“Muino gaztea”,
6.000 metrotik gorako gailurra

  • Sarriegi ametsak desegiten zitzaizkigun. Baina oraingoan, adorez bete eta etxe inguruko mendi magaletan gora eraikitako ilusioak, benetan irudikatu genituenak bezain ederrak ziren jakiteko aukera emango genion geure buruari. Andeak ezagutzea zen gure desira, argazki, irudi eta literaturatik harago, bertatik bertara geure begiz ikustea mendi horien handitasuna.

(Argazkia: Egoitz Arruti Uria / Jon Busto Itxaso)
(Argazkia: Egoitz Arruti Uria / Jon Busto Itxaso)

Altuera bera zailtasun itzela denez, teknikoki ongi moldatzeko moduko mendia aukeratu nahi izan genuen 6.000 metrotik gorako aurreneko esperientzian. Lehenbiziko lana altuerara egokitzea genuen beraz, eta horretarako zeharkaldi batzuk egitea gomendatu ziguten goi mendietan esperientzia duten lagunek. Zeharkaldiak ez ziren egokitzeko izango soilik, aldi berean Boliviako bazterrak, kultura eta pertsonak ezagutzeko gogoa ere bagenuen.

Aurreneko zeharkaldia Apolobanbatik egin genuen, Kallawaya izeneko sasi-medikuen lurraldetik. Hego Amerikan ibiliak dira urte askoan, beren sorginkeriez jendea sendatzen, boterea herentziaz jasotzen omen dute. Turista gutxi heltzen da hara, garraioak urri eta nahiko desatseginak baitira. Hamar ordu inguruko bidaia izan daiteke bertara La Pazetik iritsi artekoa, jende gehiegiz beteriko autobus zaharretan, bide estu eta amildegi bazterretatik gertuegi pasatuz, errekak zeharkatuz eta, tarteka, militarren kontrola igaroz.

Condoriri

Bertakoen adeitasunak bultzatuta bigarren zeharkaldi bat egitea otu zitzaigun. Jendeak behin eta berriz hitz egiten zigun Condoririko inguruaz, eta behin han ginela ez genuen ezagutzeko aukera galdu nahi izan. Oinarrizko kanpamendu batean egin genituen egun batzuk, laku baten ondoan. Inguru horretan tontor asko dago, eta jende ugari gerturatzen da aklimatazio lana egitera edota gailur bateranzko azken txangoa abiatzera.
Ingurune zoragarria da edozertarako ere, mendi handien itzalean, llama taldeak alde batetik bestera belar bila eta bertako gidarien astoak honezkero buruz dakiten bidean gora eta behera egunero. Han, aurreneko aldiz, begiak gure helburu nagusian jarri genituen: Huayna Potosi. Aymarazkoa da izena, “muino gaztea” esan nahi du. 6.088 metroko garaieratik, tontorrera igotzeko esaten ari zitzaigun.

Huayna Potosirantz

Iritsi zen eguna, gai izango ote ginen jakitekoa, oztopoak gainditzekoa, harri pilo haren gainera igotzekoa. Beste askotan bezala, ez genekien azaltzen zergatik dugun gogoa han gora igotzeko, arrisku horiek hartzeko. Numero hutsak baino gehiago ziren, ez zen altuera jakin bat gainditzea bakarrik. Aurrean genuen mendi hura, zentzu askotan, inoiz inon igotzen saiatu ginen handiena zen, eta horrek kezkatzen gintuen eta aldi berean tentatzen ere bai.
Gidari bat, sukaldari bat eta gu biok geunden han, beheko aterpean, motxilak prestaturik goraka abiatzeko nagiz. Espero gabe, behin eta berriz esaten ziguten arren neguan ez zuela euririk edo elurrik egiten, mara-mara ari zen. Eguraldiak aldatzeko itxurarik ez zuenez, pauso motelez ekin genion aurreneko maldak igotzeari, txapelak zuriturik eta nahikoa bustirik. Mendira igotzeko baimena ematen zuten lekura iritsi ginen. Emakume bat zegoen estalpe batean, garai batean txabola izaniko harri pila besterik ez. Koaderno batean gure izenak idatzi genituen, eta hamar boliviano ordaindu ere bai.

