dibertigarriagoa ere!”.

De Deckerrek duela bost urte irakurleei jakinarazi zien aurrerantzean ez zuela hegazkinez bidaiatuko, Low Technology Magazine izenarekin koherente izan nahian. Geroztik Europa osoa zeharkatu du behin eta berriro, Helsinkitik Malagara, Londrestik Budapestera. Baina aitortzen du urtetik urtera gaitzago zaiola promesari atxikitzea. Abiadura handiko trenen erruagatik nazioarteko bidaiak izugarri garestitu dira eta, aldiz, desagertu dira lehendik zeuden ibilbide asko, oraingo berriak bezain lasterrak eta askoz merkeagoak zirenak.

Bi froga dauzka De Deckerrek pertsonalki ezagutzen eta nozitzen dituenak. Amsterdam eta Paris Bruselan barna lotzen dituen trenbidea da lehena. 1927an Etoile du Nord trenak lotu zituen, tarteko 545 kilometroak zortzi ordutan zeharkatuz. 1957an bost ortu eta erdi behar zituen, 1971n bost. Lau ordu eta 20 minutu aski zituen 1995ean, eta gainera gauezko beste trena bazen aukeran, zortzi ordu behar zituena.

1995ean kendu zuten Etoile du Nord, bere ordez gaur oraindik dabilen Thalys tren lasterra jartzeko. 3:19ra laburtu da bidaia. Gaueko zerbitzu alternatiboa ere galdu zen. Eta prezioa? Etoile du Norden garaian Europa mailako prezio estandarrak zeuden; gaur kostako litzateke 66 euro. Aldiz, Thalys hartzekotan, propagandak dio 44 euro direla askoz lehenagoko billete urrietako bat lortzekotan, baina egunean bertan 209 balio dizu, hiru aste lehenago erosiz gero 119-129 aterako zaizu. Ondorioa: denboran laurdena irabaziz, ticketa bi edo hiruz biderkatu dizute.

Hobe abioi merkea hartzea?

Are okerragoa da De Deckek salatu duen bigarren ondorioa: tren lasterrak alternatiba oro itoarazten ditu. Thalysen ibilbidea erdi prezioan –66 eurotan– egin daiteke bost tren ezberdin erabiliz, 8 orduko bidai konplikatuan: “Abentura bat da”.

Bigarren adibidea Bartzelona eta Paris arteko bidaia da. Joan den abenduaren 15ean estreinatu dute bi hirien arteko AHTa. Horrekin batera kendu dute gauaz bidea hamabi ordutan egiten zuen Trenhotel Joan Miró. AHT berriak 170 eurotan eramango zaitu Parisera. Trenhotel Joan Miró hartu zenezaken 70 eurotan eta gainera gau bateko hotela aurrezten zizun. Tren berriak eduki dezakeen alternatiba bakarra, eskualde mailako trenak lotzea da, konplikatua, luzeagoa (16 ordu)... eta garestia.

Amsterdam eta Bartzelona artean bizi denez, De Deckerrek 2014an joan-etorria 580 euro pagatu beharko du. 2013an egin zezakeen 360 eurotan Thalys eta Trenhotel Joan Miró uztartuz. “Baina 1990eko hamarkadan, Etoile du Nord eta Trenhotel hori konbinatuz bidaia egin zezakeen 270 eurotan (kalkulatuz prezioa oraingo tarifen arabera). Handik hona, prezioa bikoiztu egin da eta bidaiaren iraupena gutxi gora behera berdin mantendu”. Horrelakorik ez dizute kontatu AHTren propagandistek!

Baina kalte gehiago sufritzekotan gaude. Paris eta Bartzelona arteko tren lasterra estreinatzearekin batera eten da Bartzelonaren eta Erdiko eta Ekialdeko Europaren arteko lotura. 2010ean Montpellier eta Espainiako mugaren arteko AHTa ezarri zenetik desagertu dira Montpellier eta Bartzelona arteko Talgo azkarra, baita Kataluniako hiriburua 1994a arte eta Suitzako Geneba 10 ordutan lotzen zituena ere.

Ikusi konparazio harrigarri gehiago. 2012a arte Bartzelona eta Zurich lotzen zituen Trenhotel Pau Casals gauekoak eta Bartzelona eta Italiako Milan Trenhotel Salvador Dali gauekoak. Haiek desagerturik, orain Milanera edo Zurichera joateko tren laster ezberdinak lotuz ordu kopuru berdina behar da bidaian (lehen gauez lotan egina orain egunez) baina doble pagatuta.

Garestitze horren onuradunak low-cost hegaldiak dira. Bartzelona- Amsterdam joan-jina Thalysez  580 eurotan egiteko ordez, hegazkinez egin daiteke 100 edo 200 eurotan. AHT ezarri den beste hiriburuen artean berdintsu, horregatik dio De Deckerrek: “Masak orain aireplanoz dabiltza, eliteak hartzen du trena. (...) AHTek daukate teknologia sofistikatuz antolatutako beste soluzio ‘iraunkorrek’ daukaten arazo bera: garestiegiak dira orokortu ahal izateko. Horregatik, 10.000 kilometroko AHT sarea eraikitzeak ez du geldiaraziko Europako airezko trafikoa”.

Dezaketen bezeroak ari dira aldatzen hegazkin garestietatik tren karuotara, batez ere distantzia ertainetan, trena hegazkina bezain azkarra denetan. Gainerako jende guztiak low-cost aireplanoa hautatzen du ibilbide luzeetarako eta laburragoetarako kotxea edo autobusa.  AHTa soilik hartzen du hegaldi luzerako aireportu batera hurbiltzeko edo bidai merke bat lortu dezakeenean. Eta gutxik aukeratzen du tren lasterra bost ordu baino luzeagoko ibilbiderako.

Europak, dio De Deckerrek,  bidaia luzeak iraunkor bilakatzekotan mugatu beharra dauka airezko trafikoa. Horretarako beharrezkoa du tren sare merkeagoa, justu oraintxe suntsitzen ari direna bezalakoa, “bestela bidaiatzea aberatsen pribilegioa izanen baita”. Berriro ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abiadura Handiko Trena
Julio Villanueva (AHT Gelditu)
"Abiadura Handiko Trenik gabeko Nafarroa posible da"

Abiadura Handiko Trenaren inguruan mintzatu dira zenbait ekintzaile asteazkenean Iruñeko Zabaldin osatu duten hitzaldian. Italiako Val Susa bailarako adibidea bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan dute han sortutako mugimenduaren ordezkari bat etorri delako... [+]


Iñaki Arriolak dio AHTren lanak amaituta ikusteko oraindik "urtetxo" batzuk beharko direla

Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak onartu du herritarrak "nekatuta eta haserre" daudela obren iraupenarekin. "Euskal Y" deiturikoaren hormigoizko azpiegituraren lanak 2025ean amaituko direla hitz eman du, baina gaineko egitura guztia eta hiriburuetarako... [+]


AHT eta tren sozialerako egungo trenbidea egokitzea eskatu dute Altsasun

Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek Altsasun egindako prentsaurrekoan egin dute eskaera: tren lasterrak soilik erabiltzeko trenbide-azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuak geldiaraztea, gaur egungo tren-azpiegiturak berritzea eta... [+]


Eguneraketa berriak daude