argia.eus
INPRIMATU
Blogetan! lehiaketa
Euskal blogari onenen bila
  • Azkue Fundazioak antolatu du Blogetan! Euskal blogariak lehian egitasmoaeta Argia du laguntzaile. Martxoaren 6an, bost sari banatuko dira euskarazko blogik onenen artean. Urtarrilaren 26a arte dago aurkezteko aukera.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko abenduaren 26a

Azkue Fundazioaren eta Argiaren helburua lehiaketa honen bidez sarean euskarazko edukiak areagotzea da. Bestalde, dagoeneko jo eta su blogetan dabiltzanei eta hasiberriei kuraia eman nahi diete. Gorka Bereziartua Argiako kazetariak egitasmoaren aurkezpenean esan zuenez, “bestelako dimentsioa eman nahi zaio bakoitzak bere blogarekin euskarari egiten dion ekarpenari, eta gainera, oraindik bloga idaztera animatu ez diren euskaldunentzat akuilu izango da”.

Bost sari banatuko dituzte. Lehenengoan kulturari lotutako blogik onena sarituko dute: zinemaz, literaturaz, modaz, sukaldaritzaz, enologiaz, musikaz... idatzitakoak. Bigarrenean gizarte eta politika arlokoek izango dute tokia: kazetaritza, historia, humanitateak, ekonomia, hezkuntza, zuzenbidea. Hirugarren sariak aisialdiko gaiak izango ditu kontuan: kirola, bidaiak... Laugarrenean berriz, zientzia eta teknologia: osasuna, informatika, arkitektura, natura... Bosgarren saria berezia izango da, 2013an sortutako euskarazko blog onenarentzat izango da.

Bost saridunek Bernat Vidal artistak Azkue Fundazioarentzat bereziki diseinatutako garaikur artelana jasoko dute, eta gaikako saridunek 200 euroko diru txekea eskuratuko dute Fnac dendan gastatzeko. Bosgarren saria, euskal blogari berriarena, Argiak emango du eta saridunak sari bikoitza jasoko du: batetik, Argia aldizkarirako urtebeteko harpidetza eskuratuko du, eta bestetik, Argiako hainbat esparrutan kolaboratzeko aukera izango du, hala nola, paperean, interneten eta multimedia alorrean.

Nola bozkatu

Gustukoen duzun bloga bozkatzeko bi modu egongo dira: batetik, www.blogetan.com webgunean erregistratuta egunero blog baten aldeko botoa eman ahalko da. Bestetik, twitter sare sozialean #blogetan etiketa erabilita eta jarraian bozkatu nahi duzun blogaren URL helbidea idatzita, botoak kontatuko dira. Twitterrez, webgunean bezala, egunean blog bati eman ahalko zaio bozka. Publikoaren bozkek %50 balioko dute eta adituek osatutako epaimahaiarenek beste erdia. Azken fasean, hiru finalisten artean epaimahaiak aukeratuko ditu bost irabazleak.

Sari banaketa eta jardunaldiak

Sari banaketa martxoaren 6an izango da, blogei buruzko jardunaldietan, Bilbon, Euskararen Etxean. Jardunaldi horietan blogak komunikazio teoriko-praktiko batetik landuko dituzte, ondoren modu ez-profesionalean diharduten blogariak haien bizipenetatik abiatuta arituko dira, eta bukatzeko euskal blogarien artean erreferentzialak direnekin mahai-ingurua egingo da.

Lehiaketako irabazleek jardunaldien bukaeran jasoko dituzte garaikurrak.

www.blogetan.com

Lehiaketan parte hartzeko edo lehiakideak bozkatzeko www.blogetan.com webgunean sartu. Urtarrilaren 26ra arteko epea dago lehiaketan parte hartzeko eta urtarrilaren 27tik otsailaren 16ra bitartean bozkatzeko aukera izango da.