Altueraren ordaina

Aurreneko egunean Campo Base izeneko aterpera iritsi ginen. Jendez lepo zegoen: italiarrak, suitzarrak, kanadarrak, argentinarrak... Altueraren eragina noraino iritsi zitekeen han hasi ginen ikusten. 5.100 metro inguruko garaieran geunden, eta batzuk oso gaizki pasatzen ari ziren: goserik ez zuten, bai ordea buruko mina, denbora guztia etzanda ematen zuten. Halako batean Benegas anaiak agertu ziren, mendiko gidari ezaguna, Himalayan lorpen handiak lortuak. Bezero bat zekarten hiru lagunen artean oraturik, edema bat sortu zitzaion eta akiturik zegoen. Ondoezak jo zuen gizona tontorretik nahikoa hurbil, eta gainera ekaitzak harrapatu zituen, tximistak oso gertu ikusi zituztela kontatu ziguten, eta beldur handia pasa zutela. Haiekin Nepaleko gidari bat ere bazen; zioenez, tximistak inoiz hain gertu ikusi gabea zegoen, beldur itzela pasatu omen zuten.

Ekaitzak ez zuen gelditzeko asmorik, afaldu eta nahiko etsita sartu ginen gure zakuetan, bat-batean gure gidaria igo zen lo egin nahian geunden tokira. Han geunden 30 bat pertsona begiak ezin itxirik, urduritasunak jota, baina gidaren hitzek pixka bat lasaitu gintuen, ekaitza pasatua zen eta jada ez zuen elurrik ari.

Goizeko ordu batak inguruan aurreneko mendizaleak hasi ziren beren zakuetatik atera eta mendirako trasteak atontzen. Gu beranduago ateratzekotan ginen, ongi ikusten genuen geure burua, eta egunsentirako heldu nahi genuen gailurrera. Bakarrik geratu ginen aterpean, denak gorantz atereak ziren altxatu ginenerako. Gosaldu eta arropak eta botak jantzi, eta arropa gehiago eta kranpoiak, pioletak eskuan, elkarri sokaz lotuak hirurok. Izugarrizko hotza egiten zuen, –15º-tan egongo zen termometroa halakorik egon balitz. Aurreneko pausoetatik arnas hotsa besterik ez nuen entzuten, buruko linternaren argiak sokari jarraitzeko lain argitzen zuen, eta arnasak erritmoa markatzen zigun.

Berehala hasi ginen jendea aurreratzen; batzuk jada etsita zeuden, buelta hartzea erabakita. Ia gelditu gabe, pauso lasaiz, arnasak agintzen zuena eginez gindoazen aurrera. Bat-batean ohartu ginen gure aurretik ez zela ipurtargirik ikusten, atzetik bai, kate luze baten modura, atzera begiratzen genuenean argi txikiek lerro luze bat marrazten zuten gauaren ilunean. Bidea irekiz gindoazen.

Lasai, zentzuz, beldurrez

Zatirik zailenetan geratu, arnasari buelta eman, lasaitu eta zentzuz aurre egiten genien oztopoei. Baita beldurrez ere, zergatik ez esan. Atzetik zetozenek guk baino errazago izango zuten bidea, gure lanari esker, baina ez zitzaigun axola, gure bidea egiten ari ginen, ez beste inorena. Ordu batzuk igarota nekea sumatzen hasi ginen, gero eta gehiago kostatzen zitzaigun aurrera egitea eta tarteka arnasari buelta ematen geratu behar izaten genuen. La Pazeko argiak ikusten genituen urrunean, inoiz baina baketsuagoa zirudien hiriak han goitik. Pixkanaka, eguzkiaren lehen izpiak lurrazalaren urrunetik ate joka bezala sumatzen ziren.

Kolore festa

Eguneko ordurik hotzenak eta politenak tontorretik pauso gutxira harrapatu gintuen, egunsentia, itzelezko edertasun horren aurrean geldirik geratu eta, gorriak, laranjak, beltzak, zuriak... kolore dantza itzela zen. Eguzkiak argitzen zuen heinean, ikusten genuena izugarria zen. Amazonas ingurua lainoz estalitako itsasoa zen. Bazirudien Titicaca lakuaren inguruko lursail gorriak ez zirela inoiz berdetuko, ura hain gertu izan arren. Andeetako leihoa ireki zitzaigun, eta emozioek sentipen asko ekarri zizkiguten, pauso gutxira helmuga zegoen. Gailurrean ginen, pozak txoratzen, geure barnean sentitzen genuena ezin azaldurik. Malko bat isuri zitzaidan, eta izozturik geratu zen masailean.

Kostata, beherako bideari ekin genion, gorakoan ikusi ez genituen pitzaduren artetik, uneaz gozatuz, irribarre lelo batekin aurpegia apainduz eta izugarrizko bizipozarekin. Sentimendu hori da, agian, tontorrak igotzera eramaten gaituena: bizitza bizitzeko gogoa.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude