argia.eus
INPRIMATU
Lincolnek ez zuen elefanterik nahi

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko abenduaren 26a
Gettysburgeko gudua, Nathaniel Currier eta James Merritt Ives (c.1863). Abraham Lincolnek Siameko erregearen eskaintza onartu izan balu, AEBetako Gerra Zibilaren ikonografiak elementu exotikoagoak izango
zituzkeen.
Gettysburgeko gudua, Nathaniel Currier eta James Merritt Ives (c.1863). Abraham Lincolnek Siameko erregearen eskaintza onartu izan balu, AEBetako Gerra Zibilaren ikonografiak elementu exotikoagoak izango zituzkeen.AEBetako Kongresuko Liburutegia

Siam, 1862. Amerikako Gerra Zibil edo Sezesio Gerraren oihartzuna munduko bazter guztietara zabaldu zen, baita Asiako hego-ekialdeko erresumara ere. Siameko Rama IV.a erregeak gatazkaren berri jaso zuenean, Iparraldekoen aldeko jarrera hartu zuen, unionisten aldekoa, alegia. AEBetako presidenteari gutun bat bidali zion, hainbat oparirekin batera, eta elefante sorta bat eskainiz. Borrokan nahiz atzeragoardian materiala garraiatzeko oso eraginkorrak zirela azaldu zion monarka asiarrak..

Historia militarreko elefante ezagunenak erromatarrak mendean hartzeko Hanibal Barkaren gidaritzapean Alpeak zeharkatu zituztenak izan arren, kartagotarrak ez ziren izan pakidermoak erabili zituzten bakarrak. Epiroko errege Pirrok ere bazituen elefanteak bere armadan, eta erromatarrek lezioa ikasi eta gudu-zelaira eraman zituzten hainbatetan. Hornigaiak garraiatzeaz gain, zalditeriaren eta infanteriaren antolaketa desegiten zuten, kanpaina-gotorlekuak suntsitzen, hesi sendoak osatzen... Antzinaroko ibilgailu korazatuak ziren nolabait.
Rama IV.ak ez zekien, itxuraz, AEBetan presidente berria zutela 1861eko martxotik, eta gutuna James Buchanan presidente ohiari bidali zion. Baina erantzuna Abraham Lincolnek berak idatzi zuen:

“Biziki estimatzen ditut Berorren Handientzaren manera onak gure lurrean haziko liratekeen elefante sorta bidaltzea eskaintzerakoan. Gobernu honek eskaintza eskuzabala onartuko luke, Estatu Batuetako egungo baldintzetan erabilgarritasun praktikorik izango balu. Alabaina, gure jurisdikzio politikoa ez da elefanteak ugaltzeko latitude egokietara iristen, eta lehorrean nahiz uretan lurruna izan da gure garraio eragile eraginkorrena”.

Siameko elefanteek ez zuketen ziurrenik gatazkaren bilakaera aldatuko. Korazatu bizidunen laguntzarik gabe ere, unionistek konfederatuak mendean hartuko zituzten. Baina ezin da ukatu elefanteek ukitu berezia emango lieketela Sezesio Gerrari buruzko koadro eta filmei.