argia.eus
INPRIMATU
Euskal Erdia

Edu Zelaieta Anta 2013ko abenduaren 27a
Ikasgela bat. (Arg: arainfo.org)
Ikasgela bat. (Arg: arainfo.org)

Gero eta hurbilago dugu euskaldunon kontakizun adostua. Hala berretsi didate unibertsitatean ari diren lehen mailako ikasleek. Izan ere, ikasgelan gertatzen denaren inguruko ikuspegi bertsua dutela adierazi dute, eta jakina denez, ikasgela beti da jendartean dagoenaren ispilu, Haur Hezkuntzatik hasi eta unibertsitatean buka.

Diferentziatik mintzo dira geroko irakasle izanen diren ikasleok, elkarren arteko ezberdintasun kontzientetik. Guztiek aukeratu dute irakasle ikasketak euskaraz egitea, nahiz eta gero taldearen barnean bi talde suertatu, euren artean harremanak izateko hizkuntza dela eta: batzuek euskaraz zirikatzen dute elkar; bestetzuek, berriz, gaztelaniaz. Banioen arestian: ikasgela beti da gizartearen isla. EHU ez da salbuespena, ez eta hezitzaile izateko titulazioak ere.

Batzuek eta bestetzuek kontatutakoaren arabera, apenas duten erlaziorik. Urtarrila hemen da eta beste blokeko (sic) jendearen izenak arrotzak zaizkie oraindik. Izenak eta, areago, izanak. Apenas dagoen zubirik elkarbizitzan.

Euskal Erdia osatzen dugula adostu dugu denon artean. Aho batez, kasik.