Garai gorrietan Garai Berria

  • Argindarrik apenas duten arren, Siriako lehen agerkari kurdua argitara eman du boluntario talde batek.

Ez da sailik falta: Albisteak daude, bai eta Iritzia, Gizartea, Kultura eta, jakina, Kirolak. Irakurleak estreinakoz Nu Dem (kurdueraz Garai Berria) begiztatzen duenean, beste berripaper bat baino ez dela pentsa dezake. Baina kurdueraz idatzitako egunkari honetako langileek ederki asko dakite zenbat zailtasuni aurre egin behar dioten: argindar, internet, errotatiba eta soldata falta, besteak beste. Ez da erraza.

“Hamabosteroko zenbakia kaleratzea sekulako erronka da guretzat, baina hauxe da gerra garaiotan gizarteari egin nahi diogun ekarpena”, dio editore buru Qadir Agid-ek, Kamixlo hirian, Siriako Kurdistango hiriburuan. Agidek, familiak eta irakasle lanak uzten dion denbora eskaintzen dio egunkariari. Pasa den maiatzean 3.000 aleko argitaraldia kaleratu zuten aurrenekoz. Apustu ausarta da oso, Assad familiak –Hafezek lehenengo eta Bashar semeak gero– kurduen kontrako politika gordina ezarri ohi baitute: hizkuntza kurduaren gaineko debekua, populazio lekualdatzeak eta arabizazio kanpaina bortitzak dira horren adierazle.

2011n Siriako gerra hasi zelarik, kurduek neutraltasunaren alde egin zuten. “Hirugarren bide” horrek gobernu nahiz oposizioaren aldetik liskarrak ekarri arren, 2012ko uztailean kurduek Siriako iparraldeko euren eskualdea hartu zuten kontrolpean.

Herriarentzat lanean

Eten luze baten ondotik iritsi da, azkenik, argindarra. 25 urteko Evin Lili gazteak berehala piztu ditu ordenagailua eta sakelakoa. “Amak Irakeko Kurdistanera alde egin zuen eta neuk zaindu behar ditut orain lau anai-arreba gazteak”, dio neska kurduak. Aukera polita da Lilirentzat Nu Demen lortutako lana, herriarentzat aritzeaz gain, kazetaritzan trebatzeko parada. “Nire lanean zein den gauzarik zailena? Kalean jendearengana gerturatzea. Hiria mukhabarat agentez [siriar polizia sekretua] gainezka dago eta herritarrak beldur dira”. Segurtasun eza batetik eta bizitzaren kostua bestetik, gero eta zailagoa da hirian gelditzea bertako familientzat. Gerra piztu zenetik hiru aldiz igo dira hainbat oinarrizko produkturen prezioak.

Nolanahi, Kamixlok ez du gaurdaino Alepo edota Homs hirien patu bera sufritu. Haien aldean bareagoa du bizimodua eta biztanleek ez dute gobernu eta oposizio talde anitzen arteko su gurutzatua bizi.

Bandera eta ikur kurduak teilatu eta hiri inguruko murruetan erraz ikus badaitezke ere, oraindik Assadtarren kontrolpean daude hiri erdigunea eta aireportua. Egunero hegaldi batek lotzen ditu Damasko eta hiri kurdu hau.

Damasko eta PYDen (Siriako kurduen alderdi nagusiena) arteko paktu sekretu baten inguruko zurrumurruak zabaldu dira. Baina Salih Muslim PYDeko burukideak Argiari azaldu dionez, “ez dago inolako itunik, Assadek ez zuen Siriako gutxiengo indartsuenarekin beste fronte bat ireki nahi; besterik ez dago”. Milizia kurduaren bozeramaile Redur Khalil-ekin ere hitz egin dugu. “Gure indar militarrak ez du Assadenarekin inolako harremanik izan”, zioen PKKko gerlari ohiak. Yekineyen Parastina Gel-eko (herritarren babeserako unitate izenaz itzul daitekeen miliziako) buruak zera azpimarratu du: “Gure arazorik larriena Turkiatik datozen jihadistek sortzen dutena da”.

