Carnegie Mellon unibertsitate estatubatuarreko eta Disney Research-eko ikerlariek bideojokoetako tresna gidatzaileen erantzun denbora 2,5 milisegundokoa izatea lortu dute.
Nintendoren Wiimote-ak 50 eta 80 milisegundo arteko erantzun denbora du, Microsoften Kinect-ek 60koa. Arestian aipatu ikerlariek Lumitrack izeneko sistema garatu eta, esan bezala, erantzun denbora 30 aldiz murriztea lortu dute. Horri esker, keinu bidezko jokoetan aro berria hasiko dela uste dute.
Lumitrack sistema jokalariaren gorputzean proiektatzen den barra kodean oinarritzen da mugimenduak detektatzeko. Barra kodeen sistema 1.576 zatitan banatzen da, eta horietako bakoitzak 25 barra ditu. Horien aldaketa da ordenagailuak hain azkar detektatzen duena. Barra kodeen proiekzioa bi dimentsiotan gertatzen da, baina barrak dauden lekutik hargailuetarainoko distantziaren aldaketa denbora errealean egiten denez, sistemak hiru dimentsiotan funtzionatzen du.