argia.eus
INPRIMATU
Arrastoak
Erromatar senatua esklaboen eskubideen alde?

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko abenduaren 18a

Senekak K.o. 55. urte inguruan De Clementia lanean jaso zuenez, behin, Erromako senatuan, esklaboen janzkerari buruzko eztabaida izan zen. Senatari batek proposatu zuen esklaboek jantzi bereziak eramatea, begi hutsez herritar askeengandik bereizi ahal izateko.

Gainerako senatariek proposamena baztertzea erabaki zuten, baina ez neurria diskriminatzailea iruditu zitzaielako. Senekaren hitzetan, “berehala garbi ikusi zen esklaboak zenbat ginen zenbatzen hasteak ekarriko zukeen arriskua”.

Hau da, batzuk eta besteak itxuragatik erraz bereizi bazitezkeen, esklaboak berehala konturatuko ziren libreak baino askoz gehiago zirela, eta, beraz, matxinatzeko arriskua –eta erreboltak arrakasta izatekoa– areagotuko zatekeen.