Independentziaren prezioa

Alan Hassan da Nu Dem egunkariko beste langileetako bat. Lanerako bidean, Bashar-en aitaren eskulturaren ondotik igarotzen da egunero. Erregimenaren paramilitarren patrol eta kontroletara ohituta dago. “Maskarak jantzita ibiltzen dira, hiri inguruan 4x4 autoetan, Siriako ikur handiak astintzen”, dio.

Gaurko lana lehenago bukatu du Hassanek, kurduerazko gaitasun agiri azterketa egitera joateko. Bere antzera, asko dira azken bi urteotan kurdueraz idazten hasi direnak. “Lan handia eskatzen du idazten hasteak. Izan ere, gure aldaera den kurmanjieraz idazteko alfabeto latindarra behar dugu, baina Sirian arabiarra da erabiltzen den idazkera bakarra”. Hassanek sail arabiarra editatzen du aldizkarian, eta politika eta kirol gaietan ere aditua da.

Argindarra moteltzen hasi da berriz eta kandelak piztu ditu lanean jarraitzeko. Hozan Hadid-ek koadernoan idazten du orain, linternaren argia lagun duela. “Damaskotik alde egin nuen eta Herri-lan Ingeniaritza ikasketak utzi behar izan nituen. Baina inguruko suntsitze honetan ez nuen amore eman nahi”.

Hadidek kazetari lana beste zaletasunekin tartekatzen du, poesia eta rap-a tartean. Oraindik eskarmentu txikia badu ere, independente izatearen ordainaren jakitun da: “Berdin da zer idatzi edo nor elkarrizketatu, kritika berbera datorkigu beti sektore jakin batzuetatik”. Siriako kurduen arteko liskar politikoei buruz onartu du zatiketak badirela, bertako jendea Turkia eta Irakeko alderdi kurduekin lerrotuta dauden heinean. Aitzitik, etsai beraren kontra borrokatu beharrak kohesioa ere ekarri duela dio. Egun, Kurdu Asanblada Gorena da eskualdeko aginte organo nagusia.

“Ez dugu etsiko”

Eguneko lanaldia bukatu eta kazetariak terrazan bildu dira. Begi gorrituek ere atsedena hartu dute, hiriko gauaren iluntasunari so. Proiektua gidatzen, 33 urteko Massoud Hamid dugu. Arratseko azken tea hartzeko garaiz iritsi da. 2004an, Damaskoko Unibertsitatean azterketa egiten ari zela, siriar poliziak atxilotu eta Estatuaren kontrako krimena egotzi zioten, interneten manifestaldi baten argazkia argitaratzeagatik. Hiru urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Mugarik Gabeko Erreportariak elkarteak egoera salatu eta saria eman zion 2005ean, oraindik kartzelan zegoela. Frantzian babestu ostean, Hamid 2011n itzuli zen Siriara, iraultzaren momenturik gorienean. Ordutik kementsu ari da, Parisen doktoretza ikasketak eta Nu Demeko lana aurrera eraman nahian. “Badira Sirian kurduerazko beste argitalpen batzuk ere, baina normalean fotokopia bilduma hutsak dira”.

Inprimategirik gertukoena Iraken dago eta Hamidek 3.000 aleko argitaraldia ekarri berri du Dohuketik, Irakeko Kurdistandik. “Hilean bitan muga zeharkatu beharrak gastu eta nekeak ekartzen ditu”, kexu da. Bestalde, proiektuaren kostua handia dela dio: alea 50 siriar libratan (30 zentimo) saltzen da baina hura inprimatzeak 65 balio du. Hala ere, argi dauka Hamidek: “Ez dugu etsiko. Siriako kurduek merezi dute benetako egunkaria, munduko beste edozein irakurlek merezi duen lez”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude