Harriak hitz egiten hasiko balira moduan...

  • Urtegia eraiki aurretik zer zegoen Uribarri-Ganboan? Zelakoak ziren duela 800 urte Zuiako Kuadrillako jauregi eta gazteluak? Eskualdeko historiara bisita gidatuen bidez hurreratzeko aukera dago Zuiako Kuadrillan. Zazpi ibilbide, zazpiak historia eta kondairaz beteak.

Artaldetxoa Aramaion.
Artaldetxoa Aramaion.Zuiako Kuadrillak utzia

Gorbeia mendiaren bi aldeetan badago non ibili eta zer ikusi. Iparraldean, Bizkaiko Arratia eta Nerbioi inguruetan, eta hegoaldean, Arabako Zuiako Kuadrillan, hamaika bisita gidatu prestatu dituzte, inguruko txokoak bisitatzerakoan euren gaineko historia apur bat gehiago ezagutzeko. Zuiako Kuadrillan geratuko gara gaurkoan. Urteko edozein garaitan egin daitezke bisitak, eta aukera benetan zabala da.

Herri bat bisitatzerakoan, edo zergatik ez, gure herrian bertan, badaude hainbat txoko berezi, leku horien historia imajinarazten digutenak. Uribarri-Ganboako urtegia horietako bat da. Ur hori guztia hara eroan aurretik, zelakoak izango ziren bertako parajeak? 1960ko hamarkadan eraiki zuten urtegia, eta udalerriko herri batzuk, baserriak eta lur-eremu handiak ur azpian gelditu ziren. Eraikuntza horren historia kontatzen dute Zuiako bisitaldi gidatuetako batean. Langara-Ganboa herrira ere joaten dira bisitan, eta urtegia sortu aurretik herria eta ingurua zelakoak ziren azaltzen dute.

Beste bisita bat gaztelu eta dorretxeetako historian oinarrituta dago. Gopegi herrian hasten da, Goikoleako dorre-jauregian, eta Manurga eta Letona herriak ere bisitatzen ditu. Zutunik dauden jauregiak, desagertutako hainbat dorretxeren kondairak... Duela 800 urte baino gehiago bertan bizitakoa irudikatzeko moduko ibilaldia da. Nafarroako Erresuma defendatzen zuen Zaitegiko gazteluraino paseoa eginez amaitzen da bisita.

Ahoz ahoko kondaira eta fabula ugari kontatzen dira bisita gidatuetan. Izan ere, badago mitologia ardatz duen txango bat: Murgian, herriko kale eta txokoetan barrena, inguru horiek betidanik izan dituzten elezaharrak kontatzen dituzte.

Herriguneetan barrena

Legution eta Ibarran ere bisitaldi gidatuak egin daitezke. Modu ederra iraganera jauzi egiteko. Legutioko herrigunea, esaterako, ia guztiz hondatu zuten 36ko Gerran, baina oraindik zutik daude herriko antzinako harresiaren zati batzuk. Eraiki zituztenetik hona gertatutako hainbat historia izango ditu entzungai hara hurreratzen denak.

Legutiotik Aramaioko Ibarrara joango gara. Kondairaz betetako hirigunea da Ibarra. Diotenez, inguruko mendi eta basoen edertasuna ikusita, Alfontso XIII.a Espainiako erregeak “arabar Suitza” deitu zion Aramaiori. Udalaitz eta Anboto mendien hegoaldean, Anbotoko Mari edo Barajuengo Jauna protagonista dituen kondaira ugaritan murgildu gaitezke, eta ondoren bertako gaztandegi batera egingo dugu ibilaldia, artzainen bizimodua eta ohiturak ezagutzeko.

Oroko santutegia eta beste hainbat altxor

Zuiako leku ezagunenetako bat Oroko santutegia da. Haitz baten gainean eraikitakoa, Erdi Arotik bizi izan da jendea han. Zuiako haranaren ikuspegi zabala eskaintzen du guneak, eta bisita gidatu baten abiapuntua ere bada: santutegiaren nondik norakoak ezagutu eta gero, Erdi Aroko eliza erromaniko ederra duen Beluntza herrira bajatuko gara, eta handik Goiurira eta bertako ur-jauzia ikustera joango gara. Goiuri herria amildegi baten ertzean dago ia, eta alboan dauka ehun metroko ur-jauzia, sasoi honetako euriarekin emari bizia edukitzen duena. Goiuri bisitatu eta gero, garagardoa artisau erara zelan egiten duten ikusteko aukera egoten da bisitaldi honetan, Baias garagardotegian.

Antzinako ofizioak

Zuiako basoetako erreken indarra hainbat ofiziotarako aprobetxatu izan da, eta horiek ezagutzeko aukera ematen du bisita batek. Sarrian aukera dago errota zahar bat lanean ikusteko. Karobi zahar bat ere ikusten da, eta Zuian urte askoko tradizioa daukan erlezaintzari buruzko azalpenekin amaitzen da bisita, Murgiako Eztiaren Museoan.

Murgia, Legutio, Ibarra... herrigune handiagoez gain herri txiki askok osotzen dute Zuiako kuadrilla. Ibilbide gidatu batek, berbarako, Zigoitiara eta bertako Erdi Aroko elizetara garamatza. XII. eta XIII. mendeetan bizigune txikiek parrokia-tenpluak eraikitzeko adina aberastasun lortu zuten, eta horren lekuko, Zigoitian ikus daitezkeenak.

Gorbeialde osoan

Gorbeiaren beste aldean ere hainbat bisita antolatu dituzte, esan bezala (informazio zabala aurkituko duzu www.gorbeiaeuskadi.com webgunean). Lau dira guztira: Arratia bailarako Arteaga, Areatza eta Zeanuri ezagutzeko aukera dago, baita Otxandio inguruak ere. Gutxienez lau laguneko taldea eskatzen dute, eta bi eta bost euro artean ordaindu behar da; prezio merkea, historia pasatzen ikusi duten harriak hizketan entzuteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Araba
2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


Larunbatean manifestazioa egingo dute Altsasun: "Trena benetako garraiobide bihurtu dadin"

AHTren kontrako eta trenaren aldeko eragileek deituta, manifestazioa egingo dute Altsasun apirilaren 20an, larunbatarekin, tren-azpiegiturak berritu eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko. Alternatiba bat badagoela gogorarazi dute deitzaileek eta azterketa hori aurrera... [+]


2024-04-17 | Garabide
Manuel Lekuona saria jaso du Iñaki Martinez de Lunak

Euskal komunitateari egindako ekarpena aitortzen dion saria jaso du Garabideren lehendakari den soziolinguista arabarrak.


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


Eguneraketa berriak daude